Aeronautika, apirilera begira

Aernnovaren erregulazioari jarritako bi helegiteak apirilaren 13an epaituko dira. Abokatu bat gaixotu delako atzeratu dute aurrenekoa. Ebazpenak ez dira egongo ITP Castingen epaiketa hasten denerako

Aernnovako, Tubacexeko eta ITP Castingeko langileak bildu ziren atzo Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren eraikinaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hegazkingintza sektorea apirilera begira dago. Astebeteko epean epaituko dituzte EAEko Auzitegi Nagusian neguan erregulazio espedienteak eginiko bi enpresa: Aernnova 82 kaleratze eta ITP Casting 86 kaleratze. Aernnovaren erregulazioari dagokionez, bi salaketa daude, eta aurrenekoaren epaiketa atzo egitekoa zen, baina, abokatuetako bat COVID-19ak jota zegoenez, epaileak apirilaren 13ra atzeratu zuen. Ondorioz, bi salaketak egun berean epaituko dira: batetik, ELA sindikatuak Aernnova Aeroestructuras Alava Berantevillako (Araba) plantako buruei jarritakoa; eta, bestetik, langile batzordeak Aernnova multzo osoari jarritakoa. ITP Castingen epaiketa, berriz, apirilaren 20an izango da. Beraz, ondo bidean, hura hasterako ez da izango Aernnovakoen ebazpenik.

Aernnova, ITP Casting eta Tubacexeko langileak elkartu ziren atzo goizean Bilbon, EAEren Auzitegi Nagusiaren aurrean. Tubacex ez da hegazkingintza enpresa bat, baina han ere kaleratze masiboa egin du zuzendaritzak —134 kaleratu— eta aurreko ebazpenek eragina izan dezakete haiek hasi nahi duten auzibidean. Bilkura zalapartatsua egin zuten, Aernnovako langileei elkartasuna adierazteko eta epaileei kaleratuak izan diren langileen errealitatea ikusarazteko.

Aernnovaren lehen epaiketak hurrengoen norabidea marka dezakeela uste dute langile eta sindikatuek. Ebazpenak aurrekari formal bat ezar dezakeela sinetsita daude, eta horregatik zen hain garrantzitsua atzokoa. Jesus Pablo Sesma epaileak, baina, erabaki bitxia hartu zuen, bai behintzat ELA ezustean harrapatu zuena —hura zen salatzailea—. USO sindikatuko abokatuak epaitegian egotea eskatu zuen, CCOOkoak eta UGTkoak egin bezala. Azken bihoriek ez ziren agertu; USOkoak, aldiz, ohar bat bidali zion epaileari, esanez ezingo zela egon, COVID-19a zuelako. Salaketa jarri zuen sindikatukoa ez izan arren, epailearen ustez hura gabe ezin zen epaiketa egin, eta apirilaren 13ra atzeratu zuen.

Egutegia eta epaiketen ordena ez dira teknizismo hutsak. Aitor Bezares Aernnovako langile batzordeko kideak azaldu zuen arrazoia atzoko epaiketa hasi aurretik: «Epaiketa honetan irteten dena besteentzat lagungarri izan daitekeela espero dugu». Azkenean, baina, Sesmak ez du izango lehen ebazpen hori emateko ardura. Ez behintzat beste epaiketak hasi aurretik. Kasu honetan, Aernnovaren bi epaiketak bateratzea erabaki logikoa izan zitekeen, baina ez da gertatuko, eta epaiketa bat bestearen atzetik egingo da. Bigarrengoaren epailea Garbiñe Biurrun da.

Epaiketa horietan argitu beharreko bi zalantza handi daude: pandemian kaleratzeak egiteko aukera dagoen eta aeronautikaren krisia aldi baterako den ala ez. Espainiako Gobernuak zenbait neurri berezi onartu zituen iaz, enpresei aldi baterako erregulazioak hartzea errazteko; haien truke, baina, pandemian kaleratzeak egitea debekatu zien. Testuinguru horretan iritsi ziren aeronautikako kaleratzeak. Enpresetako langile batzordeen helburua da epaileek kaleratzeak bertan behera uztea, eta enpresek langileak berriz ere hartu behar izatea. Ondoren, aldi baterako erregulazioak edo lanaldi murrizketak onartzeko prest leudeke.

GTSren aurrekaria

Kaleratzeak bertan behera uztea, baina, ez da erraza. Iragan astean EAEko Auzitegi Nagusiak aurkakoa ebatzi zuen GTS Ingeniaritzaren kasuan. Gestampen barnean dagoen enpresa bat da, eta Matriceria Deustorekin batera itxi zuten. Bi enpresen artean 200 kaleratze baino gehiago izan ziren. Epaitegiak hiru aukera zituen: bidezko kaleratzetzat jo, bidegabetzat jo, edo bertan behera utzi. Bidegabe jo zituen, eta horrek kaleratuen kalte ordaina hobetu baino ez zuen egin. «Arrazoi ekonomikoengatik» eginiko kaleratzeak direla ebatzi zuen, pandemiaren eraginez harago doazen arrazoiengatik. ELA sindikatua, salatzailea, helegitea jartzekotan da.

GTS, dena den, autogintza enpresa bat da. Hegazkingintzari dagokionez, sindikatuek darabilten argudio nagusia da krisia «behin-behinekoa» dela. Enpresek onartzen dute galerak izan dituztela, baina sektorea berpiztu bezain laster zenbakiak hobetuko dituztela, eta testuinguru horretan kaleratzeak ez direla ezinbestekoak. Langileak ebazpenaren zain daude, baina enpresak ere bai. Aernnovak aldi baterako erregulazioak onartu ditu beste planta batzuetan, eta Berantevillako langile batzordeak uste du epaiaren zain daudela. Dena den, eta ebazpenak edozein direla, helegiteak espero dira; beraz, Aernnovaren, ITP Castingen eta Tubacexen erregulazioen azken atala Madrilgo epaitegi batean idatziko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.