CIEk Inteva erosi du, autoen sabai ekoizlea, 650 milioi euroren truke

Bizkaiko konpainiak «konfortera bideratutako zorroa» indartu nahi du. Erosketa gauzatutakoan, CIE Automotive munduko talde handienetan hirugarren bihurtuko da autoentzako sabaien arloan

CIE Automotive konpainiaren ACS dibisioaren egoitza Bressuiren, Frantzian. CIE AUTOMOTIVE.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Dibertsifikatu eta handitu. Letra larriz idatzitako bi helburu dira Bizkaiko CIE Automotive konpainiaren 2020ra arteko plan estrategikoan. Eta helburuak sendotasunez ari da betetzen, pausoz pauso. Azkena atzo iragarri zuen: Inteva Roof Systems taldea erosi du, 650 milioi euroren truke. Autoentzako sabaiak egiten ditu Intevak, eta alor horretan munduko hiru talde handienetako bat da. Autoen sabaien merkatu nitxoak gero eta eskari handiagoa du; gainera, Intevak parez pare irekiko dio Asiarako atea CIEren ACS dibisioari, autoen sabaiak fabrikatzen diharduenari.

Intevak AEBetan dauka egoitza nagusia, baina teknologia alemaniarra du: 4.400dik gora behargin dauzka, eta espero du aurten 850 milioi euroren salmentak izatea. Guztira, hamasei lantegi eta sei ikerketa zentro dauzka zazpi herrialdetan: Alemanian, AEBetan, Eslovakian, Errumanian, Txinan, Indian eta Mexikon. Eta bezeroen artean ditu munduko autogile nagusietakoak: Volkswagen, Audi, General Motors, BMW, Land Rover, Opel, Daimler, Jaguar... Eta hori baino garrantzitsuagoa: ekoizpen planten %60 Txinan dauzka.

Autoen sabaien Asiarako merkatu nitxoaren bidea erraztuko dio horrek Abadiñoko (Bizkaia) konpainiari. 2009az geroztik egiten ditu autoen sabaiak CIEk, Advanced Comfort Systems (ACS) frantziarra bereganatu zuenetik. Hamar urtetan bikoiztu egin ditu salmentak ACSk, baina, gaur-gaurkoz, Europako Batasunean dauzka lantegi produktiboen %81, eta Txinan %18 baino ez. Inteva bereganatuta, ostera, eskurago dauka Asiako merkatua.

CIE Automotiven ustez, sabaien negozio eremuan presentzia nabarmen handitzea ekarriko dio erosketak. Konpainiaren esanetan, konfort sistemen eskaria gero eta handiagoa da autoen merkatuan; gainera, gero eta auto elektriko eta hibrido gehiago ekoizteko joerak ez dio kalterik egiten konfortaren nitxoari. «Estilora, estetikara eta konfortera bideratutako produktuen zorroa indartzea ekarriko digu», adierazi du CIEk, ohar batean.

Euskal konpainiak kalkulatu duenez, 2019ko lehenengoko seihilekoan itxiko da salerosketa behin betiko, lehia batzordeek eman beharreko baimenak jaso eta gero.

Dibertsifikazioarekin batera datorkio hazkundea Abadiñoko taldeari. Aurtengo lehenengo seihilekoan 138 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu, iazko aldi berean baino %20 gehiago.

Hiru hilabete dira euskal konpainia Ibex-35ean kotizatzen hasizela, eta, atzo Inteva bereganatu zuela jakinarazi eta gero, haren akzioen balioak gora egin zuen, %4,40 hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.