Ezkerreko gobernuak eskuinaren heldulekua izango du Kongresuan

Ciudadanosen, UPNren eta PDeCATen botoei esker, erreforma aurrera ateratzekoa da gaur Espainiako Kongresuan. EAJk, EH Bilduk eta ERCk ezezkoa iragarri dute, ez dietelako negoziatzen utzi

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Nadia Calviño eta Yolanda Diaz ministroekin, Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE.
xabier martin
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
PSOEk eta Unidas Podemosek «inoizko gobernurik ezkertiarrena» osatu dute Espainian askorentzat, baina, gaur, eskuinaren heldulekua izango du Diputatuen Kongresuan, CEOE patronalak baldintzatu duen lan erreforma baliozkotzeko. Dena den, boto guztiak zenbatu arte ez da jakingo legegintzaldiko lege garrantzitsuenak aurrera egingo duen ala ez, hain aldrebesa baita egoera, gobernuak ohiko bazkideak alde batera utzi eta eskuineko babesa bilatu ondoren. Azkenean geometria aldakorra deitu duten horrek bidea zabaltzen badu, Pedro Sanchezen gobernuak helburua lortuko du: «Koma bakar bat ere aldatu gabe» jarraituko du indarrean urte berriarekin batera lan merkatua arautzen duen legeak.

Eta nola lortuko du babes nahikoa dekretua baliozkotzeko? Ariketa konplexu baten bidez, non PDeCAT eta UPN funtsezkoak izango diren. Biak ala biak baiezkora joko dutela argitu zuten atzo iluntzean. Bada, orain arte jakinarazitako botoen arabera, 176 baiezko daude dekretua baliozkotzeko. UPNren bi diputatuekin eta PDeCATen lauekin batera, Ciudadanosenak eta beste talde txiki batzuenak izango ditu Pedro Sanchezen gobernuak; besteak beste, Mas Pais, Teruel Existe eta Compromisenak. Ezezkoak, berriz, 173 izango dira, batzen badira PP, Vox, ERC, EAJ, EH Bildu, Junts, CUP, Foro Asturias, BNG eta Ciudadanoseko diputatu transfugarenak. Laster ikusiko da ariketa horretan ez dion inork huts egiten gobernuari.

Errelatoa eraikitzeko lanak

Hortik aurrera errelatoa indartzea baizik ez zaio geratuko gobernuari, zuritzeko baliogabetu behar zuen lan erreforman aldaketa xumeak baizik ez dituela egin CEOE itunera erakartzeko. Errelato hori eraikitzen hasi dira azken orduetan. Yolanda Diaz Lan ministroak negoziatzeko «denbora» badela esan zion atzo ERCri, eta «serio» negoziatzeko, egin dizkiolako «proposamen batzuk». Segidan erantsi zuen elkarrizketa sozialerako mahaitik atera den idatzia «errespetatu» egiten dutela horiek. Alegia, koma bakar bat ere aldatu gabeko testuaz ari zen berriro. ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek garbi erantzun zuen ez dutela «irentsiko» negoziatu gabeko dekreturik. «Errelatoa idazten ari dira jada», esan zuen: «ez dira negoziatzen ari».

Izan ere, PSOEk eskuineko hautua egin du dagoeneko, eta, horrekin batera, ohiko bazkideak alde batera uztea erabaki. Sanchezek nahiago izan du gobernuari arnasa ematen diotenek (ERC, EAJ, EH Bildu) legegintzaldiko lege izarrean ezezkora jotzeak ekar ditzakeen arriskuei aurre egitea CEOEk erreformaren ituna uztea baino. Presidenteak ez du uste gobernuaren egonkortasunari eragingo dionik.

Baina Unidas Podemos ez dago eroso eskuinaren babesarekin, oso agerian uzten baitu erreformaren arintasuna. Egoera horretan ulertu behar dira Diazen azken negoziazio saioak ERCrekin eta EAJrekin, eta ezezkoan daudenak estu hartzeko adierazpen gogorrak. Jakin berri diren langabezia datuetan, kontratu finkoen hazkundea islatu da, eta hori ere estu hartzeko tresna bihurtu da. Diazek azpimarratu du erreformaren ondorioak hasi direla nabaritzen, eta aurka bozkatzen dutenek langileei egindako mesede hori kenduko diela. ERCk mehatxu zuzena jaso du, gainera: Catalunya en Comuk iragarri du babesa kenduko diola Kataluniako Gobernuari ezezkora jotzen badu.

Alderdi abertzaleek, ordea, ez dute negoziatzeko inolako tarterik eduki. EAJko presidente Andoni Ortuzarrek «CEOE bere lekuan» jartzeko eskatu du asteon, negoziazio parlamentario bat egon dadin. Euskal itunak estatukoen gainetik jartzea besterik ez dute eskatu jeltzaleek, 2010eko lan erreforma iritsi arte zeuden moduan; hor jarri dute marra gorri bakarra, baina hori ere ez du aldatu nahi izan gobernuak, patronalaren mehatxupean. Beraz, EAJko diputatuek ezezkoa emango dute, azken orduko negoziazioek ezusteren bat eragiten ez badute behintzat.

Halaber, EH Bilduren ezetza segurua da, euskal itunen nagusitasuna eskatzeaz gain, kaleratze errazen eta merkeen araudia aldatzeko eskatu baitu, erreformaren muina, PPk goitik behera aldatu zuena langileen kalterako. Horiek horrela, litekeena da gaur Espainiako Kongresuak berrestea euskal lan itunek ez dutela segurtasun juridikorik edukiko eta kaleratzeak azken urteetan bezain errazak eta merkeak izango direla aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.