Txinak diru laguntzen bidez handitu nahi du Afrikan duen eragina

Xi Jinping presidenteak «baldintzarik gabeko» 51.700 milioi euroko finantzaketa gehigarri bat iragarri du 53 herrialderentzat. Mendebaldeko estatuek salatu dute kontinentea «zorpetuko» duela

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, Pekinen, foroko bilera batera iristen. LINTAO ZHANG / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Munduko indar politiko eta ekonomiko nagusiena bilakatzeko bidean —2050. urtea du helburutzat—, Afrika eremu garrantzitsua da Txinarentzat. Urteak dira Asiako potentziaren eta kontinenteko herrialdeen harreman ekonomikoa sendotu dela, alde bateko eta besteko inportazioen bitartez. Baliabide naturalak, azpiegiturak, laguntza ekonomikoak... Bi aldeek denetarik jarri dute mahai gainean merkataritza harremanak finkatzerakoan, eta, 2010az geroztik, Txina da Afrikaren bazkide komertzial nagusia—10.000 enpresa txinatar inguru daude han—. Batez ere XXI. mendean sakondu du estrategia horren aldeko apustuan, eta interes gutxiko edota interesik gabeko diru laguntzen bidez bermatu ditu baliabideak ustiatzeko eskubideak, bai eta etxean dituen gazteei lanpostuak eskaintzeko aukerak ere. Beste aldeak, Afrikako 53 herrialdek, begi onez hartu dituzte atzerriko inbertsio horiek, batez ere agintariek hauteskunde kanpainetan erabili dituztelako diru horrekin lorturiko aurrerapausoak, egindako lanaren froga gisa. Hala ere, Afrikako agintariak ez dira Txinaren eskuetan jarri guztiz, badaezpada, laguntzen atzean egon litezkeen ezkutuko arrazoiengatik; izan ere, Txinak kontinentean duen eragina handitzeko modu bat dira inbertsiook, eta, horri begira, Xi Jinping herrialdeko presidenteak «baldintza politikorik gabeko» finantzaketa gehigarri bat iragarri du egunotan: 51.700 milioi euro, duela hiru urte hitzemandako kopuru bera.

Diru iturri horren berri emateaz gain, Xik beste bi laguntza motaren berri eman zuen Pekinen, Txinaren eta Afrikaren arteko Lankidetzarako Foroan: agintariak jakinarazi zuen zorra barkatuko diela okerren dauden herrialdeei —oraindik ez du zehaztu zeintzuei—, eta Txinak are gehiago handituko dituela inportazioak. «Afrikara natorren bakoitzean, kontinentearen bizitasuna eta jendearen helburuak sumatzen ditut. Konfiantza handia dut gure harremanetan» adierazi zuen uztailean Senegalen, kontinentean egindako bira batean.

Agintariak hiru urtean behin elkartzen dira foroan —astelehenean eta asteartean egin dute—, baina aurtengora Mendebaldeko estatuen kritiken artean iritsi zen Txinako presidentea, deitoratu baitzuten harreman horiek Afrikako 53 estatu «zorpetuko» dituztela. Hori egiten azkena Malaysiako lehen ministro Mahathir Mohamed izan zen; izan ere, Xirekin izandako bilera baten ostean, bertan behera utzi zituen azpiegiturei bideraturiko 19.000 milioi euroren inbertsioak: «Garestiegiak dira; neokolonialismo mota bat».

Xik, beraz, foroan egindakojakinarazpen ekonomikoekin erantzun die Mendebaldeko kritikoei. Gaur-gaurkoz, Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak Txinak baino jaramon gutxiago egiten diote kontinenteari eta haren garapenari, baina batez ere azken urteotan jarri dira berriz ere Afrikara begira, larri aztertu baitute bi aldeen arteko garapena; izan ere, kolonia ohiek begi onez ikusten dute Txinak Mendebaldearen aurka duen diskurtsoa. Horren adierazle izan ziren Paul Kagame Ruandako eta Afrikako Batasuneko presidenteak foroan eginiko adierazpenak: «Txinak Afrikan duen konpromisoak barne aldaketa sakon bat eragin du, baita gure kontinenteak munduan duen tokian ere». Iritzi positiboei eta inbertsioei esker, Pekinek lortu du Afrikako indar hegemonikoa bilakatzea.

Foroan bertan, Txinak eta Afrikako herrialdeek hitzarmen berri bat sinatu zuten, harreman politikoak, ekonomikoak eta militarrak are gehiago estutzeko xedearekin. Agintariek hainbat arlotan sakontzeko konpromisoa hartu zuten: merkataritza, osasungintza, klima aldaketaren aurkako borroka, azpiegiturak eta industriaren garapena. Atzo, berriz, Xik Mendebaldeari eskatu zion errespeta zezala Afrikako herrialdeen subiranotasuna.

Lurretik zein itsasotik

Afrikarekiko interesa Txinako Alderdi Komunistaren proiektu baten erdigunean dago: Gerrikoaren eta Errepidearen Ekinbidea, zetaren bidearekin nazioartean izan zuen garrantzia lortzeko proiektua. Txinako Merkataritza Ministerioaren arabera, urteotan Pekinek finantzatu ditu, esaterako, Angolako, Etiopiako, Kenyako eta Nigeriako trenbideak; denera, 6.000 bat kilometro. Diru laguntza gehienak Afrika ekialdeko herrialdeetara bideratu ditu, baina azken urteotan mendebaldera begira ere jarri da Txina; Senegalen, esaterako, Dakar hiriburua Tuba bigarren hiri garrantzitsuenarekin lotzen duen autobidea eraikitzen parte hartu du, hiriburuan gune industrial bat sortzearekin batera.

Etorkizuneko proiektuen artean, Txinak Dakarreko portua du lehentasuntzat; izan ere, Ozeano Atlantikorako irteera emateaz gain, Djibutin duen base militarrarekin lotzeko asmoa du, tartean bide komertzial bat osatuz. Izan ere, Afrika ekialdeko baseak Indiako ozeanora irtetea ahalbidetzen dio, eta, helburu hori beteta, bi itsasoak lotzeko bide alternatibo bat osatuko luke. Beraz, urteak pasatu ahala, Txinak gero eta gehiago indartuko du Afrikan duen eragina, betiere harremanek bere horretan jarraitzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.