«Errealitateak» mobilizatzera eramango du LAB datozen asteetan

Sindikatu abertzaleak jakin nahi du Idoia Mendia Lan sailburu berriak errespetatuko ote duen «ELAren eta LABen gehiengo sindikala», adostasunaren beharrari buruz hitz egiten hasi baino lehen

LABeko Negoziazio Kolektiboko arduradun Xabier Ugartemendia eta idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, atzo, agerraldia hasteko prest. SINADURA / AGENTZIA.
xabier martin
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Abisu argi batekin ekin dio LAB sindikatuak ikastƒurteari: «Langileek behar dituzten akordioak lortzeko mobilizatzea baino ez zaigu geratzen». Pandemiaren jokaleku berrian gobernuek aldiro egiten dituzten batasunerako eta adostasunerako deiak hizpide izan zituen atzo sindikatu abertzaleko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: «Ikasturtea mobilizazioek baldintzatuko dute, errealitateak horretara garamatza eta». Akordioak bai, baina zertarako: gako horrekin hasi zen azaltzen Aranburu pandemiaren bigarren oldarraldiak eragindako egoera sozioekonomikoa. «Herritarren interesak eta beharrak erdigunean jartzeko akordioak behar ditugu, eta horrek elite ekonomikoaren interesekin talka egiten du. Horregatik, patronala-erakundeak bikoteak ez dio gai honi heltzen». Argitu zuen herritarrak direla arduraz jokatzen ari direnak, eta salatu «erakundeak norbanakoei ardura dei etengabea egiten ari zaizkiela, erantzukizun politikoak saihesteko».

Idoia Mendia Jaurlaritzako Enplegu sailburu berriak ere elkarlanerako deia egin zien sindikatuei, kargua hartu bezain laster. «Ekintzek argituko dute dei zintzoa den edo pose bat baizik ez». LABek ikusi nahi du Mendiak nola ulertzen duen euskal sindikalismoa, ea ELAren eta LABen proposamenak aintzat hartuko ote dituen, «egungo elkarrizketa soziala patronalaren proposamenei zilegitasuna emateko baizik ez baitu balio». Eta, batez ere,LABek jakin nahi du Mendiak «ELAren eta LABen gehiengo sindikala errespetatuko duen edo gutxiengoaren aldeko apustuarekin jarraituko duen», CCOO eta UGT lehenetsiz.

Garrantzitsua zer den

LAB oso kritiko azaldu zen gobernuen kudeaketarekin martxoan abiatutako pandemiaren krisia dela eta. Argazki iluna atera zuen Aranburuk osasungintzaren, hezkuntzaren eta, oro har, enpleguaren atalak aztertu zituenean: «Ez dago inolako planik enplegua salbatzeko. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, eta formula berriak bilatu enplegu galera eragozteko eta berria sortzeko; zaintza, osasungintza eta irakaskuntza arloetan, kasurako». Era berean, egungo enplegua «duindu» behar dela gaineratu zuen. «Pandemiak erakutsi digu zein diren oinarrizko sektoreak, zer den garrantzitsua bizitza sostengatzeko. Sektore horietako asko eta asko feminizatuak eta prekarizatuak daude».

Aranbururen ustez, azken hilabeteak ez dira baliatu osasun arlo publikoa indartzeko: «Ez da kontratazio berririk egin. Aurreikuspen eta planifikazio falta handia egon da». Hezkuntzari dagokionez, kritikatu zuen ez dagoela hezkuntzan inbertitzeko apusturik, eta gogoratu zuen sindikatuek urteak eman dituztela ratioak jaitsi behar direla esanez. «Ikasturte hau planifikatzeko zereginean berandu eta gaizki ibili dira. Ez da borondaterik egon eskolarako itzulera negoziatzeko hezkuntza komunitatearekin, ez Nafarroan, ezta EAEn ere».

Gainera, adinekoen eta adin txikikoen zaintza lanak berrantolatu behar direla azaldu zuen sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak. «Helduen egoitzetan ez da inolako neurririk hartu ratioak jaitsi eta lantaldeak indartzeko, eta ez dakigu nola erantzungo ahal zaion adin txikikoen zaintzari etxera itzuli behar dutenean».

Elkarrizketa, mezu gisa

Aranburuk berriro azpimarratu zuen gobernu desberdinak elkarrizketa eta akordioak behar direla esaten ari direla; ideia hori oso presente egon zen Jaurlaritzako sailburu berrien izendapenean, esaterako. «Kontua da gobernu horrentzat elkarrizketa dela mahai sozioekonomiko bat egokitzea propaganda hutsa egiteko. Gobernu horrek [Eusko Jaurlaritzak] aldebakartasunez jokatzen du, eta gehiengo sindikalari muzin egiten dio. Hau guztia ez dator bat elkarrizketaren eta akordioen aldarriarekin».

Horregatik, LAB sindikatuari oso garrantzitsua iruditzen zaio abiapuntua ezartzea eztabaidari ekin aurretik. «Ez dugu behar eredu kapitalistaren berreraikitze bat; behar duguna norabide aldaketa bat da. Beste eredu ekonomiko eta sozial batera abiatzeko oinarriak jarri behar dira. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu».

Edonola ere, sindikatu abertzaleko buruaren esanetan, arduraz jokatuko du LABek, baina betiere udazken beroa datorrela aditzera emanez: «Mobilizatzen eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dugunon artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko duten akordio sozialak gauza daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.