Hiru urtean %20 garestitu da hoteletako logelen prezioa EAEn

Joan den abuztuan 354.146 bidaiari jaso dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek, iazko abuztuan baino %6,7 gehiago. Hoteleko gaualdi bakoitzak 110 euro balio du, batez beste

Turista batzuk Donostiako Kontxako pasealekuan, joan den abuztuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta turista gehiago etortzen dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta gero eta gehiago ordaintzen dute hoteletan egindako egonaldiagatik. Joan den abuztuan 354.146 bidaiari sarrera erregistratu ditu Eustat estatistika institutuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan: 2017ko abuztuan baino %6,7 gehiago, eta duela hiru urte baino %9,9 gehiago. Hau da, aurtengo abuztuan 2015ekoan baino ia 32.000 turista gehiago etorri dira, eta hoteleko gau bakoitza duela hiru urte baino %20 garestiago pagatu dute: 110 euro, batez beste. Landetxeetan, ostera, %2 jaitsi dira bidaiarien sarrerak abuztuan: 23.599 sarrera izan dira denera.

Aurtengo abuztuan Gipuzkoak izan du bidaiarien gorakadarik handiena, iaz baino %9,7 gehiagorekin. Bizkaiak ere sarrera gehiago izan ditu (%6,9), iazko abuztuan baino. Aldiz, Arabak, duela urtebete baino %11 bidaiari gutxiago jaso ditu abuztuan.

Hotel batean gaua pasatzea Donostian dago garestien: 181 euro gaua, batez beste. Bilbon 102 euroan zegoen hoteletako logela abuztuan; eta, Gasteizen, 69 euro ordaindu zituzten abuztuan. Bikoitza baino garestiagoa da gaua Donostian pasatzea, Arabako hiriburuan baino. Edonola ere, prezioen igoerarik handiena, azken hiru urteetan, ez da Gipuzkoako hiriburuan gertatu, Bilbon baizik. 2015eko abuztuan hoteleko logela 77 euroan zegoen Bizkaiko hiriburuan; aurten, 102 euroan. Donostian baino 80 euro merkeagoa da, baina hiru urtean ia %32 garestitu da Bilbon.

Jaurlaritza, pozik datuekin

Alfredo Retortillo Jaurlaritzako Turismo sailburuak «positibotzat» jo ditu Eustaten azken datuak. Espainiarekin konparatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turismo sektorea, eta pozik dago, «ez diolako Espainiako beste eskualde batzuetako joerari jarraitzen, hemengoa ez dagoelako eguzkiaren eta hondartzaren ereduan oinarrituta». Haren hitzetan: «Hemen, eskaintza oso zabala da».

Eustaten datuei jarraikiz, azken hiru urteetan 56 hotel berri zabaldu dira, %10,8 gehiago —574 daude guztira—, eta 217 lanpostu sortu dira, %5,1 gehiago —4.467 daude—.

Turisten jatorriari dagokionez, %6,7 igo dira Espainiatik etorritakoak —Eustatek hor sartzen ditu nafarrak ere—, eta %6,6 atzerritarrak —hor sartzen ditu Ipar Euskal Herriko herritarrak ere—. Bidaiariek abuztuan egindako batez besteko egonaldia 2,16 egunekoa izan da, iazkoaren paretsu. Egonaldirik luzeena Gipuzkoan egiten dute: 2,27 egun. Izan ere, Bizkaian 2,14 egunekoa da batez besteko egonaldia, eta Araban, 1,94 egunekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.