Etxeko langile egoiliarren %97k ez dute kobratzen legez dagokien gutxieneko soldata

ELEren arabera, etxe barnean diharduten hamar langiletik hiruk ez dute paperik. Legezko egoera dutenen gehiengoa Gizarte Segurantzan izena emanda dago

Etxeko langile bat arropa zabaltzen. DANI CABALLO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Etxeko langile gehienek ez dute kobratzen beren lanaldiari dagokion gutxieneko soldata. Egoiliarren kasuan, %97koa da kopuru hori». ATH-ELE etxeko langileen elkartearen urteroko txostenaren ondorio deigarrienetako bat da hori. Gutxieneko soldataren langa igoerak izan duen eragina kalkulatu dute, eta lanaldiekin alderatu. Nabarmentzekoa da etxeko langile egoiliarren %59k 1.200 euro baino gutxiago irabazten dituztela hilean, eta %19,3 ez direla 901 eurora iristen —hamabi ordainketa—.

ELE etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzu bat da, eta iaz haiengana jo zuten 738 kasuetan oinarrituta osatu du aurtengo txostena. Emaitzen entresaka egitean langile egoiliarrak —lan egiten duten etxean bertan bizi direnak— eta etxetik kanpo dihardutenak bereizten ditu, baita legezko egoeran eta legez kanpo dihardutenak ere. Oro har, eta soldatari buruzko datuek erakusten duten bezala, langile egoiliarren egoera lazgarriagoa da.

«Etxe barneko langileen %72k beharko luketen baino lanaldi luzeagoa dute, eta kontuan hartu behar da haien gehienezko muga 60 ordukoa dela. Alegia, lautik hiruk 60 ordu baino gehiago egiten dute lan astean», azaldu zuen atzo Lore Ureta ELEko kideak. Ondorioz, atseden legedia ere ez da betetzen: %53,4k ez dute hamar orduko atsedena bermatua gauean, eta %37 gutxienez bi aldiz altxatzen dira gauero haien zainduak artatzeko. «Erritmo hori bateraezina da lan osasun egoki batekin. Lan ikuskariei lan osasunaren inguruko kontrol zorrotza exijitzen diogu», gaineratu zuen.

ELEra jo zuten etxeko langile egoiliarren %29,5 legez kanpoko egoeran zeuden. Haien jatorri herrialde ohikoenak Paraguai, Nikaragua eta Bolivia dira, hurrenkera horretara. Izan ere, etxeko langileen %89 atzerritarrak dira edo herritartasun bikoitza dute. Egoiliarren kasuan batezbesteko hori ia %98koa da. Horiek guztiek zaintza lanak egiten dituzte, eta %86,39 bakarrik bizi dira zaintzen dituzten pertsonekin. Alde horretatik, zaindutako pertsonen %67 emakumeak dira.

Kanpotik diharduten etxeko langileen profila ezberdina da. Orduka aritzen dira, eta ohikoa da etxe batean baino gehiagotan lan egitea. %83 atzerritarrak dira, eta paperik gabekoen kopurua egoiliarrena baino txikiagoa da: %12,9. Lanaldiei dagokienez, egunez diharduten langileen %55ek hogei ordu baino gutxiago egiten dituzte astean, eta %29 ez dira iristen lan egiten duten orduei dagokien gutxieneko soldatara.

Langabeziarik ez urrira arte

Uretak nabarmendu zuen «gero eta gehiago» direla Gizarte Segurantzan izena emanda dauden etxeko langileak. Legezko egoeran dauden ia egoiliar guztiak daude izena emanda eta egunez dihardutenen %90. Dena den, Uretak salatu zuen ez dela batere erraza Gizarte Segurantzarekin harremanetan jartzea. «Lehen, aurrez aurreko arreta zegoen, leihatilakoa. Baina orain etxeko langileek bide telematikoa baino ez dute. Agiriak atxikitzea-eta ez da erraza. Oinarrizko informatika ezagutzekin ez da aski. Tramitearekin ezin asmatu, eta osasun arrazoiengatik baja ez eskatzea erabaki duten langileak daude».

Kontratu eteteen datuak ere bildu ditu ELEk. Egunez dihardutenen laurdenek galdu zuten lana iaz, eta etxe barrukoen %11k. Uretak zehaztu zuen kaleratu horiek ezin izan dutela langabezia saririk jaso. Espainiako Gobernuak iazko urrian onartu zuen langabezia saria etxeko langileentzat, baina atzerako eraginik gabe. «Langabezia saria jasotzeko urtebeteko kotizazioa behar da; beraz, etxeko langileek ezingo dute jaso aurtengo urrira arte. Elkarteak aurretik lan egindako denbora ere kontuan har dadila eskatzen ari gara». Gai berean, Uretaren iritziz, iazko iraileko erreforma«pauso txiki bat baino ez da», eta gogoratu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak beharturiko aldaketa bat izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.