Soldata arrakala Europako apalenen artean nahi du Gasteizek 2030erako

Eusko Jaurlaritzak 283 milioi euroko aurrekontua bideratu du, bi urtean hainbat neurri gauzatu eta arrakala lehenbailehen txikitzeko. %14,3koa da soldata arrakala gizonen eta emakumeen artean

Emakume Askeak taldeak Donostiako Zara katearen denda nagusian egindako protesta bat. JON URBE / FOKU.
Aitor Biain. Xabier Martin
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala Europako bost txikienen artera eramateko urrats eraginkor bat egin nahi du Eusko Jaurlaritzak. Iragan irailean jakinarazi zuen soldata arrakalaren aurkako estrategia bat prestatzen ari zela. Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak; hain zuzen, politika orokorreko eztabaidan. Bada, Lehendakaritzak eta Emakundek koordinatuta, dagoeneko mahai gainean da plan zehatz bat; atzo goizean onartu zuten gobernu bileran. Gasteizko gobernuak badaki gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala «egiturazko arazoa» dela, eta ordainen arteko ezberdintasun nabarmen hori amaitu nahi du 2030. urterako, hainbat neurriren bidez. Bi urtean 283 milioi euroko aurrekontua baliatuko du neurri horiek gauzatzeko.

Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan %14,3koa da arrakala. Gobernuak alde hori txikitzeko egindako ekarpena «garrantzitsua» da, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera. Landaidak dio «beharrezkoa» dela gizartearen eremu askotan eragitea egoera irauli eta «arazoari erantzun integrala» eman ahal izateko. Erronkaren zailtasunaren jabe izanda, kontzientzia zabaldu beharra azpimarratu zuen Emakundeko zuzendariak: «Erronka handia da, baina estrategia horrek gaiari buruzko pedagogia egiten lagundu behar digu, lehenik eta behin. Izan ere, gai horri buruz gizarteak duen kontzientzia ez da arazoaren garrantziaren neurri berekoa sarritan».

Emakundek 2016. urtean egin zuen diagnostikoaren arabera, %14,3koa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldata arrakala zuzena. Hori da gizonek eta emakumeek orduko irabazietan duten aldea; arrakala osoa, aldiz,—urte osoko ordainak aintzat hartuta %24,4koa da: gizonek 31.000 euro irabazten dute batez beste, eta emakumeek 23.423 euro. Ez alferrik lanaldi partzialen %80 emakumeek egiten dituzte. Hala ere, lan munduan gertatzen diren zereginen bereizketak eta kontziliazio faltak eragiten duten zeharkako arrakalaz ere ohartarazi zuen Landaidak.

Lau ardatz

Lau ekintza ardatz zehaztu ditu planak. Alde batetik, arrakala zuzena murriztea du xede, eta, besteak beste, ikuskapen zuzenak egingo ditu enpresetan horretarako. Eguneko lanaldiari dagokion berdintasunik eza ere nabarmen murriztu nahi du planak; kontziliazio planak bultzatuko ditu Lakuako gobernuak horretarako. Era berean, ordaindu gabeko zainketa lanei duten balioa ematea eta hitzarmen zein akordio kolektiboetan berdintasunaren aldeko neurriak txertatzea sustatuko du.

Sentsibilizazioa da ekintza planaren hirugarren ardatza: gazteengan eragin nahi du gobernuak, eta hezkuntza izango du genero ikuspegia zabaltzeko tresna. Azkenik, enpresetan eta sindikatuetan ere indartu nahi du arrakalarekiko kontzientzia. Berdintasunerako diagnostikoak eta planak egin ditzaten bultzatuko du gobernuak.

Datozen bi urteetan 283 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak ekintza plana martxan jarri eta neurriak hartu ahal izateko. Era horretan, hiru bitarteko erabiliko dira estrategiari jarraipena egiteko: gobernuko sailen arteko lantaldea, lehena; foru aldundien, Eudelen eta Jaurlaritzaren arteko koordinazio taldea, bigarrena; eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.