CAFek hazten jarraitzen du, Alstomi Alsaziako fabrika eta bi tren erosita

Reichshoffeneko lantegiak 760 langile ditu, eta han egiten dute aurrerantzean CAFena izango den Coradia Polyvalent modeloa. Alemanian eta Frantzian kontratu gehiago lortzea espero du CAFek

Coradia Polyvalent plataformako tren bat, Frantzian. CRAMOS.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
CAFek beste urrats bat egin du Europako trengintzan eragile nagusietako bat bilakatzeko. Eta ez da pauso txikia, 750 langiletik gorako fabrika bat ez ezik, Frantzian eta Alemanian kontratu franko lortu dituzten bi tren plataformaren jabetza eskuratu baitu. Gainera, lehiakide baten kontura egin du; gogo txarrez bada ere, Alstomek CAFi saldu behar izan dizkio Reichshoffen herriko lantegia (Alsazia, Frantzia) eta Coradia Polyvalent eta Talent 3 plataformak. Europako Batzordeak behartu du aktibo horiek saltzera, Bombardier lehiakidea irensteko baimenaren truke.

Aukeran, Alstomek ez zituen lantegia eta plataformak CAFen esku utzi nahi, ez zuelako indartu nahi jada Frantziako bere merkatu nagusian bi kontratu handiostu dizkion lehiakide bat. Kontratu horietako bat —146 tren Paris eta inguruko hiriak lotzen dituen RER 1 linearako, Bombardierrekin batera—, trabatu nahi izan zuen Alstomek, baina ez zuen lortu, administrazioak aurka jarri zitzaizkiolako.

CAFen eskaintza alde batera utzi, eta Alstomek erabaki zuen Skodarekin negoziazioa hobestea. Elkarrizketa horiek luzeak izan dira, baina ez dute fruiturik eman, antza, Txekiako Errepublikako ekoizleak diru gutxi eskaini zuelako. CAFek ez du jakinarazi zenbat diru ordainduko duen, baina hedabide batzuek aurreratu dute 75 milioi euro izan daitezkeela. Salerosketa 2022ko apirilaren eta irailaren artean ixtea espero du Beasaingo enpresak.

Langileak, pozik

Berria ongi hartu dute Reichsoffeko sindikatuek, nahiz eta «zapore mingotsa uzten duen 75.000 langileko talde bat uzteak», Daniel Dreger fabrikako CGT-FO-CGC intersindikaleko bozeramaileak aitortu duenez. CAFek eta ez Skodak erostea «langileak lasaitzen dituen berri bat» da. «CAF kontratu asko eta merkatu kuota lortzeko bidean da. Skodak eskain zezakeenarekin alderatuta, askoz lan karga handiagoa eskain dezake». Epe erdian ez dute kezka handirik Alsaziako lantegian, Alstomek 2026 arterako lan kargua bermatu dielako. «Erosketaren ondoren ere, kontsortzio batean jarraituko dugu Regiolis trenak egiteko, hidrogenoa darabiltenak nagusiki», gaineratu du Dregerrek, eta oharra egin die jabe berriei: «Alstomen lortu genuen guztiagatik CAFekin borrokatu beharko gara, eta ez da afera erraza izango».

Frantzia eta Alemania

Alsaziako fabrikan egiten dira Coradia Polyvalent trenak. Aurrerantzean CAFena izango da modelo hori. Alstomen distantzia erdiko trenak dira Coradia modelokoak, eta Polyvalent horien arteko plataformarik modernoena da, 2014. urtean sortutakoa. Coradia Polyvalent trenaren lehen unitateak 2014ko apirilean hasi ziren funtzionatzen, SNCF Frantziako trenbide enpresa publikoak kudeatzen dituen Akitaniako, Okzitaniako eta Frantzia ipar-ekialdeko trenbideetan. Tren horietako batzuk Suitzara eta Alemaniara doazen mugaz gaindiko trenbideetan ibiltzen dira.

Halaber izango da CAFena beste modelo bat, Bombardier Hennigsdorfen (Alemania) garatzen ari den Talent 3 plataformakoa.

Bi modelo horiei esker, CAFek uste du aurrerantzean Frantziako eta Alemaniako merkatuetan kontratu gehiago lortzeko gai izango dela. Europako bi merkatu nagusiak dira bi horiek, eta historikoki lurralde zailak izan dira CAFentzat, Europako bi konpainiarik handienen aurka lehiatu behar izan duelako han: Siemens eta Alstom.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.