Munduko haurren ia erdiak klima larrialdiaren mehatxu «oso larrien» pean bizi dira

Umeek klima aldaketa dela-eta duten arriskuaz eta zaurgarritasunaz ohartarazi du Unicefek. Gehien mehatxatuta dauden herrialdeek kutsatzen dute gutxien

Bi pertsona hankak uretan dituztela, Jakartan, iragan otsailean. UNICEF.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Klima krisiak «eragin suntsitzailea» du mundu osoko haurren «ongizatean», Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, baina denak ez dira ari berdin pairatzen. Horixe da erakundeak atzo publikatutako txosten batetik eratorritako ondoriorik agerikoenetako bat. Haurrek klima larrialdia dela-eta duten arrisku eta zaurgarritasun mailaren araberako banaketa egin du erakundeak, «klima arriskuei haurren ikuspegitik» erreparatzeko asmoz, eta ikerketaren emaitzak ezagutarazi zituen atzo, txosten batean.

«Belaunaldi honetako haurren giza eskubideen erronka nagusia» izango da klima krisia, Unicefen esanetan. Intentsitate maila handieneko eremuak zein diren jakitea «funtsezkoa» dela azaldu du, hari aurre egiteko neurriak hartzeko.

Arrisku eta zaurgarritasun maila konbinatu, eta indize bat erabili du, bi aldagai horien araberako sailkapena egiteko: CCRI Haurren Klima eta Ingurumen Arrisku Indizea. Ikerketak erakusten du mundu mailako haurren zati handi bat indize horren arabera «arrisku oso handiko» lekutzat hartutakoetan bizi direla. Zehazki, 1.000 milioi haur daude egoera horretan, munduko ume guztien erdiak baino gutxixeago —2.200 milioi inguru dira denera—.

Bederatzi «arrisku, inpaktu eta tentsio» mota bereizi ditu Unicefek: muturreko tenperaturak, ur eskasia, ibaietako uholdeak, kostaldeko uholdeak, zikloiak izateko arriskua, gaixotasunak garatzeko arriskua, aire kutsadura, lurzoruaren kutsadura eta urarena. Bakoitzaren eraginaren azterketa egin du. Txostenean jasotako datuen arabera, munduko ia haur guztiei —%99ri baino gehiagori— eragiten diehorietakoren batek. Ur eskasia da gehien hedatua dagoena, 920 milioi haurrek horren arrisku handia dutela baitio ikerketak. Egoera larriagotu egiten da mehatxuak pilatu ahala, ordea, elkar elikatu ohi baitute. Aldagaietako gutxienez seiren inpaktua jasaten dutenak daude larrien; 80 milioi haur dira horiek, erakundearen zenbakietan.

«Erresilientzia gaitasunaren» araberakoa da arrisku horien eragina, erakundeak azaldu duenez, eta denean ez da berdina. «Haur batzuk besteak baino zaurgarriagoak dira klima aldaketaren inpaktuarekiko, egoera aldakorra baita haientzat funtsezkoak diren zerbitzuen kalitatea eta horien eskuragarritasuna kontuan hartuta; hala nola ura, saneamendua, arreta medikoa, elikadura eta hezkuntza», dio txostenak. Bi hemisferioen arteko aldea nabarmena da, eta zer esanik ez Afrikak gainerako kontinenteekin duena. Izan ere, zaurgarritasun maila «oso handia» dauka ia osotasunean, iparraldeko eta hegoaldeko zenbait herrialde salbuetsita.

CCRIren sailkapenean ere goialdean ageri dira Afrikako herrialdeak. Afrika Erdiko Errepublikak, Txadek, Nigeriak eta Gineak dute indizerik handiena. Txikiena, berriz, Islandiak du, eta atzetik ditu Luxenburgo, Zeelanda Berria eta Finlandia, hurrenkera horretan.

Adierazgarria da, bestalde, berotegi efektuko gas isuriei erreparatuta, hain zaurgarri ageri diren herrialde horien kutsatze maila apala dela gainerakoen aldean. CCRIren arabera, «arrisku oso handikotzat» hartutako 33 herrialdeak mundu mailako CO2 isurien %9 soilik botatzen dute. Balantzaren bestaldean daude gas horren isurlerik handienak diren hamar herrialdeak. Isuri kopuru osoaren %70 haiena da, eta horietako bakarra dago 33ko multzo horren barruan: India. Desoreka horren inguruan ohartarazi zuen, txostena aurkezteaz bat, Henrietta Fore Unicefeko zuzendari exekutiboak: «Haurrak ez dira mundu mailako tenperaturaren igoeraren erantzule, baina haiekjasango dituzte ondoriorik okerrenak. Klima aldaketan erantzukizunik txikiena duten herrialdetako haurrek gainerakoek baino gehiago sufrituko dute».

Ondorioak pairatzeko modua haurren eta helduen kasuan desberdina dela ere azpimarratzen du txostenak. Argudioetako bat da «fisiologikoki» helduak baino «ahulagoak» direla, eta klima aldaketak larriagotu litzakeen gaixotasunen eraginez heriotza tasa handiagoa izateko arriskua dutela; hala nola malariaren eta dengearen kasuan.

Ekin beharra

Egoeraren larria erretratatzeaz gain, hura aldarazteko proposamenak eta eskariak ere jasota daude txostenean. Zaurgarritasuna handitzen duten faktoreei nahiz arriskua areagotzen dutenei aurre egitea proposatzen du; besteak beste, isuriak gutxituz eta haurren eta gazteen ingurumen politikan parte hartzeko tresnak ahalbidetuz.

Zehaztasun gehiago ere bada neurriotan, eta, horietako batzuk hartuz gero, haurren arrisku maila zenbateraino apaldu litekeen erakusten du. Esate baterako,babes sozialean baliatzeko inbertsioak handitzeko eskatzen du, eta 310 milioi haur arrisku egoeratik atera litezkeela horrela.Izan ere, pobrezia maila apaldu, eta klima aldaketaren inpaktuarekiko erresilientzia irabazikolitzatekeela argudiatzen du erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.