ITP Aero Castingeko 87 kaleratzeak baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Abenduko lan erregulazioa indargabetu, eta kaleratuak berriz hartzera behartu du enpresa. Zuzendaritza ez dago ados, eta helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean

ITP Aero Castingeko langileek epaitegiaren aurrean egin zuen protesta, iragan asteko asteartean. Tubacex eta Aernnovakoak ere bildu zitzaizkien. A. L. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
ITP Aero Castingek —lehen, Precision Casting Bilbao— berriz hartu beharko ditu abenduko enplegu erregulazioan kaleraturiko 87 langileak. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du enpresaren erabakia, eta neurrian atzera egiteko obligazioa du. Epaileen arabera, enpresaren argudio ekonomiko eta produktiboek harreman zuzena dute COVID-19arekin, eta gogoratu dute ezin dela kaleratzerik egin pandemiak eragindako arrazoiengatik. Hiru epaileetako batek, baina, boz partikularra eman du. Haren ustez, kaleratze bidegabeak behar lukete. Horrek hauspotu egiten du enpresak helegitea jartzeko duen eskubidea.

ITP Aero Castingeko erregulazioaren hurrengo partida Espainiako Auzitegi Gorenean jokatuko da, enpresak helegitea jarriko duela jakinarazi baitu. Bitartean, erregulazioko 87 langileak eta diziplina arrazoiengatik behin-behinean kaleraturik zeuden beste hiru Sestaoko eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetara itzuliko dira aurki. Horrez gain, urtarrilaren 7az geroztik, hots, neurria indarrean sartu zenetik kobratu gabe dituzten soldatak jasoko dituzte.

Apirilaren 27an eginiko epaiketan, langile batzordeko sindikatuetako (CCOO, LAB, UGT eta LAB) abokatuek hiru salaketa egin zituzten erregulazioa indargabetu zedila eskatzeko: fede txarra negoziazioan; kaleratuen aukeraketa ez zela objektiboa, hau da, enpresak irizpide propioen arabera erabaki zuela nor kaleratu eta nor ez; eta, azkenik, koronabirusak zuzenean eragindako arrazoiengatik kaleratzeko debekua. Lehen bi salaketen zantzurik ez dute ikusi epaileek; hirugarrenean, aldiz, arrazoia eman diete.

Ezusteko ebazpena izan da, iragan astean sala berak ontzat eman baitzuen Aernnova Aeroestructuras Alavako erregulazioa, eta hura ere aeronautika sektoreko enpresa da. Bi auzi, baina, inoiz ez dira berdinak, denek dituzte ñabardura propioak, eta kasu honetan, epaileen iritziz, ITP Aero Castingek erregulazioa egiteko arrazoien oinarria «ez da ekonomiko-produktibo estrukturala», pandemiak eragindako behin-behineko egoerarena baizik. Aernnovaren ebazpenean, aldiz, epaileek argi zioten aeronautikaren krisia estrukturala dela. Ez da ñabardura txikia, hori baita, azken finean, sektoreak duen eztabaida, eta ebazpenak baldintzatzera irits daiteke.

Epaileek puntu horren azalpen luze zabala ematen dute ebazpenean. Diotenez, egia da iazko azaroaren aurreko hiru hiruhilekoetan ITP Aerok ekoizpen jaitsiera izan zuela, baina hiru horietako azken biak ezin dira kontuan hartu, «pandemiarekin eta hark eragindako egoerarekin bat egiten dutelako», eta 2020ko lehen hiruhilekoa aurrekoak baino hobea izan zen. Horiek hala, zaila iruditzen zaie onartzea zenbaki gorriko hiru hiruhileko egon zirela jarraian, eta, ondorioz, «harturiko neurriak neurrigabeak» direla, eta ez dela onargarria «lantaldearen bosten bat kaleratzea salmenta datu horiekin».

Testuinguru horretan gogoratu dute Espainiako Gobernuaren iazko irailaren 29ko lege dekretuak mugatu egiten duela enpresek COVID-19arengatik kontratuak eteteko dituzten aukerak, eta, epaileen iritziz, enpresak ez du eman «pandemiarekin harremanik ez duen arrazoirik». Maite Alejandro epailea, baina, ez da iritzi berekoa, eta harena da boz partikularra. Haren ustez, kaleratze bidegabea ebatzi beharko litzateke. Izan ere, erregulazioa egiteko arrazoi ekonomiko nahikoa ez egon arren, COVID-19arengatik kaleratzeko debekua «ezin da modu orokorrean erabili», batez ere enpresaren iraupena jokoan egon badaiteke.

Sindikatuak, pozik

Sindikatuek ontzat jo dute ebazpena. CCOOk, esaterako, batzordean gehiengoa duen sindikatuak, «langileen konpromisoa eta borrokarako grina» goratu du. LABek, berriz, Jaurlaritzari eskatu dio ITPri exiji diezaiola helegiterik ez jartzeko, eta erakundeak gatazkan izandako jarrera kritikatu du: «Zera besterik ez du egin: Ertzaintza bidali langileak egurtzera eta guztiz zilegi zen lan borroka bat kriminalizatzera». ELAk langileen borroka txalotu du, eta eginiko greba mugagabea goratu —hilabete iraun zuen grebak—. UGTren iritziz, azkenik, «justizia egin da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.