Madrilek proposatu du kotizazioen igoeren heren bat langileek jartzea

Pentsioen erreserba funts berrirako izango litzateke jasotako dirua, eta horrekin Espainiako Gobernuak espero du 2.000 milioi euro biltzea urtero. Soldata garbiak %0,2 txikituko lirateke

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak eta Eskubide Sozialen Gutunekoak, Iruñean atzo eginiko elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Aste erabakigarria pentsioen sistemaren erreforman. Espainiako Gobernuak astebeteko epea jarri dio bere buruari bigarren zatia adosteko. Abuztuan aurrera egin zuen lehen parteak, Espainiako Kongresura bidalita, eta hor, besteak beste, pentsioak KPIaren arabera igotzea eta erretiro adinak atzeratzea jaso zuten. Oraingo negoziazioetan, berriz, pentsioen sistemaren finantzaketan funtsezkoa diren elementuak daude mahai gainean, eta bat bereziki, jasangarritasun mekanismoaren ordezkoa edo, gobernuaren hitzetan, belaunaldi arteko berdintasun mekanismoa. Horrek zehaztuko du etorkizuneko pentsioen goratzea nola egingo den eta, funtsean, egun hutsik dagoen pentsioen sistemako kutxa nola beteko den.

Espainiako Gobernuaren proposamena da horretarako langileen kotizazioak igotzea, eta, horrenbestez, pentsioak ez murriztea, indarrean den legediarekin jarraituko balitz gertatuko litzatekeena. Negoziazioetan parte hartzen ari diren CCOO eta UGT sindikatuek begi onez ikusten dute neurria; CEOE eta Cepyme patronalek, berriz, zalantza gehiago dituzte eta, oraingoz, ez dute aldeko jarrerarik agertu, baina ezta kontrakorik ere.

Aurreko astean aurkeztu zuen egitasmoa Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak: proposatu zuen kotizazioak %0,5 igotzea, hamar urtez. Atzoko bileran, hamarren bat gehitu zuen, %0,6ra iritsiz, eta honela banatzea proposatu zuen: igoeraren bi heren enpresek beren gain hartzea, eta gainerako herena langileek. Beste era batera esanda, soldata gordina %0,4 handitu beharko lukete enpresek, eta garbia %0,2 txikituko litzaieke langileei. Batez besteko soldata batean hamabi euro izango lirateke: zortzi jarriko lituzke enpresak eta lau langileak. Hasiera batean banaketa hori erdibana egitea proposatu zuen gobernuak.

Neurria gutxienez hamar urtez mantenduko litzateke, 2023tik 2033ra. Gaur egun %28,3koa da kotizazio tasa (enpresak %23,6, langileak %4,7), eta %28,9 izango litzateke: 2.000 milioi euro gehiago izango lirateke Gizarte Segurantzaren kutxarako, zehazki erreserba funts berrirako.

Atzo arratsaldean, bilera amaitu berritan ezagutarazi zuten gobernuaren eskaintza sindikatuek, ohar bateratu batean. Aurreko astean bezala, sistema berria babestu zuten, baina adierazi zuten enpresek eta langileek egin behar dituzten ekarpenen banaketa «hobea» izan daitekeela. Gobernuarentzat, berriz, bide onetik doaz elkarrizketak; «aurrerapausoak» ematen ari direla eta elkarrizketek datozen egunetan jarraituko dutela azaldu zuten ministerioko iturriek, berri agentzien bidez. Patronalak ez zuen balorazio ofizialik egin. Aurreko proposamenarekin ez ziren erabat ados agertu, eta oraingo banaketa ikusita, jarrera gogortzea espero da.

'Baby boom' belaunaldia

Gaur egun Madrilen eztabaidagai dago Mariano Rajoyren agintaldian ezarritako finantzaketa mekanismoa nola ordezkatu. Horrekin pentsio berriak txikitzea bilatzen zen, sistemaren itsulapikoa betetzeko. Pentsioen zenbatekoa murriztuz joan behar zen bizi itxaropena handitu ahala, baina ez zen indarrean ezarri, pentsiodunen protestak eta gobernu aldaketak tarteko.

Espainiako Estatuaren pentsioen sistemak erronka handi bati egin behar dio aurre epe motz-ertainera begira. 2023an hasiko dira erretiroa hartzen 1950eko hamarkadaren amaiera aldetik 1970ekoaren erdialdera arte jaiotakoak, baby boom deituriko belaunaldikoak. Pentsioen kutxari 2.000 milioi euro baino ez zaizkio geratzen; hamar urtean66.000 milioi euro galdu ditu eta Espainiako Gobernuaren aurrekontuetatik tira egin behar du pentsio guztiak ordaintzeko. Hori dela eta, Europako Batzordeak ere exijitu du erreforma sakon bat.

Hala, diru gehiago biltzeaz gain, pentsioetako gastua mugatzeko kontrol neurriak ere nahi ditu Escrivak. Besteak beste, proposatu du gastuaren desbideraketa BPGaren %0,8ra mugatzea. Eta kontuak orekatzeko Erreserba Funtsetik ezin izango luke BPGaren %0,2aren muga gainditu.

Horiek ez balira nahikoa kontuen desoreka berdintzeko, pentsioen gastuaren murrizketa adostu beharko luke eragile sozialekin. Eta neurri horiek guztiak nahikoa ez balira, gobernuak kotizazioen beste igoera bat ere adostu ahalko luke patronalarekin eta sindikatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.