Sindikatuek«aurrerapausoak» ikusi dituzte Adegiren jarreran

Gipuzkoako metalgintzako lan itunaren negoziazioak bide onetik doazela azpimarratu dute aldeek. Enpresaburuen elkarteak %8,8ko soldata igoera eta ultraktibitate mugagabea proposatu ditu

Gipuzkoako metaleko hitzarmenaren alde CCOOk iazko abenduan eginiko mobilizazioa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Aldeek ohartarazi dute luze jo dezaketela negoziazioek, baina aitortu dute baikorrak izateko motiboak badituztela orain artekoari erreparatuz gero. Gipuzkoako metalgintzako sindikatuek eta Adegi patronalak hirugarren bilera egin zuten atzo —bigarrena, koronabirusa dela-eta alarma egoera kendu zenetik—, eta dagoeneko akordioa gertu ikusten dute zenbait gaitan: soldaten igoeran eta ultraaktibitate mugagabean.

Urratsa ez da nolanahikoa, ituna berritzeko elkarrizketak bederatzi urtez blokeatuta egon baitira —2011. urtetik dago iraungita hitzarmena—. Gainera, metalgintzarena Gipuzkoako lan itunik handiena da: 40.000tik gora langileri eragiten die, eta historikoki konpontzen zailena izan da, lokarri hori askatzea; besteak beste, beste sektore batzuentzako lagungarria izan ohi delako.

Azkenengo bi asteetan bi bilera egin dituzte aldeek, eta altxatzeko keinurik ez du inork egin. Lehenengoan, Adegik jarrera irekia agertu zuen, baina sindikatuei baldintza bat jarri zien: elkarrizketek iraun bitartean «gatazkarik» ez sortzeko. Halakorik ez dute baztertzen, baina azpimarratu dute patronalak mahai gainean jarritako zenbait proposamen bide onean doazela eta negoziatzen jarraitzeko oinarriak ikusten dituztela. Gaur zortzi elkartuko dira berriz, Adegiren egoitzan, azkeneko bi bileretan bezala.

Aurrerapausoak ikusi arren, langileen ordezkariak zuhur mintzo dira, eta patronalari argi utzi nahi izan diote ez dietela uko egingo euren agendetan jasotako eskaera guztiei, eta bereziki bati:langile guztien subrogazio eskubidea bermatzeari. Aurreneko bileretan, argi geratu da hori izango dutela eztabaidagai nagusietakoa negoziazioetan.

Iaz Bizkaian adostutako metalaren hitzarmeneko harremanetan ere kartsuki defendatu zuten hori sindikatuek, eta sektorean azpikontratutako langile guztientzako eskatu zuten; azkenean, adostu zuten hori hala izatea kontratu publikoetan eta mantentze lanetakoetarako bakarrik eta sei hilabeteko antzinatasuna duten beharginentzat —ELAk ez zuen ituna babestu—.

Patronalaren eskaintzak

Horrek luze jo dezake; ez horrenbeste, aldiz, soldaten puntuak: igoerarik izan ez den urteetako KPIak kontuan hartuta, %8,8koa izatea proposatu du Adegik, eta sindikatuek ez dute gaizki ikusi; ohartarazi dute, baina, beste kontu bat dela hitzarmen berria indarrean egongo litzatekeen urteetarako soldaten akordioa. Hori urrun ikusten dute, patronalak oraindik ez baitu halakorik zehaztu. Adegik lau urterako akordioa nahi du, eta ELAk 2020. eta 2021. urteetarako soilik.

Ez dirudi arazo handirik izango dutenik, bestalde, azken urteetan negoziatu eta hitzarmen batzuetan jasotako beste puntu batzuekin: adibidez, ultraaktibitate mugagabea onartzea. Horretarako prest dago Adegi. Horrek ekarriko luke adostutako lan hitzarmenak indarrean jarraitzea beste lan itun batek ordezkatu arte. 2012ko lan erreformak urtebetera mugatu zuen ultraaktibitatea, eta Espainiako Gobernuak egin asmo dituen aldaketen artean lehentasuna izango luke hori indargabetzeak. Hortaz, Madrilen erabakiari aurrea hartuko lioke Gipuzkoako metalak, azkenean puntu hori itunean sartuko balu.

Adegik mahai gainean jarritako beste proposamen bat ere aurrez adostutako beste akordio baten transposizioa izango litzateke. Patronalak eskaini du Gipuzkoako metalaren hitzarmenari lehentasuna ematea Espainiakoaren aldean. Hain justu, puntu hori sektore guztietako lan itunetan sartzea adostu zuten lau sindikatu nagusiek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek —Confebasken sinadurarekin— lanbide arteko akordioa egin zutenean, 2017ko urtarrilean. Horrekin batera, Adegik proposatu du klausula berri bat sartzea, hitzarmenean egiten den edozein aldaketa alde guztien arteko adostasunarekin izan dadin behartzeko.

Abiapuntu «ona»

Sindikatuak baikor dira lehen bi bileren ostean. ELAren ustez, Adegik negoziatzeko agertu duen jarrera «benetakoa» da. UGTrentzat, «albiste ona» da patronalak mahai gainean proposamenak jarri izana, eta azpimarratu du horrek negoziazioan aurrera egitea errazten duela. CCOOrentzat, hasieran daude, eta ohartarazi du «alde nabarmenak» daudela sindikatuen eta patronalaren artean. LABen arabera, berriz, enpresaburuen elkarteak onartu behar izan du orain arteko bere estrategiak «porrot» egin duela eta bere burua negoziatzera behartuta ikusi du, «langileen antolaketarengatik eta borrokarengatik». Lehenengo bileran ez bezala, Adegik ez du bilerari buruzko baloraziorik egin.

Edukiei buruz, sindikatuek gogoratu dute langile guztien subrogazio eskubidea bermatze aldera patronalak ez duela proposamenik egin, eta salatu dute Adegik uko egin diola lanaldiak murrizteari eta gaixoaldian dauden langileei osagarriak emateari, haiek eskatu duten moduan. Horrez gain, proposamenak egin dituzte lan segurtasunaren inguruan, aldi baterako erregulazioen buruz, sexu arrakalaz eta deskonexio digitalari buruz, besteak beste, eta sindikatuek adierazi dute Adegik ez duela ezer esan horri guztiari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.