Palestinarren esku dauden milaka lur bereganatu nahi ditu JNFk

Juduen Funts Nazionalaren arabera, erregistratu gabeko 17.000 eremuren jabe da erakundea. Prozesuak aurrera eginez gero, milaka palestinar etxerik gabe utziko lituzkete

Xeik Jarrah auzoko bizilagun palestinarrak etxegabetzearen aurkako manifestazioa, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
JNF Juduen Funts Nazionalak asmoa adierazi du Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko milaka jabetzaren erregistroak berraztertzeko. Israeldarren esku utzi nahi ditu, eta milaka palestinarren etxegabetzeak izango lituzke ondoriotzat. Datozen bost urteetan bete nahi dute proiektua, eta 26 milioi euro jarriko dituzte horretarako. Xeik Jarrah auzoko bizilagunen kasua Israelgo Auzitegi Gorenean aztertzen ari diren bitartean iritsi da erabakia. Etxegabetzeak eteteko proposamen bat aurkeztu dute epaileek han, baina kolonoek ez dute onartu.

Israelen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren menpeko lurraldeetan dauden erregistratu gabeko 17.000 lursailen jabe dela argudiatu JNFk. Erakundearen erregistroetan soilik ageri diren ustezko kontratuak eta osatu ez ziren negoziazioen dokumentuak dira frogagiri bakarrak, Israelgo Gobernuak ere ez baitu horiek egiaztatzeko agiririk, Haaretz egunkariak argitaratu duenez.

Lursail horietatik 360 Zisjordanian leudeke —170en kontratuak dituzte, azaldu dutenez—, eta beste 2.050, Jerusalem ekialdean. Bi lurraldeetako jabetzen egoera ez da bera. Zisjordaniakoen kasuan, onibar gutxi batzuk ustez 1948 aurretik erositakoak lirateke, eremua Erresuma Batuaren esku zegoenean. Gainerakoak, berriz, 1967tik aurrera Himanuta erakundeak erositakoak —JNFren subsidiarioa da—. Israelgo Defentsa Ministerioak eskatuta bereganatu zituen hark, Haarentz-en arabera; eremuak okupatu zituzten kolonoei emateko. Jerusalem ekialdeko lurren kasuan, berriz, 1967tik Israelgo Gobernuak kudeatutakoak dira; denera, 250 hektarea inguru.

Horiek hala, JNFk «legez kanpoko okupatzailetzat» jo ditu lursail horietan bizi diren palestinarrak, eta gehitu du Israelgo Lurren Autoritatearen esku egongo dela haiek funtsak erregistratuko dituen eremuetatik kanporatzea.

Nazio Batuen Erakundearen Auzi Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoaren arabera, 2009tik, Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko 7.846 azpiegitura eraitsi ditu Israelek. Horrek 11.809 palestinar behartu ditu lekualdatzera; 869 lagun, urtea hasi zenetik. Horietako asko Xeik Jarrah auzoko bizilagunak izan dira. Izatez, hango hamahiru familiaren kasua Israelgo Auzitegi Gorenean dago orain.

Auzitegiak haiei «egoiliar babestu» izaera ematea proposatu zuen astelehenean. Trukean, haiek urteko ia 400 euroko alokairu bat ordaindu beharko liekete Nahalat Ximon kolono juduen enpresari. Ez da behin betiko erabakia, enpresa aurka agertu baita. Haiek familia palestinarrei exijitu diete eremuaren «jabego judua» onartzeko, baina bizilagunek ez dute onartu.

«Jendeak han bizitzen jarraitu behar du: hori da ideia. Lor dezagun akordio bat», adierazi zien bi aldeei Isaac Amit epaileak. Hark familia palestinarrei eskatu zien estatus berezia jaso dezaketen herritarren zerrenda entregatzeko, astebeteko epean. Azkenean, tratua egingo balute, bertan behera geratuko lirateke auzoan bizi diren palestinarren etxegabetzeak, eta haien seme-alaba eta bilobek ere han bizitzeko aukera izango lukete. Kontrara, epaiketak aurrera jarraitu eta palestinarren aurkako ebazpena iritsiko balitz, sendiek ez lukete helegiterik jartzeko aukerarik izango, eta desjabetu egingo lituzkete. Hori aurrekari bat izango litzateke egoera berean dauden beste bederatzi familiaren kasuetarako, baita etorkizunean iritsi litezkeenetarako ere.

Auzi luzea

Palestinarrak 1950eko hamarkadatik bizi dira auzoan, eta, hainbat dokumentu erabilita, epaiketan argudiatu dute Jordaniako Gobernuak eremuko jabetzak palestinarren esku uzteko tramiteak hasi zituela iraganean, baina Sei Eguneko Gerrak (1967) prozesua geldiarazi zuela. Kontrara, Israelgo lurren erregistroaren arabera, eremua judua da 1972tik. Hala argudiatu izan dute orain arte auzitegiek, 1980ko hamarkadan Auzitegi Gorenak emaniko ebazpenetan oinarrituta; haien arabera, palestinarrek onartu egin zuten juduen jabetza. Hori bakarrik ez, Nahalat Ximon enpresak gaineratu izan du 1948 aurretik familia juduak bizi zirela han.

Hala, palestinarrak auzotik kanporatzeko prozesua hasi zuten, auzitegien eta segurtasun indarren laguntzarekin. Aipatutako argudioak direla medio, orain arte palestinarrei ez zaie aukerarik eman helegiteak jartzeko, eta dozenaka familia kanporatu dituzte.

Israelgo Atzerri Ministerioak «higiezinen inguruko tirabira» gisa definitu zuen egoera udaberrian, baina hori baino gehiago da. Ehunka herritarrek utzi behar izan dute euren etxebizitza azken hilabeteetan. Izatez, hori izan zen maiatzeko gatazkaren arrazoietako bat. Milaka palestinar kalera atera ziren, eta Hamasek suziriak jaurti zituen Israelgo lurretarantz, protesta gisa. Haiei Gaza bonbardatuz erantzun zien Israelgo armadak. Erasoetan, 253 pertsona hil ziren eremu hartan; besteak beste, 67 haur.

Israel palestinarrak bizi diren lurrak bereganatzeko ematen ari den pausoen adibideetako bat da Xeik Jarrah auzokoa. Beste bat da Atarote kolono kanpalekua handitzeko plana. Israelgo hedabideek argitaratu dutenez, herrialdeko Eraikuntza eta Etxebizitza Ministerioak ehunka etxebizitza, industrialde bat eta merkataritza zentro bat eraiki nahi ditu han.

Walla hedabidearen arabera, Israelgo lehen ministro Naftali Bennett prest dago plana Etxe Zurian aurkezteko, AEBetako presidente Joe Bidenen oniritzia jasotzeko. Besteak beste, AEBak, Europako Batasuna eta NBE Nazio Batuen Erakundea kolono kanpaleku berrien eraikuntzaren aurka agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.