Frantziako sindikatuek greba iraunkorra nahi dute, «ekonomia blokeatzeko»

Parisko gobernuaren pentsio erreformaren kontra aterako dira abenduaren 5ean. Greba orokorrera deitu dute, eta mobilizazio jendetsua espero dute

FSU, CGT eta FO sindikatuetako ordezkariak datorren asteko grebara deitzen, atzo, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Azken urteetako mobilizazio jendetsuena izatea nahi dute, 1995eko pentsioen erreformaren kontrako protestaren heinekoa. Orduan, gibel egin zuen Frantziako Gobernuak; oraingoan ere lortuko dutela espero dute sindikatuek. Greba orokorrera deitu dute abenduaren 5erako, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezarri nahi duen pentsio sistema berria salatzeko.

Ipar Euskal Herrian, Baionan eginen dute manifestazioa, 10:30ean, Lan Burtsatik abiatuta. CGT, FO eta FSU sindikatuek agerraldia egin zuten atzo, langileak parte hartzera deitzeko. Baikor daude, normalean mobilizatzeko ohiturarik ez duten enpresa batzuetan greba deialdiak egin dituztelako jadaneko. «Langile batzuen deiak ere izan ditugu, beren enpresan sindikaturik ez dagoela eta greba egiteko nola egin behar duten galdeginez», azaldu du Frederic Mauguy CGTko kideak. Azken asteetan, enpresaz enpresa aritu dira, langileak informatzeko eta grebara deitzeko.

«Denak galtzaile»

Sindikatuen arabera, lehentasuna ez da pentsio sistema aldatzea, hura diruztatzeko moduaz gogoetatzea baizik. Funtsean, Frantziako Gobernuaren zinezko asmoa pentsioen heina apaltzea dela diote. François Fillon Frantziako lehen ministro zenaren hitzak oroitarazi ditu Herve Larrouquert FO sindikatuko departamentuko idazkariak: «Puntu- tako erretiroa pentsioen heina apaltzeko da», adierazi zuen hitzez hitz.

Cecile Sendarain FSU irakaskuntzako sindikatuko eledunak uste du sistema berriarekin sektore guzietan galduko dutela. «Guretzat galera ikaragarria da». Egin dituzten simulazioen arabera, erreformaren ondorioz hilabetero mila euro galduko lituzkete irakasleek. «Gerla deklarazio bat da!».

Denek aitortzen dute zaila izanen dela, baina epe luzeko mobilizazio bat iragarri dute. Sektore batzuetan —garraioan adibidez—, 6an eta 7an ere grebarekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute, eta sindikatu gehienek bilerak eginen dituzte 5eko gauean, segida erabakitzeko. Ez dute baztertu bestelako blokeatzeko ekintzak ere egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.