Bielorrusia. Hauteskundeetatik urtebetera

AEBek eta Erresuma Batuak Minsken aurkako zigorrak iragarri dituzte

Lukaxenkok adierazi du urte «zaila» izan dela azkena, nazioartearen presioa dela eta. Borrellek «elkarrizketa nazional inklusibo bat» exijitu du. Bielorrusiako Gobernuak Konstituzioa aldatuko du

Ukrainan bizi diren bielorrusiarrek eginiko manifestazioa, herenegun, Kieven. STR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Iazko abuztuaren 9an, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak botoen %80 eskuratu zituen, eta beste bost urterako bermatu zuen 1994tik berea duen agintea. Oposizioak, ordea, iruzurra salatu zuen, eta protestetarako deia egin. Ordutik, nazioartearen begiradapean dago Minsk; are gehiago azken astean, Xixov oposizioko kidearen heriotza dela eta. AEBek, Erresuma Batuak eta Kanadak gobernuaren aurkako zigorrak iragarri dituzte, eta EB Europako Batasuna egungo neurriak gogortzea aztertzen ari da. Hala, Lukaxenko beraren esanetan, urte «zaila» izan da azkenekoa, eta «batasun nazionala» arriskuan jarri du.

«Bielorrusia nazioartearen arreta gune bilakatu da», azaldu du Lukaxenkok. Izan ere, Xixoven heriotzak eta Krystina Timanovskaia atletaren kasuak —Tokioko Olinpiar Jokoetatik Poloniara egin du ihes—, aurrez Roman Protasevitx kazetariaren atxiloketak egin bezala, Mendebaldeko gobernuen jomugan jarri dute Minsk. Xixov urkatuta aurkitu zuten aurreko astean Kieveko parke batean, eta Ukrainako Poliziak ez du baztertu hilketaren hipotesia. Halere, Lukaxenkok ukatu egin du oposizioko hainbat kidek adierazitakoa, hau da, Bielorrusiako segurtasun indarrek parte hartu izana. «Nor zen hura niretzat eta Bielorrusiarentzat? Sinpleki, inor ez», adierazi du.

Lukaxenko ez dago gustura, besteak beste, Europako Batasunak Minskekiko azaldu duen jarrerarekin, eta «herriaren borondatearen» aurkakotzat jo du. «Albiste faltsuen» eta «gezurren» biktima gisa aurkeztu du bere burua, eta Bruselari exijitu dio gobernuaren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera uzteko.

EBko diplomaziaburu Josep Borrellek, ordea, ez du halako erabakirik aurreikusten, eta esan du zigor gehiago jartzeko aukera mahai gainean dagoela: «EB neurri gehiago ezartzeko prest dago, nazioarteko konpromisoak hautsi izanaren ondorioz». Haren aburuz, adierazpen askatasunari eta giza eskubideen defentsari dagokionez, ez da aldaketarik gertatu herrialdean. Kontrara, gizarte zibilaren aurkako «errepresio eta larderia kanpaina bat» egiteaz akusatu du Minsk, eta «giza eskubideen errespetua» jo du zigorrak eteteko ezinbesteko baldintzatzat. Besteak beste, espetxeratutako oposizioko kideak eta manifestariak askatzeko exijitu du.

Borrellek gehitu du egungo egoerari konponbide bat emateko modu bakarra «elkarrizketa nazional inklusibo bat» dela, «serioa eta sinesgarria» izan behar dena eta helburutzat beste hauteskunde batzuk izango dituena. Izan ere, hark uste du iazko bozetan «iruzurra» egin zutela: «2020ko abuztuaren 9an, lider legitimo bat izendatzeko esperantzak zapuztu zizkioten Bielorrusiako herriari».

Bide beretik jo dute Washingtonek, Londresek eta Ottawak, eta, Minsken jarrera kritikatzearekin batera, zigorrak iragarri dituzte. Hala nola AEBek 50 goi karguren eta enpresaren aurkako neurriak ezarriko dituzte, eta Erresuma Batuak bere aireko espazioan sartzea galaraziko die Bielorrusiako hegazkin konpainiei. EBk gauza bera egin zuen maiatzean, Minskek hegazkin bat lur hartzera behartu ostean Protasevitx atxilotzeko.

Denek ere oposizioko kideen aurkako jazarpena leporatzen diote Lukaxenkori. Izan ere, bozetako ustezko iruzurra salatzeko eginiko manifestazioetan 36.000 lagun atxilotu zituzten, eta zazpi lagun hil ziren. Horrekin batera, arerio politikoen aurkako prozesu judizialak abiatu dituzte. Hala, Viasna erakundearen arabera, herrialdean 610 «preso politiko» daude oraintxe bertan.

Bestelakoa da, ordea, Lukaxenkoren bertsioa. Hark nabarmendu du ez duela inolako arau hausterik egin, eta «tentuz» aritzeko erantzun die Mendebaldeko estatuei. Besteak beste, azaldu du iazko protestei «tirorik gabe» aurre egiteko agindua eman zuela. Era berean, manifestazioen antolatzaileengan jarri du arreta, eta haien aurka abiatutako prozesu judizialak justifikatu ditu: «Batzuk hauteskunde justu batzuk prestatzen ari ginen, eta beste batzuk, estatu kolpe bat».

Segurtasuna lehentasun

Litekeena da martxan den legealdia Lukaxenkoren azkena izatea, presidenteak berak azaldu duenez: «Ez da espekulatu behar ea Lukaxenko noiz joango den. Laster izango da». Bien bitartean, Bielorrusiaren «segurtasuna» eta «integritatea» jo ditu presidenteak lehentasuntzat. Konstituzioaren erreforma izango da horretarako oinarrietako bat: «Askok aldaketak eskatu dituzte. Konstituzioaren zuzenketak dira aldaketa horietarako lehen pausoa».

Presidenteak onartu du egungo Konstituzioa «autoritarioa» dela, eta aldaketak iragarri ditu herrialdeko parlamentuari botere gehiago emateko. Bide horretan, Konstituzio Batzordeak bete du prozesuaren lehen fasea: proposamenak jasotzea. Behin egin beharreko aldaketak finkatuta, herritarrek erreferendum bidez eman beharko diote baiezkoa. Halere, ez du horretarako datarik ezarri.

Bruselaren kezka nagusietako bat ere izan du hizpide presidenteak: migrazioa. Lituaniako Gobernuak salatu du Minskek bi herrialdeen arteko muga ireki duela, Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik iritsitako migratzaileei Lituaniara eta, ondorioz, EBra sartzea errazteko; 3.000 baino gehiago atxilotu dituzte urtea hasi zenetik. Vilniusen esanetan, Batasunak ezarritako zigor ekonomikoei Minskek emaniko erantzuna da hura.

Lukaxenkok, berriz, Lituania akusatu du herrialde hartara iritsitako migratzaileak Bielorrusiara bueltatzeaz. Hala, orain prest agertu da konponbide bat emateko elkarrizketa mahaian esertzeko, baina «aurrez ezarritako baldintzarik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.