Luxenburgok uda ostean erabakiko du IRPH indizearen legezkotasunaz

EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak ekainaren 24an aurkeztuko ditu ondorioak. Udazkenean epaileak bezeroei arrazoi emanez gero, bankak 44.000 milioi euro itzuli beharko dizkie kaltetuei

IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen protesta Kutxaren egoitza aurrean, Donostian, 2014ko apirilean. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gasteiztik Luxenburgora, Madrildik pasatuz. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak Araban hasitako auzibide batek Europaren bihotzera eraman du bankuek indizearekin bezeroei iruzur egin izanaren eztabaida juridikoa. IRPH indizearen legezkotasunaren auzia Europako Justizia Auzitegiko Areto Handian eztabaidatu zuten atzo, Luxenburgon. Bide gorabeheratsu eta luze baten azken-aurreko pausoa izan zen atzokoa, eta IRPH indizearen kaltetuek oraindik ere pixka bat gehiago itxaron behar dute jakiteko nola amaituko den gurutze bide bilakatu zaien auzibidea.

Abokatu nagusiak ekainaren 24an jakinaraziko ditu bere ondorioak, eta aurreikusten da Koen Lenaertsek, Europako Justizia Auzitegiko presidenteak, udaren ostean emango duela behin betiko epaia. Epaitegiak aintzat hartuko du abokatu nagusiaren jarrera, baina ez du zertan gauza bera ebatzi. Egin beharreko lana ondo egindakoaren sentipenarekin bueltatu dira Euskal Herrira IRPH Stop Gipuzkoa plataformako kideak.

Asko dago jokoan. Epaileak IRPHak kalte eginikoen alde eginez gero, Espainiako bankak 7.000 eta 44.000 milioi euro artean bueltatu beharko lizkieke bezeroei, Goldman Sachsen arabera. IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1,3 milioi kaltetutik gora daude. Adicae kontsumitzaileen elkarteak azaldu du kaltetuek, hipoteka bakoitzagatik, batez beste 20.000 euro inguru jaso ditzaketela bueltan.

Ezer ere ez dago erabakita, eta badaude, egon, balantza alde batera edo beste batera mugiaraz dezaketela pentsatzeko aurrekariak. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak bankaren alde ebatzi zuen 2017an, eta Espainiako Gobernua banka babesten ari da auzibidean. Madrilek bankuen interesekin bat egiten zuen idatzi bat aurkeztu zuen Luxenburgoko auzitegian iazko ekainaren 7an; Pedro Sanchezen gobernupean, baina oraindik izendatu gabe zegoen Marco Agiriano sozialista EBko estatu idazkaritzarako.

Bestetik, Europako Batzordeak idatzi bat aurkeztu du auzitegian bezeroen jarrera defendatzeko. «Garrantzi handiko gertakizuna da, kaltetuak oso baikor egotea eragin duena», azaldu du IRPH Stop plataformak.

Dena itzultzeko eskaria

Halaber, Adicaek Luxenburgoko auzitegiari eskatu dio zoru klausularekin izandako jarrera bera izateko IRPHarekin ere; izan ere, auzitegiak 2016ko abenduan ebatzi zuen bankuek zoru klausuletako dirua osorik itzuli behar ziela bezeroei, atzerako eraginez.

IRPH indizea hipoteka maileguen interesak finkatzeko indize bat da, eta euskal aurrezki kutxek ere maiz erabili izan zuten, nagusiki adreiluaren burbuilaren garaian, 2004 eta 2007 bitarteko urteetan.

Berez, hiru IRPH indize zeuden: bankuena, kutxena eta finantza erakundeena. Espainiako Gobernuak 2013an ezabatu zituen lehen biak EBko aginduei jarraituz, eta indarrean jarraitzen du finantza erakundeenak. Kutxabankek, esate baterako, 1.398 milioi euroren hipotekak dauzka finantza erakundeen IRPH indizearekin. Beste bi IRPH indizeetako hipotekak beste indize batzuekin ordezkatu zituen 2013an.

Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten banku eta kutxek IRPHa, esanez Euriborra baino egonkorragoa zela. Baina Euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRPHak, eta «manipulagarritzat» jo zuten kaltetuen elkarteek. Hilabetero 300 euro gehiagoko gainkostua zekarren, IRPH Stop plataformaren esanetan, eta gainkostu hori ezin ordainduta, ugaritu egin ziren etxegabetzeak.

«Gardentasun falta»

Luxenburgora iritsi den eztabaidaren abiapuntua Gasteizen dago. Gasteizko merkataritza epaitegi batek aurrena, eta Arabako Probintzia Auzitegiak gero, arrazoia eman zioten Kutxabankeko bezero bati: bezeroak uste zuen abusuzkoak zirela Vital Kutxarekin 2006. urtean eginiko hipoteka maileguan sinatutako interes klausulak, «gardentasun faltagatik».

Bi epaitegi alde izan zituen bezeroak, eta kobratutako interes guztiak itzultzera behartu zuen Kutxabank. Baina bankuak Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen kasua, eta hark Kutxabanki eman zion arrazoia, esanez IRPH indizea ez zela abusuzkoa. Ebazpen horren harira, zalantzak argitzeko asmoz, Europako Auzitegira bidali zuen galdera Bartzelonako epaile batek, Bankiaren bezero baten kasuari buruzkoa. Epaitegiak ebatzi behar du ea indizea abusuzkoa den, eta ea bankuek bezeroei dirua itzuli behar dieten atzerako eraginez.

Bartzelonako kasu hori daramaten abokatu taldean daude Gasteizko kasua epaitegira eraman zuten abokatuak ere, IRPH Stop Gipuzkoa plataformako Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin. Biak izan ziren atzo Luxenburgoko areto handian, indizearen kaltetuak defendatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.