Madril ABEEak luzatzekoa da gaur, baina sektoreen arabera lagunduz

Espainiako Gobernuaren eta sindikatuen itunetik at geratu da CEOE, deskontuak enpresa denentzat nahi dituelako. «Kafea denentzat» saihestuta, gobernuak urtarrilaren 31 arte luzatuko du legea

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa CCOO eta UGTko ordezkariekin, artxiboko argazki batean. QUIQUE GARCIA / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Erlojupean aritu dira Espainiako Gobernua, patronala eta sindikatuak enplegua aldi baterako erregulatzeko arautegia luzatzeko itun baten bila. Gaur bertan onartzekoa baita luzapen hori gobernua, Ministro Kontseiluan, eta erregulazioan dauden milaka langilek arnasa hartzen jarraituko dute modu horretan. Bihar bukatuko da, izan ere, aldi baterako erregulazioen tresnak eskaini duen flotagailuaren indarraldia. Enpresa guztientzat, edozein dela haien sektorea, laguntza bera nahi du CEOE patronalak, baina Pedro Sanchezen gobernuak irmo eutsi dio sektoreak eta azpisektoreak desberdintzeko irizpideari. «Kafea denentzat egotea galarazi behar dugu», ohartarazi du egunotan Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak.

11:00etatik 21:00ak arte izan ziren negoziatzen eragile sozialak atzo, eta sindikatuen eta gobernuaren akordioz amaitu zen bilera. Patronalak ez zuen iragarri zer egingo duen gaur, baina atzo ez zen itunera batu. Azken agiriak dio dosierretan dauden langileen lansaria ez dela apalduko oinarri erregulatzailearen %70etik behera, erregulazioan hasi eta sei hilabetera. Pandemiaren aurreko aldi baterako erregulazioetan apaldu egiten dira ordainketak 180 egun igaro eta gero: %50era jaisten da oinarria, langabezia sari arruntarekin gertatzen den bezala. Sindikatuen eskaera hori aintzat hartu du gobernuak, eta luzatu egingo da soldata arruntaren %70 jasotzen den epea.

Horrez gain, kontagailua zerora esan diotena hitzarturik da jadanik. Martxoan erregulazio batean sartu zirenek beren langabezia saria gastatu gabe jarraituko dute, beren kontagailua zerora eraman duelako akordioak. Pandemiaren apartekotasuna aintzat hartuta, Madrilek luzatu egingo du 180 eguneko muga, martxotik erregulazioan daudenek ez dezaten beren langabezia gastatu.

35.000 milioiko faktura

Bestalde, urtarrilaren 31 da epemuga berria. Ordurako, erregulazioekin nola jokatu adostu beharko dute berriro eragile sozialek. Gobernuak irekita utzi baitu atea beste luzapen bat egiteko. Ziurgabetasuna erabatekoa da, eta oso litekeena da heldu den urtarril bukaeran gutxieneko normaltasuna oso urrun egotea. Arazoa da erregulazio berri horien gastua 35.000 milioi eurokoa izango dela, kalkuluen arabera, eta kopuru horren %60 estal dezakeela Europako diruak, ez gehiago.

Horregatik eragotzi nahi du Madrilek barra librea, eta, beraz, laguntza maila desberdinak egongo lirateke hilabeteen eta enpresen neurrien arabera, betiere laguntza horiek eskatzeko zerrendan daudenentzat, gobernuak zerrendaturik izango baitu jardueraren eta egoera zehatzen arabera nork eska dezakeen laguntza. Gizarte Segurantzaren kotizazioetan deskontuak izango dituzte enpresa horiek, %85koak eta %75ekoak, 50 langiletik gorakoak edo beherakoak diren, horren arabera. Urrirako eta azarorako izango dira deskontu horiek; abenduan eta 2021eko urtarrilean, berriz, %60koak eta %50ekoak lirateke deskontuak.

Baina izango dira, era berean, enpresa guztientzat diseinatutako erregulazioak ere, edozein dela enpresaren jarduera: agerraldiekin lotutakoak. Eremu batean muga jakinak agintzen badituzte jarduera jakin batzuetan, enpresek agerraldietako erregulazioak eskatu ahal izango dituzte. Uztailaren 1etik, dosier berezi horietara jo dezakete enpresek, goi aginduz itxi behar izan badute enpresa; aurrerantzean nahikoa izango da mugak edukitzea, adibidez tabernek ezin zerbitzatzea barran.

Hego Euskal Herrian, 30.000 langile inguru geratzen dira oraindik erregulazioetan, baina 230.000tik gora egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.