'Rider'-en legeak milaka autonomo faltsuren kontratua aldaraziko du

Espainiako Gobernuak gaur onartuko du Glovo, Deliveroo eta beste plataforma digital batzuetako autonomoak soldatapeko bihurtzeko legea. Nafarroan, langileen salaketa kolektibo bat aurrera doa

Glovoko langileak enpresaren aurka abiatutako salaketa baten osteko epaiketa. TONI GALAN / EFE.
xabier martin
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Internet sarea baliatuz, zenbait enpresak langile pobre eta babesik gabekoen eredua sortu dute azken urteotan, eta hura hausteko helburua duen legea onartuko du gaur Espainiako Gobernuak: rider-en legea. Abuztuan sartuko da indarrean plataforma digital horiek beren langileekin duten lan harremanaren funtsa argitzeko sortu den legea, Espainiako Justiziak lan harreman horren egiak zeintzuk diren argitu eta gero. Glovorentzat eta Deliveroorentzat aritzen diren banatzaileek lan-harreman bat dutela ebatzi dute epaitegiek gehien-gehienetan, eta Auzitegi Gorenak berretsi egin du jurisprudentzia hori; eta, hortaz, banatzaile horiek autonomoak ez, hirugarren batentzat dihardutenen kontratatuak behar dute, auzitegiek argi utzi baitute gaur-gaurkoz autonomo faltsuak direla.

Aurreko astean, Bilboko Gizarte arloko auzitegi batek Glovoko 285 langileren aldeko epaia eman zuen, eta, rider-en legea gaur bertan onartuko den arren, Nafarroan beste salaketa kolektibo baten prozedura aurrera doa. 208 banatzailek salaketa kolektiboa jarri diote enpresari, Bilbokoen eskaera bera eginez: autonomoak ez baizik beste batentzat lan egiteko kontratuarekin aritzea. LABeko sektoreko arduradunak Nafarroan, Berta Garciak, berretsi du legeak lege aurrera doala prozedura, Gizarte Segurantzak Glovori exijitu dion dirua —soldatapekoak behar zuten langileen kotizazioak— «ez duelako borondate onez itzuliko».

Lan hitzarmenaren zain

Hamasei afiliatu babesten ari da sindikatu abertzalea prozedura horretan. «Adar sindikala sortu genuen Glovoren barruan, eta langileek kontratua lortu eta gero, enpresak beste biderik ez duenean gurekin negoziatzea baino, lan itun baten bila hasiko gara». Rider-en legeak ez baitu zehazten zein sektoretako langileak beharko luketen plataforma digitaletako banatzaileek. Garraioan kokatu nahi dituen saio bat ere aurreikusi du Garciak, eta LABek ostalaritzaren lan hitzarmenaren barruan egon daitezen nahi du: «Behin kontratua lortzean, ostalaritzaren itunean sartzeko borroka abiatuko dugu».

LABeko ordezkariak uste du rider-en legea lagungarria izango zaiela Glovo eta antzeko plataformetako banatzaileei, baina «motz» geratu dela «autonomo faltsuen auzia konpontzeko». Izan ere, legearen izenak berak garbi uzten du soilik banatzaileei erreparatzen diela. «Auzitegiek lehendik garbi utzi dutena gauzatzea baizik ez dute egin. Kontua da prekaritate eredu bera zabaltzen ari dela beste sektoreetara, autonomo faltsuen bidez, abokatuak direla, aseguruen ataletako langileak direla... Legeak ez du bide hori moztu, banatzaileen arlora mugatu delako».

Berta Garciak gogorarazi du Gizarte Segurantzari eta langileari egiten ari zaiela iruzur autonomo faltsuak erabiltzen dituzten enpresak. «Legea harago joatea nahi genuen, plataforma digitalen bidez hedatzen ari baita eredu prekario hori, baina ez da horrela izan, eta funts bereko borroka gehiago hasiko direla aurreikus daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.