Albistea entzun

Grebaren oinarria «kezka errealen manipulazioa» izan da, EAJrentzat

Andoni Ortuzarren ustez, greba orokorra «erabateko porrota» izan da, eta deitzaileek helburu duinak manipulatu dituzte, «greba erosteko». Arantxa Tapiak «kalteei buruzko hausnarketa» eskatu die
Grebaren aldeko mobilizazioa Bilbon, atzo goizean.
Grebaren aldeko mobilizazioa Bilbon, atzo goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko otsailak 1

U-30eko greba orokorraren biharamunak erakutsi du Eusko Jaurlaritzako alderdi nagusiaren eta gehiengo sindikalaren arteko arrakala sakondu egin duela mobilizazio handiak. EAJko gidariek oso gogor egin dute lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorraren deitzaileen aurka, bereziki ELAren eta LABen aurka. EAJko presidente Andoni Ortuzarren iritziz, «manipulazioa» baliatu dute greba deialdirako, eta uste du iruzur hori «greba erosteko» egin dutela.

«Zorionez, grebak porrot egin du», esan zuen atzo, Bilbon, Euskadi Buru Batzarreko presidenteak; Sabino Arana fundazioaren egoitzan, Mobilizazioak eta matxinadak krisi politiko eta sozialaren aroan izenburupean emandako hitzaldiaren harira erreparatu zion bezperako grebari. Eskubide Sozialen Gutunak —ELA eta LAB buru direla— egindako «greba orokorraren deialdiak jendearen kezka eta eskaera errealen manipulazioa dauka oinarri», esan zuen. Sindikatuei eta gainontzeko greba deitzaileei gai hauek «manipulatzea» egotzi zien: «Pentsioak bermatuko dituen sistema bat topatzeko beharra, soldata justuak edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzea». Ortuzarrentzat, «helburu horiek guztiak dira zilegi eta duin, eta denak manipulatu dituzte greba orokor bat erosteko».

EAJko buruaren arabera, «agerikoa da ziurgabetasun eta kezka garai batean» bizi dela gizartea, «mobilizazioekin eta matxinadekin, eta gakoa da nola erantzuten diogun modu egokian erronka horiei». Datorrenak «justizia handiagoa dagoen espazioa» izan beharko luke, Ortuzarren hitzetan, «berdintasun handiagoarekin, belaunaldien arteko eta sexuen arteko elkartasun handiagoarekin, garapen handiagoarekin aberastasun handiagoa sortu eta hobeto banatzeko».

Ortuzarren esanetan, historian zehar ezkerrak «erantzun klasiko bat» eman die beti arazo horiei: «Estatuak arazo guztiak konpon ditzake, eta konpondu behar ditu, aita baten gisa eta berme guztien hornitzaile gisa». EAJko buruak ohartarazi zuen formula hori krisian dagoela. Bere burua eta alderdia zentro politiko eta ekonomikoan kokatuz, eskuinaren erantzun klasikoa ere gogor salatu zuen, «emaitza okerragoak» ekarri dituelako. «Merkatuak du erantzuna», hori izan da eskuinaren ekarpena.

Kalteen inguruan hausnartu

Ekintza politikoa eta instituzionala «pertsonaren beharren inguruan» gauzatu behar dela gaineratu zuen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapena jo zuen eredutzat. «Hor daukagu gure gobernu programa», azaldu zuen Ortuzarrek. «Gizartean jarri behar da arreta berriro», erantsi zuen; «gizarteak protesta egiten badu, entzun egin behar zaio». Ez zen argi geratu azken adierazpen horiek euskal gizartea gogoan hartuta egin ote zituen, Sabino Arana fundazioko hitzaldiaren izenburuak orokortasun bati erreparatzen baitzion.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak, berriz, protestaren antzutasuna nabarmendu zuen. Greba orokorrak «euskal sare ekonomikoari eta sozialari egindako ekarpenaz hausnartzeko» eskatu zien sindikatu deitzaileei, eta «greba babestu duen alderdi politikoari», EH Bilduri alegia. Mobilizazioan eragindako kalteak arbuiatu zituen Tapiak, eta, egoera ekonomikoa hobetzeko lanean jarraitu behar dela onartu arren, argitu zuen Jaurlaritzak ez zituela ikusi «zio nahikorik» greba deialdia egiteko. «Gobernu gisa ez dugu aintzat hartu, baina gizarteak ere ez dio masiboki erantzun deialdi horri».

«Teorian informatzeko diren piketeek eragindako kalteaz ere hausnartu beharko lukete grebaren deitzaileek, sindikatu eta eragile sozial, greba babestu duen alderdiarekin batera». Tapiak esan zuen «grebarako eskubidea» badagoela, «eta lanerako eskubidea ere» badagoela; «biak errespetatu behar dira, eta atzo gertatu ziren hainbat gauzak ez zuten zertan gertatu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

Maddi Iztueta Olano

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.

VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.