Afganistandik irtendakoak Europara iritsi aurretik ekin nahi dio Bruselak

Johanssonen ustez, eskualdetik atera aurretik artatzea da konponbidea. Talibanak Abdullahrekin eta Karzairekin bildu dira. Matxinoek hiru lagun hil dituzte herrialdeko banderaren aldeko protestetan

Taliban talde bat, Kandaharren. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Mendebaldeko estatuek beren herritarrak eta haiekin lan egindako afganistandarrak hegazkinetan ebakuatzen dihardute oraindik. Batzuek dozenaka, eta beste hainbatek ehunka. EB Europako Batasuneko kideek, ordea, gerora Afganistandik irits daitezkeen migratzaileengan jarri dute arreta. Hala adierazi du Ylva Johansson Barne komisarioak, EBko Barne ministroekin bildu ostean: «Litekeena da Afganistango ezegonkortasunak migrazio presioaren gorakada eragitea. Beraz, jokaleku guztietarako prestatzen ari gara».

Batasuneko kide bakoitzak konpromisoa hartu du Kabulen beraiekin lan egindako afganiarrak eta haien familiak hartzeko. Horrez gain, Bruselak EBrekin lan egindako beste 500 lagun ere hartzeko eskatu die estatu kideei. Hortik aurrera, baina, estatu kideek ez dute ikuspegi bateraturik Europara irits daitezkeen migratzaile afganiarrekin izan behar duten jokabidearen inguruan. Alemaniako kantziler Angela Merkelek jada adierazi zuen hori asteartean: «EBren ahulguneetako bat da asilo politika bateraturik ez izatea».

Hala, migratzaileak «EBko mugetara iritsi aurretik» ekin beharra nabarmendu du Johanssonek: «Era irregular eta kontrolatu gabean EBrako bidea hartzea eragotzi behar dugu». Azken egunetan, EBko hainbat gobernu eta estatuburuk ere «migrazio fluxu irregularrak» eteteko beharra nabarmendu dute, eta horiekin bat egin du Barne komisarioak. Haren esanetan, Afganistanen jarduten duten erakundeei eta herrialde harekin muga egiten duten estatuei laguntzea da konponbidea; «batez ere, Pakistani, Irani eta Tajikistani, baina baita Turkiari ere». Izan ere, hainbat agintarik adierazi dute herrialde harekin 2016an eginiko migrazio akordioa berritzeko beharra.

Batasunera irits daitezkeen afganistandarren inguruan, berriz, Johanssonek azaldu du Bruselak «harrera kuotak handitzeko» eskatu diela estatu kideei, batez ere, emakumeak eta neskatoak jaso ditzaten: «Nire ustez, argi dago Afganistango emakumeak eta neskak arriskuan daudela. Harrera bide irregularren gainetik jartzeak genero dimentsio bat du, kasu honetan».

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, urtea hasi zenetik 550.000 lagun baino gehiago desplazatu dira Afganistanen, baina ez dira asko azken asteetan herrialdeko mugak zeharkatu dituztenak. Halere, egoera «bilakaera azkarra» izaten ari dela uste du erakundeak, eta litekeena dela kopuruak nabarmen gora egitea.

Iran da mugakide horietako bat. Teheranek jakinarazi duenez, oraingoz ez da egon ezohiko mugimendurik inguruan, baina neurriak hartzen hasi da irits daitekeenari aurre egiteko. Irango Gobernuak adierazi du pasabideak itxi eta Afganistanekiko mugan behin-behineko harrera guneak ezarri dituela. Hala, muga igarotzen dutenak itzularazteko agindua dute segurtasun indarrek. Neurria indarrean egongo da egoera «egonkortu» arte. Gobernuak herrialdeko krisi ekonomikoa aipatu du erabakia arrazoitzeko orduan, baita migratzaileen iritsierak COVID-19ak eragindako osasun egoera larrian izan ditzakeen ondorioak ere. Iranera sartuko balira ere, migratzaileek zail dute Europarako bidea hartzea. Izan ere, Turkiak muga indartu du. Duela aste batzuk, horma bat eraikitzen hasi zen, gerta zitekeenaren esperoan.

Abdul Ghani Baradar talibanen Dohako bulego politikoko burua eta haren taldea asteartean iritsi ziren Kandaharrera, 1996tik 2001era bitarte Afganistango Emirerri Islamikoaren hiriburu izandakora. Talibanen negoziatzaileek ez dute denborarik galdu, eta ordezkaritza bat HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahrekin eta Hamid Karzai Afganistango presidente ohiarekin bildu da Kabulen. Haien buru izan da Anas Haqqani bulego politikoko kide eta Sirajuddin Haqqaniren anaia. Azken hori talibanen buruzagietako bat da, eta Haqqani Sarea talde armatuko burua.

Elkarrizketa horien inguruko xehetasunik ez da argitaratu, baina Tolonews albiste agentziak jakinarazi du «gobernu inklusibo baten» sorrera izan dutela hizpide. «Gakoa da nola ezarri daitekeen denek onartuko duten gobernu inklusibo bat, gizartearen garapenerako bidean», azaldu dio agentziari Gul Rahman Qazik, Karzairen laguntzaileetako batek.

«Itzaletatik» ateratzen

Talibanek Tolonewsi aurreratu diote aurki emango dutela gobernu berri bat osatzeko beste indar politikoekin eta nazioarteko eragileekin adostutakoaren berri. Baliteke talibanen buruzagi nagusien agerraldiarekin batera egitea. Izan ere, matxinoek azaldu dute horiek «itzaletatik» ateratzeko prest daudela. Horiek, Sirajuddin Haqqaniz eta Baradarrez gain, taldeko lider Haibatullah Akhundzada eta Mohammed Yaqoob —erakundeko lehen lider Mohammed Omarren semea— lirateke.

Talibanek Afganistango gainerako indar politiko eta etnikoetara gerturatzeko bitartekaritzat hartu dute Karzaik eta Abdullahk gidatutako koordinazio batzordea. Badira, baina, hori onartzen ez dutenak. Oraintsu arte Afganistango presidenteorde izaniko Amrullah Salehk adierazi du Axraf Ghani presidentearen ihesak utzitako hutsunea betetzeko «legitimotasuna» duela, eta talibanen aurkako «erresistentziara» batzeko deia egin du. Hura eta haren jarraitzaileak Panjxir eskualdean egin dira indartsu; talibanen esku ez dagoen eremu bakarra da hori.

Horrez gain, protestak egin dira hainbat hiritan, Afganistango bandera —beltza, gorria eta berdea— Emirerri Islamikoko banderarekin —Xahada, islamiar fede profesa, idatzita daraman oihal zuria— ordezkatu izana kritikatzeko. Manifestazio handiena Jalalabaden egin zen, Nangarhar eskualdeko hiriburuan, atzo: talibanek gutxienez bi lagun hil zituzten tiroz, eta dozena bat zauritu, Khaama agentziaren arabera.

Bide batez, argitu da Ghani non dagoen. Tajikistanen ezkutatuta zegoela adierazi dute hainbat hedabidek azken egunetan, Afganistango zenbait hegazkin eta helikoptero militarrek han lur hartu baitzuten igandean. Halere, Arabiar Emirerri Batuek jakinarazi dute euren herrialdean jaso dutela, «arrazoi humanitarioengatik». Ghanik berak ere baieztatu du, etabere herrialdetik ihes egin izana defendatu du, esanez «odola isuri ez zedin» egin zuela.

Talibanek beren azken agintaldian izan zuten aliatu bakanetakoa zen Ghani, 2001ean harremanak hautsi zituzten arte. Egunotan, berriz, herrialdeko aireportuak Kabulen eta Mendebaldeko herrialdeen arteko lotura lana egiten ari dira, EBko, AEBetako eta Erresuma Batuko hegazkinentzat, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.