Olatua eragin zuen agintaria

Zine El Abidine ben Ali zendu da, duela zortzi urte Tunisiako matxinadan bota zuten presidentea. Ben Aliren aurkako protestekin hasi ziren herrialde arabiarretako erreboltak, 2011n

Zine El Abidine ben Ali, 2007an, Rades hiriko Olinpiar estadioan. Handik lau urtera kendu zuten boteretik. EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez ziren lau aste igaroak lehenbiziko protestak piztu zirenetik, eta Zine El Abidine ben Alik hegazkin bat hartu behar izan zuen Tunisiatik alde egiteko. Horrela bukatu zuen haren 23 urteko agintaldi gogorra, herritarren matxinada batek denbora bizkorrean gaina hartuta. Tunisian trantsizio ziurgabe eta zail bat hasi zen orduan, eta, gaur egun, zortzi urteren ondoren, bertze aro politiko batean murgilduta dago herrialdea. Baina Ben Aliren ihesaren garrantziak erruz gainditu zituen herrialdeko mugak, Afrika iparraldea eta Ekialde Hurbila astindu zituen olatu politiko eta sozial baten hasiera izan baitzen, gaur egun oraindik uhinak bizi-bizirik dituen olatuarena. Ez zen eremuko liderrik nabarmenena, ezta boteretsuena ere, baina hark amore ematea pizgarri bat izan zen herrialde arabiar handiagoetan matxinadak sortzeko. 83 urterekin zendu da Ben Ali.

Haren abokatu Munir Ben Salhak jakinarazi zion heriotza Reuters agentziari, atzo. Duela astebete, Ben Salhak jakinarazi zuen Ben Ali ospitalera eraman zutela «osasun krisi baten» ondorioz. Saudi Arabian hil da, han bizi baitzen erbesteratuta ihes egin zuenetik. Riadek politika uzteko baldintza ezarri zion, eta ia ez du jendaurreko adierazpenik egin azken zortzi urteotan.

2011n, ihes egin zuen urte berean, auzitegi batek 35 urteko espetxe zigorra ezarri zion Ben Aliri, diru publikoa ebastea leporatuta. 2012an, auzitegi militar batek bertze zigor bat ezarri zion, hogei urteko espetxealdikoa, «hilketa eta arpilatzea» leporatuta. Saudi Arabiak ez zituen onartu estradizio eskaerak.

Tunisiak independentzia lortu ondoren (1956), Ben Ali Frantziara joan zen formakuntza militarra jasotzera, eta, AEBetan, ingeniari gisa trebatu zuten. 1964an, Tunisiara itzuli zen, eta, segurtasun aparatuan eta diplomaziaren arloan izan zituen karguekin, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen estatuko botereguneetan. Habib Burgiba presidenteak, 1987an, lehen ministro izendatu zuen Ben Ali, eta, handik hilabete eskasera, gobernuburu berriak estatu kolpe baten bidez boteretik kendu zuen Burgiba, independentziaz geroztik herrialdeak izan zuen presidente bakarra.

Boterea eta errepresioa

Ben Alik demokraziaranzko trantsizio bat gidatuko zuela agindu zuen, baina estatuko egiturak ongi segurtatu zituen. Boterea monopolizatu zuen alderdi bat sortu zuen —RCD Batzar Konstituzional Demokratikoa—, eta, ongi baino hobeki ezagutzen zuen segurtasun aparatuaren bidez, errepresio gogorra erabili zuen oposizioaren aurka. Egiaren Batzordeak aurten bukatu du biktimen inguruko ikerketa—60.000 zenbatu ditu, baina ez Ben Aliren garaikoak bakarrik, independentziaz geroztiko guztiak baizik—. AEBek eta Europa mendebaldeko estatuek aliatu estrategikotzat zeukaten Ben Ali.

2010eko abenduaren 17an, ordea, txinparta bat piztu zen, 23 urte agintean zeramatzan erregimen egonkor hura aste batzuen buruan deseginen zuena. Egun hartan, Tunisia erdiko Sidi Buzid hirian, Mohamed Buazizi izeneko 26 urteko herritarrak su eman zion bere buruari, eta hagitz larri eraman zuten ospitalera —hurrengo urtarrilaren 4an hil zen—. Karrikako saltzailea zen, eta, Poliziak egiten zion jazarpena salatzeko, bere buruaz bertze egin zuen. Gertakaria jakin bezain pronto, istilu larriak sortu ziren, eta errepresio-akzio kate bat sortu zen. Protestak hiri gehiagotara zabaldu ziren berehala, eta tamainan ez ezik, eskaeren mailan ere handitu ziren. Poliziaren jazarpena salatzen hasi ziren, bizi maila hobetzea eskatu zuten ondoren, eta, azkenik, Ben Ali eta haren erregimen osoa erortzea.

Protestek nazioartearen arreta bereganatu zuten, eta inguruko herrialdeetara hedatu ziren; Aljeriara lehenik —ez zuten lortu Abdelaziz Buteflikaren agintea estutzea—, eta Egiptora ondoren. Han, Hosni Mubarak presidentearen aurkako mugimenduak indarra hartu zuenean, gertakari geopolitiko handi bat gertatzen ari zelako kontzientzia hartu zuen munduak. Hamarkada hau baldintzatuko zuen olatu handi bat sortu zen, eta ondorio nagusitzat ekarri ditu luzaroan agintean zeuden buruzagiak boteretik kentzea—Tunisian, Egipton, Libian eta Yemenen—, gerrak eta ezegonkortasun politikoa —Sirian, Libian eta Yemenen—, estatu kolpeak —Egipton—, atzerriko esku hartze militarrak —Libian, Sirian eta Yemenen—, muturreko talde islamisten hazkundea, gatazka eta tentsio sektarioen gaiztotzea...

Gaur egun, matxinadak eduki zituzten herrialde arabiarren artean, Tunisia dago egonkorren. Alderdi anitzek eta gizarteko eragileek adostutako konstituzio bat sartu zen indarrean 2014an, eta alderdi anitzeko sistema parlamentarioa egonkortzeko bidean da azken urteotan. Dena den, arazo handiak ditu oraindik: krisi ekonomiko larria du, EI Estatu Islamikoak hainbat eraso handi egin ditu urteotan, hilketa politikoak gertatu dira —ezkerreko militanteen aurka nabarmenenak—, eta giro politikoa aztoratuta dago oraindik.

Hauteskundeen kanpainan

Hain zuzen, herrialdea hauteskunde kanpaina betean dagoela zendu da Ben Ali. Joan den igandean egin zuten presidentetzarako bozen lehenbiziko itzulia, eta Kais Saied legelari ultrakontserbadorea (botoen %18,8) eta Nabil Karui magnatea (%15,7) pasatu dira bigarren itzulira. Dena den, ez dago argi Karuiri parte hartzen utziko ote dioten. Kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago espetxeratu zuten, iruzurra egotzita, eta, formalki auzipetuz gero, kolokan egon liteke haren hautagaitza. Ez dute zehaztu noiz izango den bigarren itzulia, eta parlamenturako hauteskundeak heldu den urriaren 6an egitekoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.