Beirutek, bi asteko larrialdi egoera ezarri, eta militarrak zabaldu ditu hiriburuan

Oposizioak Libanoko Gobernuaren jokabidea salatu du, eta «nazioarteko ikerketa independente bat» eskatu. Milaka tona laguntza iragarri ditu nazioarteak

Frantziako giza laguntzaileak erreskate lanetan Beiruteko portuan. NABIL MOUNZER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Lehendik krisi politiko eta ekonomiko betean zegoen herrialdea, eta are gehiago hondoratu du asteartean Beiruteko portuan izandako leherketak. Erreskate lanetan segitu zuten atzo suhiltzaile eta osasun langileek, eta lerro hauek idazteko unean 137 ziren hildakoak, eta 5.000 zaurituak; desagertuak, berriz, ehunka izan zitezkeela zioten hango komunikabideek. Horiei gehitu behar zaizkie eztandak etxerik gabe utzitako 300.000 herritarrak eta lana galdu duten beste milaka lagun. Gobernuak berehala egin zuen lehen urratsa, eta etxeko atxiloaldia ezarri zien Beiruteko Portuko Agintaritzako kideei; izan ere, hango biltegi batean sei urtez gordetako 2.750 tona amonio nitrato daude leherketaren atzean. Gertatutakoaren inguruko ikerketa abian da, eta gobernuak lau eguneko epea jarri du jazotakoa argitzeko. Bitartean, Michel Aoun presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri du hiriburuan, eta militarren esku utzi du segurtasunaren ardura. Neurriak bi aste iraungo du indarrean.

Herritarren gehiengoarentzat eta oposizioarentzat, ordea, Aounek eta haren ministroek hartutako neurriak ez dira nahikoak. «Ez gara fidatzen agintean dauden gaizkile horietaz. Nazioartearengatik ez balitz, Libano desagertuta legoke», ohartarazi du Walid Jumblatt buruzagi druso eta Alderdi Sozialista Progresistako kideak. Hark, Saad Hariri lehen ministro ohiaren Etorkizunerako Mugimendua koalizioak bezala, «nazioarteko ikerketa independente bat» eskatu du Beiruteko leherketari buruz.

Iraultzaren aldeko eta gobernuaren aurkako oihuak izan ziren nagusi Frantziako presidente Emmanuel Macronek Beirutera egindako bisitan ere. Eztanda izan zen gunetik gertu egindako agerraldian hitzeman zien herritarrei nazioarteko laguntza ez zela «esku usteletan» eroriko, eta erreforma politiko nahiz ekonomikoak egin zitzala eskatu zion Aounen gobernuari. «Akordio politiko berri baterako proposamena egingo diot gobernuari. Horretarako nago hemen. Irailaren 1ean itzuliko naiz egoera nola dagoen ikusteko», iragarri zuen Macronek, Beirutera heldu berritan. Frantziako presidentearen jarrerak Libanon nolabaiteko itxaropena piztu zuen arren, kritikak eragin zituen Frantzian, non oposizioak gogorarazi zion Libanok aspaldian utzi ziola Parisen kolonia izateari.

Luzerako ondorioak

Portuan izandako leherketaren ondorioak ez dira berehalakoan desagertuko. Milaka herritarrek euren lanak eta etxebizitzak galdu izanaz harago, nabarmen murriztuko da Libanok esportaziorako eta inportaziorako duen ahalmena. Hori dela eta, nazioartea azkar mugitu da, eta giza laguntza eta laguntza ekonomikoak iragarri ditu. Italiak eta Txinak, esaterako, iragarri dute hainbat tona botika bidaliko dituztela, eta Jordania prest agertu da 24 orduan erietxe bat eraikitzeko Beiruten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.