DSBE berriak pentsiodunak eta adingabeak dituzten familiak lehenetsiko ditu

Alargunek 893 euro jasotzea bermatu nahi da. Familientzako erroldatze epea hiru urtetik bira gutxituko da. Lan eskaintzak ez onartzea gogorrago zigortuko da

Pertsona batzuk, Lanbideren bulego batean sartzeko txandaren zain. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) erreformak hobetu egingo ditu pentsiodunentzako, guraso bakarreko familientzako eta adingabeak ardurapean dituztenentzako laguntzak. Halaber, errenta kobratzen duten pertsonen lan aktibazioa bultzatuko du. Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak lege egitasmoaren zirriborroa aurkeztu zuen atzo. Testuak hainbat berritasun ditu. Hauek dira nagusiak: erroldatze epea hiru urtetik bira gutxitzea adingabeak dituzten familientzat; laguntzaren zati bat galtzeko aukera, osorik galdu beharrean, haurrak babesteko neurri gisa; baldintzak ez betetzeagatik ezarritako ondorioak gogortzea, adibidez lan eskaintza bati uko egiten denean; eta errenta hilabete bateko epean jasotzen hasteko aukera.

Oraindik zirriborro bat da legearen erreforma, eta ekarpenetara irekita dago. Mendiak gogoratu duenez, aurreko legealdian «posible izan ez zena» gauzatu nahi dute orain. Lege egitasmo bat aurkeztu zuten orduan, baina, azken orduan, aurrera egitea zaila izango zela ikusita, bertan behera utzi zuten. Orain, gobernuak gehiengo osoa du legebiltzarrean.

Jaurlaritzaren nahia da lege berria datorren urteko udazkenean sartzea indarrean. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak sortu duen bizitzeko gutxieneko errenta (426 eurokoa) DSBEan integratu beharko du.

BALDINTZAK

Erreformarako proiektu berriak DSBEa eskatzeko baldintza nagusiari eusten dio, hau da, hiru urtez erroldatuta egotea, baina berrikuntza bat du: adingabeak dituzten familientzat, hiru urtetik bira jaitsiko da. Halaber, ezabatu egingo da erroldatze baldintza «terrorismoaren biktima» izendatutakoentzat, eta atzerriko euskalgizataldeentzat edo euskal diasporako kideentzat.

Izapideak sinplifikatu egingo dira, laguntza eskatzen duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bat ezarriz, dokumentuak aurrezteko. Horrekin, eskaera egin eta hurrengo hilabetean kobratuko ahal izango da laguntza, epeak aurreratuta. Baina deklarazioak faltsukeriarik badu, zehapena bi urtekoa izango da, eta tarte horretan ezingo da laguntzarik jaso.

Era berean, prozesua arintzeko, digitalizazioa bultzatuko da, baina beti egongo da aurrez-aurreko arreta Lanbiden. Horrekin, enplegu zerbitzuan egun dagoen lan karga arindu nahi dute, eta haren jarduna enplegu politika aktiboetara gehiago bideratu.

Egitasmoak jasotzen duen beste berritasun bat da laguntza mugarik gabe aitortuko dela, baina aldian aldiko kontrolekin. Horretarako, ikuskatzaile talde bat sortuko da, Lanbideko langileekin.

KOPURUAK

Oro har, aldaketa handirik ez da aurreikusten kopuruetan. Handitu egingo dira guraso bakarreko familiek, adingabeak ardurapean dituztenek eta pentsiodunek jasoko dutena. Gainerakoen kasuan, oraingoen antzekoak izango dira. Etxebizitzarako laguntza osagarria desagertu egingo da.

Gaur egun, gehienez 706 euro jasotzen dituzte norbanakoek, 907 euro bi kideko familiek, eta 1.003 euro hirukoek eta gainerako familiek. Lege berriarekin, ardurapean pertsonaren (normalean adingaberen bat) bat dutenek osagarri bat jasoko dute; %50ekoa izango da laguntzaren titularrarentzat —aitarentzat edo amarentzat—, eta %30ekoa seme-alaba bakoitzeko.

Pentsiodunei dagokienez, berriz, haietako askok DSBEa jasotzen dute pentsioak osatzeko, bereziki alargunek. Bakarrik dauden pentsiodunek 893 euro jasotzea bermatu nahi da, egun baino 83 euro gehiago.

LAN AKTIBAZIOA

DSBEaren beste helburu nagusia da lan egiteko adinean dauden eta errenta kobratzen duten pertsonek enplegu bat lortzea. Horretarako, Lanbidek onuradunei gutxienez lan eskaintza bat edo prestakuntza jarduera bat eskaintzeko betebeharra izango du. Aldi berean, gogortu egingo dira lan eskaintza bat ez onartzearen ondorioak: horietako bati uko eginez gero, laguntza galduko da.

Lan bilaketa sustatzeko osagarrietan berrikuntza bat dago: lehen, bi urtera mugatuta zeuden laguntza horiek, eta, orain, mugagabe bihurtuko dira. Osagarri horiek kobratzen dituzte, adibidez, lanaldi erdiak egiten dituzten pertsonek. Horien bidez, lanaldi luzeagoen bilaketa bultzatu nahi da, haientzat errentagarriagoa izan dadin hori egitea DSBEa osagarri gisa jasotzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.