Euskaltelek joera aldatu du, eta hazkundea espero du aurtengo ekitaldirako

Arduradunen arabera, inoizko bezero kopururik handiena du, eta hilabeteotako negozio datu onek baikortasuna zabaldu dute. 670 milioi euro fakturatu zituen iaz

Jon Ander De las Fuentes Euskalteleko zuzendari nagusia, enpresaren iazko balantzea azaltzeko eginiko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Baikortasun zantzuak ikusten ditu berriro Euskaltelek, eta, azken urteetan komunikazio zerbitzuengatik izandako diru sarreren jaitsieraren ostean, hasi da joera aldaketa sumatzen. Iazko azken hilabeteetan hasi zuen goranzko bidea, eta aurtengoaren hasieran areagotu egin da: «Oso zuhurrak gara, baina aurtengo lehen hiruhilekoa 2014tik, ni hemen sartu nintzenetik, ezagutu dudan onena izan da», onartu zuen atzo Jon Ander de las Fuentes enpresako zuzendari nagusiak, iazko balantzea plazaratzean. Era berean, nabarmendu zuen garai hobeak ezagutu dituela, baina sektorean «izugarri» handitu dela lehiakortasuna, eta Masmovilek Euskaltel xurgatu izanak «egonkortasuna» eman diola etxeari.

Euskaltelek 670 milioi euroren diru sarrerak izan zituen iaz, eta zerbitzuen negozio bolumena 630 eurokoa izan zen. Azken kopuru hori 2021ekoa baino %3 txikiagoa da. EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak—, berriz, 321 milioi eurokoa izan zen, %4 handiagoa. Eta nola da posible hori? De las Fuentesek azaldu zuen: «Hainbat kostu operatibo murriztu ditugulako». Eta errentagarritasunak zer bilakaera izan zuen? «Masmovil taldeak %2ko igoera onartu zuen bere balantzean, eta gurea antzekoa da. Pixka bat positiboa». Datu horietatik kanpo gelditzen dira Euskaltelek bere zuntz optikoko sarea saltzeagatik lorturiko diru sarrerak.

Bezero kopurua handitu izana dago baikortasun zantzuen oinarrian, zuzendariaren arabera, «inoizko kopururik handiena delako». Masmovil taldeak (Euskaltel, Guuk, Masmovil...) 1,3 milioi bezero ditu Hego Euskal Herrian, 900.000 telefonia mugikorrean eta 400.000 banda zabalean, eta horien %80 Euskaltelenak dira. Bada, iaz, bi zerbitzuetako bezeroen kopurua handitu zen: telefonia mugikorrekoena %6, eta banda zabalekoena %5. Masmovilek 47.000 linea mugikor berri saldu zituen, horietatik 35.000 Euskaltelenak, eta 17.000 banda zabaleko zerbitzu, horietatik 14.000 marka laranjakoak.

Euskalteleko arduraduna, dena den, zintzoa izan zen: «Ezagutu izan ditut garai hobeak. Garai bateko zenbatekoekin alderatuta, diru sarrerak 50 milioi euro txikiagoak dira egun, eta EBITDA 40 milioi euro txikiagoa». De las Fuentes Euskaltelen finantza buru izan zen 2014 eta 2020 artean. Ondoren, Guuken hasi zen, eta Masmovilen bidez itzuli da Euskaltelera. Esperientzia horretan oinarrituta, azaldu zuen prezio lehiarengatik errentagarritasuna asko murriztu dela sektorean, eta bezero bakoitzaren fakturazioa %30 inguru jaitsi dela 2012tik. «Eskaintza oso merkeen garaian bizi gara», laburbildu zuen.

Masmovilen inbertsioa

Horren aldean, haren ustez azken hilabeteetako joera aldaketa eragin duten arrazoiak eman zituen: «Ezinbestean egin behar zuen hobera. Bezero oinarri handiagoa dugu, eta balio handiagoko produktua saltzen ari gara. %80ek pakete osoa erosten dute: sakelakoa, banda zabala, telebista...». Fideltasuna ere aipatu zuen, eta nabarmendu %17 murriztu dutela zerbitzua uzten duten bezeroen kopurua. «Horretarako, eskaintza sinplifikatu dugu, jendea beherapenekin-eta erotu gabe. Ezin da onartu aspaldiko bezeroek sentitzea berriei baino tratu okerragoa ematen zaiela». Zerbitzu hobekuntza ere aipatu zuen, eta, haien datuen arabera, erreklamazio kopurua %48,5 jaitsi zen iaz.

Masmovilek 2021eko abuztuan bereganatu zuen Euskaltel —akzioen %96 erosi zituen—, eta, geroztik, Hegoaldean eginiko inbertsioak goratu zituen: «Integrazio eredu ezin hobea izan da». Haren arabera, 150 milioi euro inbertitu dituzte sarean (5G zabaldu, gailuak hobetu...), eta beste 100 milioi jarriko dituzte aurten. Masmovilek marka ugari ditu barnean, eta De la Fuentesek onartu du harrituta dagoela ikusita estrategia horrek ez duela kalte egiten. Aldi berean, zehaztu zuen Euskaltelek 300 langile dituela Hegoaldean, eta beste 3.000 «zeharka» kontratatzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.