Etxeko langile egoiliarren herenak egoera irregularrean daudela salatu du ELEk

Paperik gabekoen kopurua bost puntu handitu zen iaz. Kanpoan dihardutenen artean, berriz, gero eta gehiagok eskatu dute Gizarte Segurantzan izena emateko

Lorea Ureta eta Isabel Otxoa ELEko aholkulariak, atzo, 2019ko ikerketaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Egoerak okerrera egin du; bai behintzat, egoiliarren artean». Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko (ELE) aholkulariak horrela laburbildu zituen atzo elkarteak urtero egiten duen txosteneko 2019ko datuak. «Etxeko langile egoiliarren [lan egiten duten etxean bizi direnak] %29,6 egoera administratibo irregularrean daude. 2017tik 2018ra hamar puntu igo zen datu hori, eta iaz, berriz, beste bost. Europatik kanpoko atzerritarrei bakarrik begiratzen badiegu, langileen %42k ez dute paperik».

ELEk 711 etxeko langileri eginiko inkestekin osatu du iazko azterketa. Egoiliarren baldintza txarren datuak, baina, egoera erregularraz edo irregularraz harago doaz. %47k astean 80 ordu baino gehiago lan egiten dute —hori da legezko muga—, eta jardunaldi horretan daudenen %31 ez dira iristen legezko gutxieneko soldatara —1.050 euro, hamabi ordainketatan—. Egoera irregularrean daudenen artean, datu hori %54ra igotzen da. ELEk arreta berezia jarri du atseden gabezian; ikerketaren arabera, %24k ez dute atseden tarte arauturik egun osoan, eta %51 ez dira iristen hamar orduko atseden luzera.

Otxoaren ustez, egoera hori «ez da duina». Enplegatzaile batzuk atzerritarren legeaz baliatzen direla salatu zuen. Atzerritarren egoera erregularizatzeko modu ohikoenak, errotzea delakoak, hiru urteko antzinatasuna eskatzen du, eta enplegatzaile horiek tarte hori betetzean kontratua egingo dietela hitzematen diete etxeko langileei, baina gero ez dute betetzen. Hori gutxi balitz bezala, ez diete uzten etxe horretan erroldatzen, eta logela bat alokatzera behartuta daude erroldan izena emateko. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren kontrol falta kritikatu zuen Otxoak. «Ikertzeko eskatzen diogunean, beste alde batera begiratzen du. Langile horiek gizarte politikek konpondu beharko lituzketen menpekotasun arazo asko estaltzen dituzte».

ELEk egoiliarren eta kanpoan lan egiten dutenen etxeko langileen egoera aztertu du, eta onartu zuen kanpoan dihardutenen artean «albiste on batzuk» egon direla. «Gizarte Segurantzan izena emanda daukatenak asko igo dira». %75,43 dira orduren bat kotizatzen duten langileak, eta, 21 ordutik gora lan egiten dutenen artean, %94raino igotzen da kopuruhori. «Ikusi dugu Gizarte Segurantzan inskribatzeko eskatzen dietela langileek enplegatzaileei, euren baldintzen inguruan duten ardurarengatik». Dena, baina, ez da polita kanpoan lan egiten dutenen artean, %12 egoera irregularrean baitaude.

Era berean, iaz asko handitu zen euren lan jardunaldiaren araberako gutxieneko legezko soldata jasotzen ez dutenen kopurua: %21etik %45era. Horrek, baina, ez du esan nahi gutxiago kobratzen dutenik, baizik eta iaz gutxieneko soldata igo egin zela, eta soldatak ez zituztela eguneratu. «Ez dugu esaten soldatak jaitsi direnik, 2019ko arauzko egoerara iritsi ez direla baizik. Dena den, %90ek ez dute kobratzen beharko luketen adina».

«Iruzurra», berdin

Eguneraketen harira, Otxoak azaldu zuen iaz aurkitutako iruzurrak berean dirauela. Gutxieneko legezko soldata igotzean, enplegatzaile askok ez zituzten kotizazio oinarriak eguneratu, eta beharko luketen baino gutxiago kotizatzen duten langileen kasuak aurkitzen segitzen dute. «EAJk eta PSEk uko egin zioten Espainiako Gobernuari hori eragozteko neurriak eskatzeari».

ELEk agerraldia baliatu zuen urtarrilaren 30eko greba orokorra babesten duela gogoratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.