Alurecyko langileek gertuko lantegietan lekua egiteko eskatu diote CIEri

Urte amaieran da ixtekoa Elgetako fabrika, haren bezero bakarra ere itxi egingo dutelako. Mexikon, berriz, beste bi enpresa erosi ditu CIE Automotivek

Elgetako Alurecy enpresako langileak, atzo, CIE Automotive taldearen aurrean protesta egiten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo - Iker Aranburu
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
CIE Automotivek beste bi enpresa batu dizkio azken urteetan erositako enpresen zerrenda luzeari. Mexikon daude biak, Celaya hirian, eta lagundu egingo diote Ipar Amerikako autogintzan duen leku gero eta garrantzitsuagoa sendotzen. Kontrakoa gertatuko da Elgetan (Gipuzkoa), Bizkaiko multinazionalaren irudia desagertu egingo baita CIE Alurecy tailerretik. Kalera joango diren hemeretzi langileek taldearen gertuko fabriketan lekua egiteko eskatu zuten atzo, Bilbon.

Aurtengo abenduan itxi ditzake ateak Alurecyren Elgetako fabrikak. Han aritzen diren langileei bi aukera eman dizkie CIE Automotive jabeak: Orozkoko lantegira joatea (Bizkaia), edo kaleratzearen ondorengo kalte-ordaina jasotzea. Langileak ez daude ados neurriekin. «Guk eskatzen duguna da CIE taldeak gure inguruan dituen gainerako lantokietan lanean jarraitzea, eta badakigu enpresak badaudela», azaldu zuen Mikel Romaneli LABeko ordezkariak atzo eguerdian, multinazionalaren Bilboko egoitza nagusiaren atarian antolatutako protestan.

Kayabari kateatua

Elgetako fabrikaren itxiera guztiz lotuta dago beste lantegi baten porrotarekin. Hogei urtez, Japoniako Kayaba multinazionala aritu dira hornitzen, eta azkenaldian harentzat bakarrik egin dute lan. Apirilean, ordea, Kayabak jakinarazi zuen Orkoiengo fabrika (Nafarroa) itxi egingo zuela 2021. urterako, han egiten dituzten ponpa hidraulikoek merkatua galdu dutelako, direkzio elektrikoen mesedetan. Itxiera horrek lan kargarik gabe utziko du Elgetako fabrika. «Gu ahalegindu gara proiektu alternatiboak bilatzen, Kayabako proiektua kolokan egonez gero kolpeari aurre egin ahal izateko; enpresak, berriz, argi utzi digu proiektu horretan eta bakarrik horretan egingo genuela lan», kexu agertu zen Romaneli.

Beharginek uste dute akatsa ez dela langileena, «kudeaketa edo antolaketa faltarena» baizik, eta horregatik eskatu diote enpresari akatsaren ardura bere gain har dezala. Baina orain arte zuzendaritzarekin egindako bi bileretan ez dute jaso eskaera horren neurriko erantzunik. «Enpresari ez zaio interesatzen antzinatasuna eta soldata handiak dituzten langileak mantentzea: nahiago dituzte langile berriak». Borrokan jarraitzeko asmoa dute langileek, nahiz eta itxaropen handirik ez izan.

70 erosketa 1996tik

CIE Automotive Euskal Herriko enpresarik handienetako bat da gaur egun, baina enpresa nahiko berria da. 1996an sortu zen, INSSEC inbertsore taldea Egaña SA Zaldibarko enpresaren akziodun nagusia egin zenean.

Corporacion Industrial Egaña (CIE) bilakatutakoak handira jokatu zuen hasieratik, eta 1997. urtean hasi zen enpresa berriak erosten. Inyectametal eta Udalbide izan ziren lehenak, eta bost urteren buruan jada 11 enpresak eta 2.000 langilek osatzen zuten taldea.

Beste urrats handi bat egin zuen 2002an, Aforasarekin batzean. Azkoitiko eta Legazpiko altzairu fabrika historikoak eta beste batzuk biltzen zituen taldea zen Aforasa. Bat egitearen ondoren hartu zuen CIE Automotive izena, eta hazkuntza erritmoari eutsi zion: 23 urteko historian 70 enpresa erosi ditu, eta gaur egun 30.000 langiletik gorako konpainia bat da, eta Ozeania ez beste kontinenteetan ditu fabrikak.

Erosketen zerrendan sartutako azken enpresak dira Maquinados de Precision de Mexico eta Cortes de Precision de Mexico, Mexikoko Celaya hirian, Guanajuato estatuan. Printzipioz, 58 milioi. euro ordainduko ditu Cie Automotivek, baina baliteke azken unean aldaketa batzuk izatea prezioan.

Agiri baten bidez, Jesus Maria Herrera CIEko kontseilari ordezkariak azaldu du erositako enpresak osatu egiten direla dagoeneko Mexikon taldeak dituenekin. Ipar Amerikakoa oso merkatu garrantzitzua da Bizkaiko multinazionalarentzat —iaz, salmenten %25 egin zituen han—, baina taldea batez ere Indiara begira dagoela jakinarazi zuen maiatzaren amaieran Anton Pradera presidenteak. Aurten, bere egin zuen Indiako Aurangabad Electricals enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.