CAFek ez du batere argi Renferen kontratu erraldoia lortuko duenik

Sindikatuei jakinarazi die aukera handiak daudela 2.700 milioi euroko eskaera Alstomek eta Stadlerrek eramateko. Hala gertatuko balitz, arrisku batzuk leudeke enpleguaren alorrean

CAFek Beasainen duen fabrika, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Beasaingo CAF konpainiak aspaldian du begiz joa Renfe bere aldiriko trenen sarerako egiten ari den lehiaketa. 2.726 milioi euroko eskaera erraldoia da: 211 tren eta haien mantentze lana urte askoan, baita gerora beste 120 tren eskatzeko aukera ere; halako kontratu bat eskuratzeak lan karga bermatuko luke aldi luze baterako Irungo eta Beasaingo lantegietan. Baina urtea amaitu aurretik Renfek adjudikatzekoa duen kontratu handi hori ez da CAFentzat izango, konpainiak berak uste duenez. Hala helarazi dio zuzendaritzak sindikatu batzuei, BERRIAk jakin duenez. CAFek esan die litekeena dela Frantziako Alstom eta Suitzako Stadler konpainiek lortzea megakontratua esan dioten hori; izan ere, bi zatitan banatuko dute kontratua, bata mila milioi ingurukoa eta bestea 1.700 ingurukoa; krisiaren gordinean haize garbia inondik ere.

Egunkari honek galdetuta,CAFek adierazi du ez dakiela lehiaketaren irabazleak nor edo nortzuk izango diren; eta erantsi du «dena» irekita dagoela, «edozein izan daitekeela». Onartu du, hala ere, «kolpe handia» litzatekeela kontratuaren zatietako bat behintzat ez lortzea, horrek fabriketako lan kargan eragina lukeelako.

2022ko lan karga litzateke

Hala, gogoak jasotako kolpeaz harago, enpleguan eragin dezake Renferen kontratu desiratua ez lortzeak. Enpresak sindikatuekin hitzartuta dauka lan poltsako ehun behargin beharrera deitzea iraila amaitu aurretik. «COVIDaren krisia iritsi zenean, Beasaingo eta Irungo fabrikak ixteko akordioa egin genuen, lanordu horien %80 berreskuratzeko konpromisoarekin», azaldu du LABeko ordezkari Aitor Martinezek; LAB da lehen indarra CAFen, hala Beasainen nola Irunen. Martxoaren 16tik apirilaren 20ra itxita egon ziren, eta lan poltsako beharginak deituko zituela agindu zuen enpresak. Bada, zuzendaritzak denbora gehiago eskatu du neurri hori betetzeko; «55 deitu dituzte lanera, baina beste 45 falta dira. Renferen kontratu hori lortzeak edo ez 2022an izango luke eragina; beraz, ez du zerikusirik gauza batek eta besteak», argitu du Martinezek.

Aldiriko trenetan lehiakide irmoa da CAF, eta Renfek adjudikatu behar du kontratua, ez urrutiko konpainia batek. Baina CAF ez da Espainiako Estatuaren konpainia babestua; ez da Talgo, eta ez du atzean estatu sendo bat krisiaren gordinean inbertsio publiko handiekin babes dezan. Horregatik, gerta daiteke CAFentzat gauzak ongi ez ateratzea sektoreko konpainia guztiak zain-zain dituen kontratuaren auzian; Renferi eta Espainiako Sustapen Ministerioari erreparatu die enpresak aurreikuspen ezkor horiek azaltzean.

«Kontratu hori lortzeko zailtasunak ikusten dituztela esan digute guri, baina hori besterik ez», azaldu du LABeko ordezkariak. Ez daki sinesgarria den edo ez Alstomen eta Stadlerren aldeko teoria; «agian kontratua zati txikiagotan banatuko dute; ez dago oso garbi». Baina badaki «enkargu berriak lortzea» apaldu egin dela, eta espero du krisi hori «epe labur baterako» izatea. Edonola ere, Martinezek garbi utzi du LAB sindikatua lanean ariko dela zuzendaritzaren konpromisoak bete daitezen. «Balizko lan karga falta baten aurrean, eta bestela ere bai, Euskal Herriko plantak lehenesteko indarra egitea izango daLABen lana», ohartarazi du.

Ez dago iturri zuzenagoak aipatzerik Renferi eta Sustapen Ministerioari erreparatuz gero, baina badira zenbait aldagai indartzen dutenak kontratua CAFen lehiakideen mahaian erortzeko aukera. Aldiriko 211 tren berri horiek Katalunian eta Madrilen ibiliko dira batik bat, baina 50 bat Valentziako sarera joango dira, Herrialde Katalanetara. Bada, Alstomek 2.000 lanpostu inguru ematen ditu Bartzelonako eta Madrilgo plantetan. Espainiako Sustapen ministro Jose Luis Abalosek kontratuaren zati bat Kataluniara eraman nahiko lukeela ere kaleratu dute hedabide batzuek. Autogintzako fabrika handien krisia apaltzeko nahiko luke Abalosek inbertsio hori Bartzelonan; Nissanen porrota arintzeko, esaterako.

Stadler litzateke beste sariduna hipotesi berari jarraituz. Albuixecheko plantan (Valentzia) inbertsio handia egiteko erabakia hartu berri du: 40 milioi euro baliatuko ditu, eta 500 enplegu berri agindu ditu.

258 milioi euro, ekainean

Eta Talgo espainiarra? 2016ko hondarrean mendeko kontratua esan zioten eskaera eman zion Renfek, 2.642 milioi eurokoa, orduan ere CAFekin lehia estuan eta tentsio handiaren ostean. Horiek horrela, Espainiako konpainiak lan karga bermaturik dauka estatuaren bidez lortzen dituen eskaerei esker.

CAFek, berriz, Renferen 258 milioi euroko kontratu bat eraman berri du uda hasi bezain laster, eta kontsolazio sari horrekin gelditu beharko du aurreikuspen ezkorra betetzen bada; baliteke euskal konpainiak nazioarteko merkatuetan lehiatzeko erakutsi duen bikaintasunak eta fidagarritasunak ez jokatzea haren alde Madrilgo Sustapen Ministerioan. Horrek ez du aldatuko, hala ere, enpresaren egungo eskaeren poltsaren oparotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.