Arabako Mahastiak aurten iritsiko da merkatura, upategiek nahi badute

Espainiako Gobernuak Bruselara igorri du sor-marka berriaren proiektua, eta Jaurlaritza prest dago behin-behineko baimena emateko. Laster ikusiko da upategirik baden prest Errioxako marka uzteko

Mahats bilketa egiten Bastidako lursail batean, Toloño eta Ebro artean. BERRIA.
xabier martin
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Zirt edo zart egiteko garaia iritsi zaie Arabako Errioxako upategiei. Hamar hilabeteren ondoren eta aurkako txosten batez lagundurik, Europako Batzordera bidali du Espainiako Nekazaritza Ministerioak Arabako Errioxako ABRAko upategi txikiek sustatu duten zigilu berriaren proiektua. Ez zuen beste aukerarik. Madril saiatu da izen berria oztopatzen modu guztietara, Errioxatik jasotako presio handiaren ostean, baina haren ardura zen eskaera Bruselara igortzea.

Urrats administratibo horrek dakar Arabako Mahastiak aurten erabiltzeko moduan egotea. Batzordeak aldeko edo aurkako ebazpena eman arte, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko baimen bat eman dezake, eta hori nahikoa litzateke Arabako Errioxako ardoa Arabako Mahastiak markapean merkaturatzeko, betiere Espainiako Estatuaren barruan. Izen horrekin ezingo lukete ardoa esportatu Europaren behin betiko oniritzia lortu arte.

Jaurlaritza ez da oztopo izango Arabako Mahastiak merkatura iristeko. Ekonomiaren Garapeneko Sailak BERRIAri argitu dio baimen hori emateko prest dagoela. «Gu tramitatzaileak gara, ez gara parte», esan dute iturri ofizialek. «Betebehar administratibo eta juridiko guztiak badituzte, eta eskaera egiten badute, guk eman egingo dugu baimen hori». Are, Arantxa Tapiaren sailak azaldu du ez balute emango «prebarikazioan» ariko liratekeela. Beraz, upategien teilatuan dago pilota orain: benetan azken pausoa eman nahi badu inork Errioxako sor-markatik ateratzeko, eskatzea baino ez du Jaurlaritzan.

Errioxaren amorrua

Arabako Errioxan aspaldikoa da upategi gehienen etsipena Errioxako jatorri izenarekin. Eragile gehienek maiz azaldu dute aterki handi horren azpian eskualdeko izaera eta ardogintzan aritzeko modu desberdina galdu egiten dela, eta, modu batera edo bestera, Errioxaren itzaletik atera behar dela ere bai. ABRAk Arabako Mahastiak zigiluaren proiektua abiarazi zuen 2016an, eta, bidean ika-mika izugarria eragin ondoren, sor-marka berria iritsi da azken atera: Brusela.

Galdera ikur handi bat da, ordea, zenbat upategi dauden prest Errioxa markaren babes handia utzi eta zigilu berriarekin hasteko. ABRAko presidente Itsaso Compañonek, El Mozo Wines upategiko jabea bera, BERRIAri esana dio prest dagoela Arabako Mahastiak sor-markara aldatzeko, eta badakiela beste hainbatek ere gauza bera egingo dutela Bastidan, Guardian, Lantziegon, Samaniegon, Villabuenan eta beste zenbait herritan.

Ez dira ABRAko kide guztiak izango —120 inguru ditu—. Ardogile gutxi batzuk elkartetik atera dira proiektuarekin ez daudelako ados. Izan ere, jatorri izen berriaren inguruko eztabaidari kutsu politikoa eman diote Errioxa erkidegoan. «Separatismoa» eta «proiektu baztertzailea» ohiko esamoldeak dira lurralde horietako erakundeen eta hedabideen ahotan proiektuari buruz hitz egitean, eta ez dute ezkutatzen upategi batzuk Errioxa ardoaren aterkitik ateratzeak min handia egiten diela. Beldur handia dute Arabako Errioxako ardoek ez ote duten lortuko balio erantsi bat kalitatearekin lotua, eta aitortza Hego Euskal Herrian.

Arabako Mahastiak ez da Errioxa marka atzean uzteko egindako saio bakarra Araban. Espainiako Kongresuan jatorri izenen legean aldaketa batzuk eginez, EAJk bidea libre utzi nahi izan dio berriki beste egitasmo bati: Errioxa sor-markaren barruan beste kontseilu bat sortzeari Arabarentzat. Iskanbila handia eragin zuen horrek Errioxan, eta Logroñoko gobernuak, upategi handiekin bat eginda, lortu zuten PSOEk saio hura bazter zezan.

Jaurlaritza salatu dute

Gainera, Errioxako kontseiluak auzitara jo zuen Jaurlaritzaren aurka, iazko abenduan. Lakuak Arabako Mahastiak zigiluari bide emateagatik salatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Gorenean. Haren epai bat espero da aurki, eta Errioxak oso argi utzi du ebazpena gustuko ez balu helegitea jarriko lukeela, Arabako Mahastiak oztopatzen jarraitzeko: «Bide orri argia dugu horrek aurrera egin ez dezan», esan du Fernando Ezquerro Errioxako izendapen kontseiluko presidenteak. «Eraso desleial bat da hau, merkatu jakin baten bila doazelako Errioxako izen ona aprobetxatuz», erantsi du, jakin ondoren Bruselan dela jadanik Arabako Mahastiak.

Baina Araban ere ez da adostasunik zigilu berriaren inguruan. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek sarri azaldu du eskualdeko ardoak desberdintzeko bidea ez dela Errioxaren markatik ateratzea. Ez du babesten ABRAren proiektua: eskualdeko upategi handiagoekin lerrokatu da. Baina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailak ateak zabaldu zizkion sor-marka berriari, eta, Tapia sailburuaren oniritziarekin, Madrilera igorri zuen proiektua.

Orain, Bruselak jaso du egitasmoa, eta Arabako Mahastiak erregistraturik geratu da beste inork erabil ez dezan izena; ondorioz, Jaurlaritzaren behin-behineko baimen bat besterik ez da behar Arabako upategiek balia dezaten. Azken urratsa, ordea, upategiek beraiek egin behar dute behin-behineko baimena jaso eta Errioxako sor-markatik kanpo merkaturatzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.