Google eta Tobin tasak onartuko ditu gaur Espainiako Gobernuak

Sanchezen gobernuak atzera heldu die enpresa digitalak eta finantza transakzioak zergapetzeko asmoei. Bi zerga berriekin, urtero 2.000 milioi eurotik gora biltzea espero du Espainiak

Balioa erabiltzaileen parte hartzetik lortzen dituzten jarduerak zergapetuko ditu Google tasak. BORIS ROESSLER / EFE.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hauteskundeekin etendako asmoetako bat berreskuratuko du Pedro Sanchezen gobernuak, eta bi zerga berri onartuko ditu gaurko Ministroen Kontseiluan: batetik, Google tasa delakoa, plataforma digital handiak zergapetzekoa; eta, bestetik, Tobin tasa, finantza transakzioen gainekoa.

Espainiako Gobernuak jada udazkenean agertu zuen bi zergak ezartzeko asmoa, Bruselara bidalitako aurrekontu planean aurreikusi baitzuen Google tasarekin urtero 1.200 milioi euro bilduko zituela, eta beste 850 milioi euro Tobin tasarekin. Sanchezek Kongresuan ere aurkeztu zituen bi zergak, baina proiektuak bertan behera gelditu ziren ganberak desegin zirenean. Orain, gaurko erabakiaren ondoren, zergek atzera Kongresuko bidea hartuko dute onartuak izateko.

Zerga berrietan ez da aldaketa handirik espero aurreko asmoekin alderatuta, besteak beste Europako Batzordeak bere garaian proposatutakoen ildo berekoak direlako, batez ere plataforma digital handien gaineko Google tasari dagokionez. Europako Batasunak oraindik ez du lortu jarrera bateratu bat Google tasaren inguruan, baina zenbait herrialdetan jada hasi dira horiek abiatzeko lanak.

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea bera ere ari da zerga digitalen inguruko proposamena lantzen, baina instantzia horretan ez da erabaki lasterrik espero. Orain gutxi hitzartu dute gaiari buruz negoziatzen hastea.

Europako Batzordearen kalkuluen arabera, enpresa tradizionalen irabazien gaineko batez besteko zergapetzea %23,2 da, baina enpresa digitalen irabazien %9,5 soilik joaten dira zergetara. Europako Batasunean Google tasa bateratu bat ezarriko balitz, 6.000 milioi euro bilduko lirateke urtero, Batzordearen ustez.

Munduan 750 milioi eurotik gorako fakturazioa duten eta Espainian hiru milioi eurotik gorako sarrerak dituzten enpresa digitalei ezarriko die Espainiak zerga digital berri hori. Google tasarekin, %3ko tasa ezarriko zaie hiru jarduera jakini, zeintzuetan erabiltzaileen parte hartzea erabakigarria den balioa sortzeko: zergapetuko da interfaze digital baten bidez erabiltzaileei zuzendutako publizitatea; baita erabiltzaileek elkarren artean salerosketak egitea ahalbidetzen duten plataformak eskaintzea ere; eta webguneen eta plataformen bidez eskuratutako erabiltzaileen datuak saltzea edo lagatzea.

Google tasa onartzeak, dena den, izan dezake arriskurik, Donald Trumpen mehatxua argia baita: automobilgintzako osagaien gaineko muga zerga gehiago ezarriko ditu Europan Google tasak onartzen badituzte. AEBetako Gobernuaren arabera, zerga horiek OCDEn erabaki behar dira. Mehatxuak, oraingoz, zerbaitetarako balio izan dio Trumpi, Emmanuel Macronek urtarrilean izoztu egin baitzuen bere Google tasa, AEBek Frantziako inportazioei 2.400 milioi euroren muga zergak iragarri ostean.

Tobin tasa

Finantza transakzioak zergapetzeko asmoak ere hainbat eremutan landu izan dira, eta halako zerga batzuk jada indarrean daude Europako zenbait herrialdetan, hala nola Frantzian, Italian eta Belgikan. Espainiako Gobernuaren asmoa da zergapetzea 1.000 milioi eurotik gorako burtsako kapitalizazioa duten akzioen salerosketa. Akzio horren balioaren %0,2ko tasa jarriko dio, eta erosketaren bitartekariak ordainduko du. Zergatik kanpo geldituko dira zor publiko eta pribatuen salerosketak, baita deribatuak ere.

Tobin tasarekin bildutako dirua —850 milioi euro urtero— zuzenean pentsio sistemara eta Gizarte Segurantzara bideratuko ditu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.