Trumpek eutsiko die herrialdea bitan zatitu duten migrazio neurriei

AEBetako presidenteak batasunerako deia egin dio Alderdi Demokratari nazioaren egoerari buruzko hitzaldian. Atea ireki dio Errusiarekin eta beste estatu batzuekin armagabetze itun bat negoziatzeari

Trump AEBetako presidentea, batasunaren egoerari buruzko hitzaldian, atzo, Kapitolioan. DOUG MILLS / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Adiskidetzea eta konfrontazioa. Bi ideia horiek uztartu zituen atzo Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, batasunaren egoerari buruzko diskurtsoan: batasunerako eta lankidetzarako deiak helarazi zizkion Alderdi Demokratari, «zauriak ixtea» proposatuta. Hori lortzea beharrezkoa du Trumpek, demokratek gehiengo osoa berreskuratu baitzuten Ordezkarien Ganberan iazko azaroko bozetan, eta asko zailduko diotelako egunerokoa; baina nola lortuko duen, ez zuen ezer iradoki, bi urteotako erretorikari eta ideiei eutsi baitzien 82 minutu iraun zuen hitzaldian. Hainbat alderdirekin lan egiteko gai den politikari baten gisara aurkeztu zuen bere burua AEBetako presidenteak, baina adiskidetzerako mezu horiek konfrontazioarekin egin zuten topo, Trumpek Mexikoko mugan horma eraikitzeko nahia berretsi baitzuen.

MIGRAZIOA ETA HORMA

AEBetako presidentearen migraziorako neurriek herrialdea bitan zatitu dute; erabat polarizatu dute, baina horiei eusteko asmoa iragarri zuen atzoko diskurtsoan. Haren agintaldiko unerik larrienean egokitu zitzaion hitzaldia ematea: Alderdi Errepublikanoa eta Alderdi Demokrata erabat zatituta daude hormaren auzian, eta horren erakusgarri izan zen gobernuaren itxiera. Joan den hilabetean ireki zuten berriz, baina 35 egunez egon zen itxita, eta inoizko itxialdirik luzeena izan da.

AEBen eta Mexikoren arteko mugaren egoera «larrialdizko krisi nazionaltzat» jo zuen atzo Trumpek, eta hamaikagarrenez eskatu zion Kongresuari onar dezala hauteskunde kanpainan zin egindako hormaren finantzaketa. Demokratak, ordea, hori egitearen aurkakoak dira, eta horrek eragin zuen gobernuaren itxiera; behin-behineko akordio bat adostuta, gobernua ireki zuten berriz, baina bi alderdiek hilaren 15era arteko epea dute bigarren itxiera bat eragozteko. Hori ikusirik, litekeena da Trumpek herrialdea larrialdi egoeran jartzea, funtsak beste toki batera mugitzeko; Pentagonora, esaterako, horma Kongresuaren baimenik gabe eraikitzeko: «Auzi moral bat da. [...] Hegoaldeko mugaren egoera mehatxu bat da gure segurtasunarentzat».

EMAKUMEAK ETA ABORTUA

Trumpek, beraz, frogatu zuen bi urteotan ez direla aldatu haren ideiak. Aldiz, Kapitolioan eman zuen batasunaren egoerari buruzko lehen diskurtsoari konparatuz gero, aldaketa bat sumatu zen haren inguruan: atzo emakume gehiago zituen parean, eta atzean bat, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea. Tentsioa nabaria zen.

Alderdi Demokratako emakumezko ordezkariek zuriz jantzita entzun zuten Trumpen hitzaldia, sufragistei omenaldia egiteko; mezua argia zen, baita kontrastea ere, Alderdi Errepublikanoko ordezkarien gehiengoa beltzez jantzita baitzegoen. Boterearen egituran aldaketak eragingo ditu emakumeen presentziak, inoizko gehienak baitaude Kongresuan: 131. Horien aurrean adierazi zuen Trumpek ordezkariek abortua debekatu beharko luketela haurdunaldiaren azken hilabeteetan: «Elkarrekin lan egingo dugu bizitza errugabeak balioesten dituen kultura bat eraikitzeko».

DEMOKRATAK ETA IKERKETA

Trump arrisku baten jakitun da: Alderdi Demokrata haren gobernuaren eta finantzen aurkako ikerketak prestatzen ari dela. Gainera, mehatxu horri gehitu behar zaio Robert Mueller fiskal berezia ikertzen ari dela Errusiak esku hartu ote zuen 2016ko hauteskundeetan, Trump presidente hauta zezaten; ikerketa horren ondorioek bidea ireki diezaiokete impeachment bati.

Baina, haren iritziz, arriskutsua da demokratek ikerketa «alderdikoi irrigarri» horiek guztiek abiatzea, AEBen hazkunde ekonomikoa motelduko dutelako. Oraingoz, denera 17 ikerketa dituzte irekiak haren aurka: «Bakea eta jardun legegilea egongo badira, ezin da egon ikerketarik ezta gerrarik ere», ohartarazi zuen.

ERRUSIA ETA ARMAK

Atzerri politikaz ere aritu zenTrump, eta arreta jarri zuen asteotan oihartzun handia izan duen INF armagabetze itunean. Larunbatean hasi zuen AEBak itun horretatik ateratzeko prozesua, eta atzo atea ireki zion beste bat adosteari: «Agian akordio desberdin bat negozia dezakegu, Txina eta beste batzuk gehituta. Edo agian ezingo dugu». Horri erantzunez, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo gogorarazi zuen Moskuk jada aurkeztu dituela alternatibak.

IRAN ETA AFGANISTAN

Iranek ere toki berezia izan zuen hitzaldian. Trumpek gogorarazi zuen AEBak akordio nuklearretik atera zituela, «diktadura horrek armarik izan ez dezan». Teheranek atzo erantzun zion Washington dela, hain justu, «diktadoreak eta harakinak» babesten dituena. Afganistanen dituzten tropez, soldaduak handik ateratzeko hizketak ugaritu dituztela baino ez zuen esan Trumpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.