Mondragonen industria arloak 1.700 enplegu sortu ditu joan den urtean

Korporazioko kooperatibek denera 81.837 langile dituzte, duela bost urte baino 8.000 gehiago. Salmentek %2,7 egin dute gora 2018an, eta 11.500 milioi euroak gainditu dituzte

Mondragon Taldeko Danobat kooperatibako lantegi bat, Pekinen, artxiboko irudi batean. DANOBAT GROUP.
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
2018ko emaitzek Mondragon taldearen giharra erakusten dute. Atzo egin zituen publiko zenbakiak, eta bereziki industriaren arloko kooperatiben hauspo indartsua azaleratu dute. Korporazioko kooperatibetan %1,2 handitu zen langile kopurua iaz, eta, denera, 81.837 behargin ari dira lanean. Gorakada horretan zerikusi handia izan du, bereziki, industriaren arloko kooperatiben bilakaera onak, horiek 1.702 lanpostu berri sortu baitzituzten iaz.

Halaber, taldeko kooperatibek 11.581 milioi euroren salmentak izan zituzten iaz, aurreko urtean baino %2,7 gehiago. Inbertsioak handitzeko apustuari ere eutsi dio kooperatiben elkarteak, eta,2018an, korporazioko konpainiek egindako inbertsioak 420 milioi eurora iritsi ziren. Azken bost urteetan, Mondragon taldeko kooperatibek 1.989 milioi euro erabili dituzte inbertsioetarako.

Iñigo Uzinek, korporazioko presidenteak, ontzat eman ditu emaitzak, eta alderdi nagusi bi azpimarratu ditu: «Bosgarren urtez jarraian, enplegua sortu da industriaren arloan, eta jada 38.700 lagunek baino gehiagok dihardute langile taldean; horrez gain, arlo horren inbertsioen dinamika ona da, azken bosturtekoan 1.400 milioi eurotik gorakoa izan baita». Iazko datuak eskuan eta aurtengo lehen lau hiletako bilakaera ikusita, 2019rako «baikortasun neurritsua» agertu du, «nazioartean ziurgabetasuna handia izanik ere».

INDUSTRIA, «SASOIAN»

Taldeko industria kooperatibek 38.722 langile enplegatu zituzten iaz, eta urtea 5.922 milioi euroko fakturazioarekin amaitu zuten (+%6,8). Emaitzak, berriz, 230 milioi eurorenak izan ziren, «aurreko urtekoen antzera, nazioarteko dezelerazioaren ondorioz jarduera batzuetan bilakaera negatiboa izan bada ere».

Industriaren arloko konpainiek 8.000tik gora lanpostu sortu dituzte 2013tik 2018ra bitartean, «horietatik %57 gure inguruan». Hazkunde erritmo handia da, baina ez nahikoa krisiaren aurreko kopurura bueltatzeko. Izan ere, korporazioak 93.841 langile zeuzkan 2007an, iaz baino 12.004 gehiago.

Nazioartekotzea da, hain zuzen ere, enplegu sorreraren motor nagusia, hainbeste ezen atzerriko merkatuetako salmentak industria arloko salmenta guztien %68 baitira. Mondragon taldeak 141 filial produktibo dauzka atzerrian, eta, horietan, 14.400 langile enplegatzen ditu.

Edonola ere, Mondragoneko iturriek azaldu dute «barne merkatuak» ere portaera positiboa izan duela, iaz 1.881 milioi euroraino igo baitziren salmentak, 2017an baino %11 gehiago.

BERRIKUNTZA

Ikerketaren eta garapenaren aldeko politikari ere eutsi diote taldeko kooperatibek. Iaz, 175 milioi euro inbertitu zituzten I+Gan, Mondragonen industria arloko salmenta guztien %3 adinako kopurua. Gainera, I+Garen esparruan 2.018 pertsona izan zituen lanean.

Halaber, korporazioak azaldu du patente familien kopuru indartsua daukala: 496 patente familia, hain zuzen ere.

BANAKETA

Industria arloaren giharra gihar, oraindik ez dio sorpasso-rik egin banaketaren esparruari. Mondragon taldean enplegu gehien ematen duen arloa da oraindik banaketarena: 39.723 pertsona enplegatzen dituzte, guztira, Eroskik eta Erkop elkarteak, eta, iaz, 9,9 milioi euroko irabazia izan zuten. Banaketa arloak 5.659 milioi euroren salmentak izan ditu 2018an, «aurreko urtean baino pixka bat gutxiago; bereziki, Eroskik bere dendetan desinbertsio batzuk egin zituelako».

Edonola ere, banaketa arloko 2018ko emaitzak «positibotzat» jo ditu Mondragonek, Eroskiren «emaitza operatiboek nabarmen hobetzen jarraitzen dutelako (163,6 milioi euro, aurreko urtean baino %19,1 gehiago), eta negozioaren osasun ona berresten dute».

FINANTZAK

Laboral Kutxak, bestalde, %10 handitu zuen iaz mozkin bateratua, 133,7 milioi euroraino. «Likidezia eta kaudimen ratio zabalei eustea» lortu du kreditu kooperatibak, baita bere errentagarritasuna (%7,9) eta berankortasun ratioa (%4,51) hobetzea ere.

Bestetik, Lagun Aro BGAEak 28.939 mutualista aktibo zituen 2018aren amaieran, eta haren ondare funtsa 6.169 miloi eurora ailegatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.