Albistea entzun

Zegonak Euskaltelen duen jabetza handituko du, norabidea aldatzeko

Erresuma Batuko inbertsio funtsak eskaintza bat egingo du akziodun nagusi bihurtzeko. Zuzendaritzan aldaketak proposatzeko eta Virgin multinazionalarekin elkarlanean aritzeko ideiak aurreratu ditu

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 20

Zegona inbertsio funtsak aldaketa estrategikoak bultzatu nahi ditu Euskaltelen. Eta aurreratu du horretarako gaur egun duen jabetza handitu, eta telekomunikazio konpainian akziodun nagusi bihurtzeko borondatea duela, CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari igorritako ohar baten bidez. Funtseko arduradunek ziurtatu dute euren nazioarteko harreman sareari esker bermatuko dela Euskaltel «euskal enpresa lider bat izaten jarraitzea», baina ez dute ezkutatu gogoz daudela norabideari astindu bat emateko.

Erresuma Batuko inbertsio funts bat da Zegona. 2015. urtean Asturiasko Telecable kable bidezko telefonia operadorea erosi zuen. Bi urte geroago, 2017. urteko abuztuan, Telecable saldu zion Euskalteli. Eragiketa horri jarraituz, funtsa Euskaltelen sartu zen zen, jabetzaren %15 eskuratuta.

Urtebetez akzioen kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen orduan Zegonak. Abuztuan amaitu zen epe hori, eta harrezkero asko espekulatu da funtsak hartuko zuen erabakiari buruz. Euskaltel utziko zuen aukera aipatu izan da, Zegonako arduradunak kexu agertu direlako konpainiaren akzioek izan duten beherakadarekin. 2016an akzioen balioa %27 murriztu zen, eta %17 gehiago joan den urtean.

Zalantza argitu du funtsak. Jarraitu nahi du Euskaltelen, baina erreferentziazko akziodun modura. Zegonak erosteko eskaintza partzial bat egingo du. Hain zuzen ere, akzioen %14,9 bereganatu nahi ditu, eskaintza oso bat egin behar ez izateko legeak agintzen duen %15eko mugaren azpitik. Helburua lortzen badu, jabetzaren %29,9 bere gain hartuko du, eta boto eskubideen %29,94. Gaur egun, Kutxabank da telefonia enpresaren akziodun nagusia; jabetzaren %21,3 kontrolatzen du bankuak.

Euskaltelen akzio bakoitzaren truke 7,75 euro eskainiko ditu funtsak. Gainsari esanguratsua da, bezperan merkatuak itxi zirenean baino %17,8 gehiago baita. Atzo, albisteari jarraituz, akzioen prezioa %13,7 igo zen, 7,5 euroraino. Gehienez ere, Zegonak 206 milioi euro jarriko ditu eragiketa gauzatzeko. Funtsak berak kapitala handitzeko eskaintza egin beharko du, Euskaltelen akziodun nagusi bihurtzeko behar duen dirua lortzeko. 256 milioi euro lortu nahi ditu, hain zuzen ere. Kapital handitzeak Zegonako batzarraren oniritzia duenean, Euskaltelen eskaintza mugatua martxan jarriko du.

Aldaketak Euskaltelen

Jabetza handitzeko erabakiak islatzen du Zegonak baduela interesa Euskaltelen — «estrategikoki erakargarria» dela esan du—, baina horrek ez du esan nahi ados dagoenik egungo arduradunek negozioa eramateko bidearekin. Hala iradokitzen du inbertsioa handitzearekin batera iragarri dituen neurriak. Hasteko, adierazi du aukera ikusten duela kostuetan urtero 40 milioi aurrezteko. Horri lotuta, uste du posible dela konpainiak gaur egun negozioa duen lurralde eremuetan 200.000 etxebizitza gehiagora iristea. Gaur egun 578.500 bezero ditu.

Zegonak jakinarazi du hitz egin duela Jazzteleko kontseilari ordezkari ohiarekin, Jose Miguel Garciarekin, eta uste du haren esperientziak «ekarpen baliotsua» egin diezaiokeela telekomunikazio enpresaren zuzendaritzari.

Halaber, Zegonako goi zuzendaritzak Richard Bransonen Virgin taldearekin «harreman luzea» duela argudiatu du, eta multinazional horrekin elkarlana sustatzeko asmoa badu. Hain zuzen ere, Euskaltel eskualde berrietara Virgin markarekin hedatzeko atea ireki nahi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Iñaut Matauko Rada

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

Martxoaren 8a ez da jai eguna izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritzak ez du aldaketarik egin 2024ko opor egutegian.

 ©Joxean Apeztegia

Euriborrak %4ko atarian bukatuko du maiatza

Iker Aranburu

Kuota orain berritu behar dutenek askoz gehiago ordaindu beharko dute: 270 euro gehiago hilean etxea erosteko maileguan 150.000 euro oraindik itzultzeko dutenek

Barazki eta fruitu denda bat Madrilen. ©JAVIER LIZON / EFE

Inflazioa %3,2ra apaldu da maiatzean Espainian

Irune Lasa

Azpiko inflazioak ere bost hamarren egin ditu behera, %6,1eraino.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...