ELAk lan erreforma ez babesteko eskatu die EAJri eta EH Bilduri

Sindikatuak uste du dekretua bozkatu aurretik mobilizazio handiak antolatzeko tartea dagoela, eta ez du alboratu greba orokorra. Lakuntza: «Patronala pozik dago, erraz kaleratzen jarrai dezakeelako»

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Peio Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko arduraduna. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
ELAk mezu argia bidali die EAJri eta EH Bilduri: «Lan erreformaren aurka bozkatzeko eskatzen diegu. Hura indargabetzeko aukera bizirik mantendu behar dute». Sindikatu abertzaleak Espainiako Gobernuaren proposamenaren azterketa oso kritikoa egin du: argi du aurreko erreformak ez direla indargabetu, eta iritzi dio hau onartuko balitz haiek indargabetzeko aukera «lurperatuko» litzakeela. Horregatik, hura oztopatzeko azken ahaleginak merezi duela uste du, eta hurrengo asteetan mobilizazio handiak egiteko prest agertu da, baita dekretuaren bozketaren aurretik greba orokorrera deitzeko ere.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren ustez, oraindik ez da beranduegi Espainiako Gobernuak eginiko lan erreforma indargabetu eta «berriz zerotik hasteko». Aurka dauden sindikatu eta erakundeek azken hitza esateko dute, eta «ahalik eta erantzun sendoena» antolatzen saiatuko direla iragarri du. Mobilizazioen bitartez, azaldu nahi dute erreforma proposamen hau «iruzurra» dela, eta beste sindikatuekin negoziazioak hasi dituzte protesta horiek noraino eraman daitezkeen aztertzeko.

Baina, iazko urte amaieran LABekin izandako desadostasunen ondoren posible al da greba orokorrerako deialdia? Baietz dirudi. «Ez gaude epez kanpo. Urtarrila lan hilabetea da. Beti izan dugu aukera hori presente. Greba orokorra hamar eguneko epearekin deitu behar da, eta abenduaren 28az geroztik ezagutzen ditugu xehetasunak. Gainera, ikusteko dago zenbat irauten duen film honek». Film hori proposamena onartua izateko negoziazioak dira, eta Espainiako Gobernuak otsailaren 7ko epea du dekretua bozkatzeko.

Bozketa horretan datza ELAren itxaropena, Espainiako Gobernuari babesa eman dioten hainbat alderdik ezetz bozkatuko dutelakoan. Hala eskatu die EAJri eta EH Bilduri, eta, aitortu duenez, etengabeko harremana du haiekin. Dena den, ez daki biek aurka egingo ote duten: ELAren arabera, EAJk gustuko du erreforma, eta lan itunen estatalizazioa da haren iritzia baldintzatzen duen aldagai bakarra. «Horiek hala, koherentziaz, aurka bozkatu beharko luke, baina haiei egin beharreko galdera da hori». Elkarrekin Podemos ere hartu du hizpide, eta kritika zorrotza egin dio Lakuntzak: «Bere usteei uko egin die. Akordioari garrantzi handiagoa eman dio erreformaren muinari baino». Alde horretatik, gehitu du patronalak pozik egoteko arrazoiak dituela, «erraztasun osoz kaleratzen» jarraitu ahal izango duelako.

Elkarrekin Podemosi eginiko kritika Espainiako Gobernura luzatu du, hiru ardatz hartuta. Batetik, egotzi dio ez duela hauteskunde programa bete, eta gezurretan ibili dela. Bestetik, «fribolitatea» leporatu dio, bere hitza bete ez eta alderdi subiranistei babesa eskatu dielako. Eta, azkenik, «jokatzeko modua», elkarrizketa sozialaren mahaia eta dekretuaren bidea erabili dituelako, parlamentuko eztabaida saihestuz. «Eta nola izan da hori posible?» galdetu du Lakuntzak: «Bada, elkarrizketa sozialaren mahaiaren bitartez. Mahai hori tranpa da sindikatuentzat, altxorra patronalarentzat eta koartada ezkerreko alderdientzat».

EAJ, «negoziatzen»

Lakuntzak EAJren inguruan esanikoa berretsi du Josune Gorospe alderdi jeltzaleko diputatuak. Aitortu du Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari dela, eta baita beren jarrera argitu ere: «Autonomia mailako lan itunen lehentasuna babestu ezean aurka bozkatuko dugula esan diogu». Gorospek, gainera, eskatu du «espresuki» sar dadila lehentasun hori: «Hain garbi badago zergatik ez den babes hori gehitu, oso erraza izango da eranstea. Gure eskuduntza alorretan atzera egiterik ez dugu onartuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.