Bi lotu, besteak askatu

ABEEak eta autonomoen sariak lau hilabetez luzatzeko akordioa lortu dute, baina sindikatuak kalera aterako dira pentsio eta lan erreformetan presio egitera

CCOOko eta UGTko buruak, otsailaren 11ko mobilizazioen berri ematen, atzo, Madrilen. EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak nahi zuen moduan utzi ditu lotuta ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak maiatzaren 31 arte: aldaketa handirik egin gabe. Halaber, akordio baten aurrekoa lortu du autonomoen elkarteekin, jarduerarik gabe geratu diren langile autonomoei sari berezia beste lau hilabetez luzatzeko. Baina arazo gehiago izan ditzake esku artean dituen beste gaiekin, eta batez ere pentsioen erreforma eta azken lan erreformen moldaketarekin. CCOO eta UGT sindikatuak ez daude gustura entzuten ari direnarekin, eta otsailaren 11rako mobilizazioak deitu dituzte.

Arratsaldearen amaieran iritsi zen akordioa autonomoen elkarteekin. Berritasun batzuk baditu. Aurretik ez bezala, ez da beharrezkoa izango lehen olatuan saria jaso izana orain laguntza eskatzeko. Gainera, saria eskatzeko nahikoa izango da jarduera %50 gutxitzea —%75 gutxitzea eskatzen du orain arauak—, eta Gizarte Segurantzaren kuotaren igoera atzeratu egingo dute, gutxienez maiatzaren 31 arte.

Erregulazioei dagokienez, patronal eta sindikatu handien babesa bilatzen zuen Yolanda Diaz ministroak, eta lortu egin du. CEOE patronalaren erantzuna zen zalantzarik handiena. Enpresaburuen elkarteak begi onez hartu ditu aldi baterako erregulazioak, aukera ematen dietelako larri dabiltzan enpresetan lan taldea arintzeko eta kostuaren zatirik handiena estatuaren esku uzteko. Baina oraingo araudiaren puntu bat aldatu nahian dabiltza aspaldi: aldi baterako erregulazio bat eskatzen duen enpresak ezingo duela langilerik kaleratu sei hilabeteko epean. Berez, badu aukera, baina kasu horretan, aurreztutako Gizarte Segurantzaren kontribuzio guztiak itzuli beharko lituzke.

Ikusita Espainiako Gobernuak ez zuela puntu horretan a more emango, CEOEk estrategia aldatu zuen, eta eskatu zuen soilik kalera doan langilearen kontribuzioak itzultzeko aukera jartzeko. Hori ere lortu ez duen arren, CEOEko buruzagitzak aho batezko babesa eman zion atzo goizean ABEEn araudi berrituari, enpresen gastua gutxituko duen proposamen bat egin baitu gobernuak: langileak ABEE mota batetik bestera aldatzeko ez da tramite burokratikorik egin beharko, automatikoki onartuko baititu adminis- trazioak. Aldi baterako erregulazioak luzatzeko oztoporik ez da izango.

CCOOk eta UGTk, berriz, azken xehetasun batzuen faltan zeuden atzo arratsaldean eman zioten oniritzia testuari, azken arazo batzuk konpondu ondoren. Problema nagusia, berez, gobernuak mahai gainean dituen beste gaiekin dute sindikatu horiek. Batetik, oraindik ez dute etsi lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko asmoetan.

Soka luzeagokoak dira lan erreformarena eta pentsioena, eta horietan eztabaida dago Espainiako Gobernuaren barruan, Unidas Podemosen eta PSOEren artean, baina baita azken horren barruan ere. Horregatik eta gaiak gizarte elkarrizketaren mahaira eraman nahi dituelako, Madrilek zehaztasun handirik gabeko testuak bidali ditu Bruselara, Espainiak eta beste estatukideek Next Generation funtsaren dirua jasotzeko baldintzetako bat baita zintzilik dituzten erreforma batzuk abiatzea.

Madril ez omen da izan zirriborro orokorregiak bidali duen bakarra, atzo Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak testu zehatzagoak eskatu baitzizkien gobernuei.

Monteroren azalpenak

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak argitu zuen atzo pentsioei dagokien erreformaren testuan ez dela ageri pentsioaren kalkulua egiteko aintzat hartu beharreko kotizazio epea 25 urtetik 35era luzatzea. Escriva ministroaren proposamen horri ezezko borobila eman dio Unidas Podemosek, haren eskutik pentsioak %6 gutxituko direlakoan. Sindikatuak ere aurka daude, eta horren aurka borrokatuko dute negoziazioak hasten dituztenean.

2012ko eta 2013ko lan erreformarekin zer gertatuko den ez dago garbi. Monterok azaldu du erreforma horien «atal kaltegarrienak» bertan behera utziko dituen promesa bidali duela Bruselara, hala agertzen zelako inbestidura itunean. Akordio horrek zioen«2012ko erreformak ostutako lan eskubideak» berreskuratuko zirela, eta baliogabetuko zuela enpresa itunen nagusitasuna sektoreko hitzarmenen gainean .Aldi baterako kontratuei mugak jartzea eta ultraaktibitatea berreskuratzea dira itunak aipatzen dituen beste bi gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.