Bizitza kapitalaren gainetik

ELAk Iruñean eta Bilbon egingo ditu Maiatzaren Leheneko manifestazioak; LABek, Iruñean eta Baionan. Bi sindikatuek antzeko mezua zabalduko dute: bizitza lehenetsi behar dela, eta ez kapitala

Maider Jauregi eta Imanol Karrera LABen Maitzaren Lehenerako egitaraua aurkezten, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bakoitzak bere aldetik ospatuko dute Maiatzaren Lehena, datorren asteazkenean, ELAk eta LABek. Edozelan ere, biek antzeko mezua aukeratu dute Langileen Nazioarteko Egunerako: bizitza da lehena. Gure bizitzak kapitala baino lehen lelopean egingo ditu mobilizazioak ELAk, Iruñean eta Bilbon; LABek, halaber, Euskal Herriak du erabakia. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi leloa hautatu du Iruñean eta Baionan mobilizazioak egiteko. Kapitalaren gainetik bizitza lehenestea aldarrikatuko du, beraz, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak —ordezkari sindikalen %54,6 dauzkate bien artean: %36,2 ELAk, eta %18,4 LABek—.

«Erabat kontrajarrita dauden kontzeptuak dira kapitala eta bizitza, eta bigarrenaren alde egin beharra dago lehenengoari aurre egiteko», argudiatu du Mitxel Lakuntzak gidatutako sindikatuak, ohar batean.

Eta nola defendatu bizitza? «Oinarrizko hiru tresna» aipatu ditu ELAk: mobilizazioa, gizarte partaidetza eta greba eskubidea. Garrantzi berezia eman dio greben indarrari. «Aurten, nabarmen ugaldu dira grebak, eta haietako askotan emakumeak izan dira protagonistak. Hori oso albiste ona da; horrela bakarrik hobetu daitezke gure bizi baldintzak, bai lan arlokoak, bai gizarte arlokoak», azaldu du ELAk Maiatzaren Lehenerako manifestuan.

Borroka antolatuaren bestelako onurak ere nabarmendu ditu: «Borrokak batu egiten gaitu, lagundu egiten digu gure egoeraz jabetzen, eta beldurra eta etsipena eta indibidualismoa gainditzen».

ELAk datorren asteazkenean Iruñeko eta Bilboko kaleetan defendatuko du, hain zuzen, zenbat eta greba gehiago egin orduan eta hitzarmen hobeak lortzen direla —Iruñean, 12:00etan abiatuko da manifestazioa, Gurutzeko plazatik, eta Bilbon, 11:45ean, Jesusen Bihotzetik—. Defendatu du grebak eginda, gainera, «ekarpen txiki bat» egiten dutela «gizarte hobe baten alde»: gizarte demokratikoagoa eta berdintsuagoa sustatzen dutelakoan.

LABen bost zutabeak

Politikaren, ekonomiaren eta lan eta bizi baldintzen arteko erabateko loturaz ohartarazi du Lakuntzaren sindikatuak. «Eskuin muturrak ildo politikoa markatzen du, eta ezkerra ez da gauza aukerako erreferentziak taxutzeko». Agintekeriaren eta beldurraren kultura nagusitzen ari dela iruditzen zaio ELAri, pobreak elkarren aurka jartzen ari direla, eta aberastasuna metatzearen kontrako proiektu kolektiboak zapuzten ari direla.

«Euskal Herrian bertan ere banka eta patronala goxo-goxo dabiltza gobernuen, komunikabide nagusien eta klase politikoaren zati handi baten babespean», adierazi du sindikatuak. «Agintekeriaz baliatzen da Eusko Jaurlaritza elkarrizketa sozialeko mahaian, eta gutxieneko zerbitzuen dekretuak erabiltzen ditu grebak indargabetzeko», salatu du. Baina, ELAren iritziz, «gizarte bat ezin da demokratikoa izan benetako kontrabotererik gabe».

Halaber, LABeko Maider Jauregi komunikazio idazkariak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak atzo Iruñean esplikatu zuten sindikatuak bi helburu dauzkala Maiatzaren Lehenerako: klase kontzientzia indartzea eta langile borrokari bultzada berri bat ematea.

LABek hainbat sektore sozialen borrokak islatu nahi ditu datorren eguaztenean, eta, horregatik, Iruñeko Gaztelu plazan 12:00etan egingo duten mobilizazioak bost zutabe izango ditu, «bost kolektibori dagozkienak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsiodunak».

LABek Maiatzaren Lehenean klase izaera harrotasunez aldarrikatzearen garrantzia nabarmendu du, langileen nazioarteko egunaren «despolitizazio eta folklorizazioaren» aro betean.

Testuinguruaren garrantzia ere aipatu du Jauregik, «faxismoaren gorakada eta kapitalismoaren garai berria» azpimarratuz. Gizartea «inboluzio antidemokratiko» batean dagoela uste du Jauregik, eta inboluzio hori hirukoitza dela. «Inboluzio soziala, eskubide sozialen eta lanekoen galera dakarrena; inboluzio patriarkala, feminismoaren eta emakumeon eskubideen kontrako oldartze kontserbadorearekin; eta inboluzio nazionala, birzentralizazioa eta errepresioa dakarrena, nazio eskubideen kontra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.