Emakumeei egindako kontratuen erdiak lanaldi partzialekoak dira

Iaz sinatutako kontratu berrien %92,2 behin-behinekoak izan ziren, ELA sindikatuak azpimarratu duenez. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak salatu du «langile pobrearen figura» egonkortzen ari dela

Emakume batzuk lanean, arrain kontserba enpresa batean. JON HERNAEZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Emakumea eta gaztea. Aurpegi hori dute egungo «langilerik pobreenek». Hala ondorioztatu du ELAk iaz egin ziren lan kontratuetatik. Sindikatuaren arabera, 2019an sortutako enpleguek erakusten dute oro har soldata txikikoak direla, eta handia dela behin-behinekotasuna eta partzialtasuna, bereziki zerbitzuen sektorean diharduten gazteen eta emakumeen artean. Iaz sinatutako kontratuen %92,2 behin-behinekoak izan ziren; mugagabeak, aldiz, %7,8 —%8,2 gizonenak eta %7,4 emakumeenak—.

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian guztira 1.406.992 kontratu egin ziren; horietatik %50,4 emakumeek sinatu zituzten, eta %49,6, gizonek. Lanaldi partzialekoak izan ziren %36,9, eta, sindikatuak azpimarratu duenez, are nabarmenagoa da hori andreen kasuan, gisa horretakoak izan baitziren haiei egindako kontratuen erdiak.

ELAk egoeraren erantzule egin ditu erakunde publikoak, eta bereziki Eusko Jaurlaritza. Azpimarratu du bere menpeko administrazioko langileen behin-behinekotasuna dela «[Espainiako] Estatuko altuena», eta, sektore pribatuarekin konparatuta, hamazazpi puntu handiagoa dela.

Datuok «prekaritate handiaren sinonimo» direla azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak: «Langile pobrearen figura egonkortu da». Sindikatuak enplegu politiken «erabateko aldaketa» galdegin du; besteak beste, azken urteetako lan erreformak indargabetzea, lanaldia 35 ordura murriztea eta behin-behinekotasuna eragozteko lan ikuskaritzaren «benetako ekitea», sindikatuaren arabera, kontratu horietako «gehienak» legez kanpokoak baitira.

Salbuespena arau

ELAko buruzagiak salatu du zabor kontratu deiturikoak «salbuespena» zirela lehen, eta orain «arau» bihurtzen ari direla, patronalen eta gobernuen arteko «aliantzaren» ondorioz. «Adarjotzea da patronala malgutasun faltaz kexatzea, eskura baitu kontratazio formula sorta zabala». Errealitate horrek «azalpen politiko bat» duela nabarmendu du: «Gobernuek patronalei eman diete boterea, eta azken 30 urteotan haiek egindako erreformen emaitza da egoera».

Lakuntzak azpimarratu duenez, egungo lan ezegonkortasunak «goitik behera baldintzatzen» du pertsonen bizitza, eta pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Horri gehitu dio lan istripuen ugaritzea.

Horren aurka, ELAko idazkari nagusiak uste du «legedia goitik behera aldatu» behar dela eta «lan erreforma ugari indargabetu» behar direla. Era berean, lan ikuskaritza indartu behar dela adierazi du, eta kontratazioen hobariak ezabatzearen alde azaldu da. Espainiako Gobernuak aurrera eraman ditzakeen politikei buruz, Lakuntzak ez du uste lan erreformak beren osotasunean indargabetuko dituenik, eta «gauza batzuk egiten» ari den arren, adierazi du horiek «oso partzialak» direla eta oso modu «neurriz gainekoan» aurkezten ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.