Epsilon Euskadik utzitako haize tunela berriz martxan jarriko du CTAk

Aeronautika laborategiak aurreakordioa lortu du Arabako Parke Teknologikoarekin, eta gutxienez bi urterako alokatuko du instalazioa. 600.000 euro beharko dira tunela egokitu eta martxan jartzeko

Alberto Contador txirrindulari ohiak tunela erabili zuen 2010ean. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Epsilon Euskadik Miñaoko parke teknologikoan (Araba) eraikitako haize tunela ufadaka hasiko da berriz. BERRIAk jakin ahal izan duenez, CTA fundazioak aurreakordio bat du Arabako Parke Teknologikoarekin —hura da Epsilonek utzitako instalazioen jabea—, eta gutxienez bi urterako alokatuko du tunela. CTA fundazioa aeronautika probak egiten dituen laborategi bat da, eta sektoreko enpresa garrantzitsu batek eginiko eskakizunei erantzuteko behar dute tunela. Tunela geldirik dago 2012az geroztik, eta hura teknologikoki berpizteak 600.000 euro inguruko kostua izango du parkearentzat, baina alokairuarekin estaliko luke lehen inbertsio hori.

Haize tunela Epsilon Euskadiren porrotaren ikurra izan zen. 2009an eraiki zuten puntako teknologia instalazioa, 1 Formulako talde izateko asmoa zuenaren aerodinamika azterketak egiteko. Epsilon Euskadik, baina, porrot egin zuen 2012an, eta hartaz geroztik turbina geldirik egon da. Hamar urte geroago, teknologia ez da hain puntakoa, baina bai lehiakorra, eta CTA fundazioak hura berriz martxan jartzeko pausoa eman du. Garai hartan, bultzatzaileek zabaldu zuten tunelak 25-30 milioi euroko balioa zuela. 1.000 zaldiko potentziadun turbina du, eta orduko 270 kilometroko haize ufadak sor ditzake. 2009an tankera horretako bi tunel zeuden Europan; egun, berriz, 30 inguru dira.

Horrelako instalazio bat berriz martxan jartzeko, baina, egitasmo sendo bat behar da, eta hor sartzen da jokoan CTAren atea jo duen enpresa. CTAk aurretik hainbat kontratu izan ditu aeronautika enpresa handiekin (Airbus, Boeing...), eta, bezero berriaren nahia asetzeko, tunela behar du. Parkearekin lorturiko aurreakordioaren arabera, bi urterako alokatuko du tunela, eta hortik aurrera urtez urte luzatu ahal izango du. Dena den, ez litzateke harritzekoa beste bizpahiru urtez luzatzea. Aurreikuspen baikorrek eta bezeroaren bermeak eraman dituzte tunela martxan jartzera CTAko patronoak (Jaurlaritza, Bizkaiko eta Arabako aldun- diak, ITP, Aernnova, Sener eta 11 enpresa txikiren elkarte bat). Fundazioak Miñaon du egoitza.

Tunela berriz martxan jartzea Arabako parkearen aspaldiko helburua zen. Urte luzez saltzen saiatu ondoren, azkenean alokatu egin dute. Egokitze lanetarako 600.000 euroko funts bat onartu du aurrekontuetan. Egokitze lan horien artean daude, besteak beste, softwarea eta lizentziak berritzea, tuneleko tapiz mugikorra aldatzea, entsegu banku berria eraikitzea... Aeronautika probetarako egokituko dute, eta hori da erabilerarik konplexuena. Ondorioz, prest legoke erabilera sinpleagoetarako ere, esaterako, trengintzari loturikoak edo akademikoak.

Tunelaren berriz martxan jarrita, Miñaoko Marie Curie eraikin osoa okupatuta legoke. Epsilon Euskadik hutsik utzitako 15.000 metro koadroko pabiloia da. Egun bi enpresa daude bertan: AVS, NASArekin lankidetzan diharduen aeronautika enpresa, eta Alisea Esco, energia sektorekoa. Horrek 250 langile gehiago eraman nahi ditu Miñaora. Handitze horrekin eta haize tunelaren aktibazioarekin, eraikin enblematiko osoa okupatuta legoke.

CTAk erabiliko du tunela, baina ez dio bezero bakarrari eskainiko. BERRIAk jakin ahal izan duenez, lehen enkarguarekin kostuen zati handi bat ordainduko luke, baina asmoa da ahalik eta gehien erabiltzea. Bere garaian Epsilon saiatu zen tunelari erabilera komertziala ematen, baina ez zuen lortu. Erakunde publikoek badakite tunela martxan jartzea albiste ona dela. Pandemiaren ondoren aeronautika apurka suspertzen ari da, eta enpresa garrantzitsu bat erakarri izana beste batzuentzat amu ona izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.