Madrilek bost urtean %15 murriztu nahi du argindarraren faktura

Energia konpainiek Espainiako Gobernuari eman beharko diote nuklearren eta berriztagarri batzuen irabazien parte bat. Berriztagarrien sariak ordaintzeko zatia ere apalduko zaie kontsumitzaileei

Tarragonako Asco herrian dagoen zentral nuklearreko hozte dorrea, Ebro ibaiaren ertzean. JAUME SELLART / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak bi lege egitasmo aurkeztu ditu argindarraren faktura merkatzea eta gobernuaren diru sarrerak handitzea helburu dutenak. Biekin, prezioa %15 murriztea aurreikusten du, eta urtero 1.000 milioi euro biltzea. Egitasmo horietako batek lotura du konpainia elektrikoen «zerutik eroritako mozkinekin» edo windfall profit deiturikoekin. Hala esaten zaio instalazio nuklearren, zentral hidraulikoen edota energia berriztagarrien bidez sortzen duten elektrizitateagatik konpainiek lortzen duten gehiegizko ordainsariari. Gobernuak nahi du enpresek berari ematea mozkinaren parte bat, CO2 isuriengatik bezeroei kobratzen dietena. Haren kalkuluen arabera, urtero 1.000 milioi euro bildu ditzake horrela.

Trantsizio Energetikorako Ministerioak aurreikusi duenez, jasotako diruaren %90 berriztagarrien erregimena finantzatzeko erabiliko luke, eta %10, gizarte-bazterketa arriskuan dauden kontsumitzaileentzako bonu sozialetarako. Haren kalkuluen arabera, argindarraren fakturak %5 inguru murriztuko lirateke kontsumitzaile arruntentzat, eta %1,4 enpresentzat.

Gainera, diru horrekin gobernuak Sistema Elektrikoaren Iraunkortasunerako Funts Nazionalaren zati bat ere estaliko luke. Funts hori sortzeko lege proiektua onartu zuten atzoko Ministro Kontseiluan. Horrek ere eragina izango luke kontsumitzaile arruntengan, berriztagarrien sariak ordaintzeko fakturaren zatia murriztuko litzatekeelako (%10 inguru), petrolio konpainien eta erregai fosilak erabiltzen dituzten sektoreen kaltetan, haiek jarri beharko bailukete funtsaren zati nagusia.

Argindarraren faktura berria indarrean sartu den astean iragarri ditu bi erreformak Espainiako Gobernuak. Kontsumitzaileen elkarteek kritikatu egin dute neurria, bezero txikia gehiago kaltetzen duelako: salatu dute ekainean %8 eta %27 artean igo daitekeela argindarraren kostua haientzat.

«Zerutik eroritako» partea

Argindarraren merkatura hainbat iturritatik sartzen da energia. Garestiena ziklo konbinatuetan sortutakoa da, gasaren prezio gero eta garestiagoen eraginez eta CO2 emisio kostuen ondorioz, bereziki. Espainiako merkatua, Europakoa bezala, marjinalista da; hau da, argindarra sortzen duten teknologia guztiek eskari guztiari erantzuteko behar den eskaintzarik garestienaren prezio bera kobratzen dute, eta, ondorioz, nuklearrak, hidraulikoak eta berriztagarriak ere gainkostu hori dute, CO2a isuri ez arren. Halako instalazioak dituzten konpainiak dira horren onuradun nagusiak, energia hori ekoizteko kostu errealaren oso gainetik saltzen ari baitira argindarra. Horrek guztiak, finean, faktura garestitzea dakar.

Gobernuaren egitasmoaren bidez, karbono dibidendu horren zati bat murriztu nahi zaie 2005 baino lehenagoko instalazioak dituztenei, horiek eraikitzeko egin beharreko inbertsioak amortizatuta daudela ulertzen baita. Horrek esan nahi du nagusiki nuklearrei eta hidroelektrikoei eragingo diela, eta eoliko batzuei ere bai.

Erabakia ez da konpainien gustukoa. Neurriak era horretako energiei esposizio handiena duten konpainiei eragingo lieke. Endesa litzateke kaltetuena: 2020an %15 inguruko pisua izan zuten nuklearrak eta hidroelektrikoak haren irabazietan; Iberdrolarentzat, %8koa; Accionarentzat, %5ekoa; eta Naturgyrentzat, %4koa. Egitasmoa iragartzeak berekin ekarri du konpainia horiek burtsan erortzea.

Neurriak ez du ibilbide erraza izango, dena den. Gobernuak berretsi du aukeratu duen legezko formulak Europako zuzenbidea errespetatzen duela, eta 2006tik 2009ra «antzeko» neurri bat indarrean egon zela. Hala ere, ez du baztertzen energia konpainiek auzitara jotzea.

Gobernuaren egitasmoa, gainera, lege aurreproiektu bat da oraindik; beraz, tramitazio luzea izango du Gorteetan, eta gobernuak ez du gehiengo osorik han. PSOE eta Unidas Podemosen gobernu akordioan azaltzen zen puntuetako bat zen argindarraren merkatuko araudiaren puntu hori aldatzea, bereziki azken urteetan elektrizitatearen prezioak izan dituen gorabehera handiengatik.

Berriztagarrientzako funtsa

Neurri horrekin batera, Espainiako Gobernuak energia berriztagarrien primak ordaintzeko funts bat sortzeko lege egitasmoa aurkeztu du. Haren kalkuluen arabera, bi neurriokin %15 jaitsiko litzateke argindarraren faktura, baina bost urteko epean, funts berdea deritzonaren aplikazioa mailakatua izango baita. Gobernuak, bere garaian, berriztagarrien sariak ordaintzeko funtsa aurrekontu orokorren bidez finantzatzeko aukera aztertu zuen, horri lotutako zerga berriak ezarrita, baina baztertu egin zuen aukera hori.

Gaur egun, kontsumitzaileek (partikularrek eta enpresek) kargatzen dituzte berriztagarrien araubide espezifikoari (Recore) lotutako kostuak; funtsaren xedea da hori gehiagoren artean banatzea. Petrolio konpainiek nabarituko lukete gehienbat; lege proiektuaren arabera, 2025erako energia berriztagarrien primen %43,7 finantzatu beharko lukete haiek. Erregai fosilak erabiltzen dituzten industria handiek eta enpresek ere zati handiago bat hartu beharko lukete beren gain, baina araudiak salbuespenak eta konpentsazio batzuk jasotzen ditu sektore batzuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.