Pentsioak, urrats batera

Astelehenean dira biltzekoak Espainiako Gobernua, sindikatuak eta patronalak, pentsio sistemaren erreformaren lehen zatiari azken ukituak emateko

Emakume bat pentsio duinen aldeko manifestazio batean, maiatzaren amaieran, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat astez atzeratu den azken urratsa egin dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek. Pentsioei buruzko akordioa «oso gertu» izatetik, esku artean izatera iritsi dira. Astelehenean dira biltzekoak itunari azken ukituak emateko; lana bukatuz gero, egun batzuk geroago izenpetzeko asmoa dute. Erreforma horrek soilik zenbait arlo ukituko ditu (eguneratzea, erretiro aurreratuak, erretiro atzeratuak...), eta bigarren baterako utziko dute sistemaren finantzaketari buruzkoa.

Ser irratiak aurreratu eta beste hedabide batzuek baieztatu dutenez, dagoeneko gainditu dute akordiorako azken oztopo nagusia: zer egin jasangarritasun faktorearekin? Sindikatuek lehenbailehen utzi nahi zuten bertan behera, baina gobernuak nahiago zuen hurrengo negoziaziorako gaia izatea. Azkenean, ezabatzea adostu dute, baina haren ordez beste sistema bat negoziatuko dute orain, pentsioen gastuak kontrolpetik ihes egin ez dezan, eta «belaunaldien arteko berdintasuna» bermatuta geratu dadin. Negoziazioetan akordiorik ez badago, Espainiako Gobernuak bere proposamena ezarriko du.

Jasangarritasun faktorea PPren garaiko azken erreformak sisteman txertatutako atal bat da, bizi itxaropena handitu ahala pentsioen zenbatekoa txikitzeko tresna bat —%30 jaistea ere gerta zitekeen, eta horregatik zeuden aurka sindikatuak—. 2019an zen indarrean sartzekoa, baina ez da inoiz ezarri, pentsiodunen protestek eta gobernu aldaketak tiraderan sartu zutelako, 2023 arte bederen. Ez da tiradera horretatik aterako.

EGUNERATZEA

Behin betiko lurperatuko da PPren garaiko erreformaren eguneratze sistema. Haren bidez, sistema defizitean zegoenez, pentsioak %0,25 baizik ez ziren igo urte batzuetan. Oraingo sistemak, berriz, erosteko ahalmena ez galtzea bermatuko du, aurreko urteko batez besteko KPIan oinarrituta eguneratuko baitira. Urte batean inflazioa negatiboa bada, hurrengo urtean pentsioak ez dira hein horretan jaitsiko, baizik eta zeuden bezala geratuko dira.

ERRETIRO AURRERATUA

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak ez du inoiz ezkutatu bere lehentasuna: erretiroaren benetako adina —64 urte inguru, baina igotzen ari da—, adin ofizialera gerturatu behar da —66 urte orain, 67 urte 2027an—. Horretarako bidea da pentsioak txikitzea adin ofizialaren aurretik erretiroa hartzen dutenei. Egun, gehienez %16 txikitzen diote pentsioa erretiroa bi urtez aurreratzen duenari, eta %1,6, berriz, hiruhileko bat atzeratzen duenari. Murrizketa horiek handitu egingo dira.

Horrela, Gizarte Segurantzan 38 urte eta sei hilabete baino gutxiago kotizatu dutenei %21 txikituko diete hileroko pentsioa, adin ofiziala baino bi urte lehenago erretiratuz gero. Hiletik hilera jaitsi egingo da zigorra, eta %3,21ekoa izango da hilabete lehenago erretiratuz gero.

Zigorrak txikitu egingo dira kotizazio epea handituz gero: %19 eta %3,11 artekoa izango da 38,5-41,5 urteko kotizazioa dutenentzat; %17 eta %2,96 artekoa 41,5-44 urteko kotizazioa dutenentzat; eta %13 eta %2,81 artekoa 44 urtetik gora kotizatu dutenentzat.

Zigor horiek handitzea borrokatu dute sindikatuek, haien ustez kontuan hartu beharko litzatekeelako langile askok egoera pertsonalak behartuta (osasunagatik, zaintza lanak egiteko...) hartzen dutela erretiroa. Gogorarazi dute, halaber, beste askok enpresek derrigortuta hartzen dutela, eta adin horiekin ia ezinezkoa dutela beste lan bat bilatzea. Sindikatuen arabera, erretiroa aurreratzen dutenen %85 langabeziatik datoz.

Horregatik, baldintza desberdinak daude behartutako erretiro aurreratuentzat. Lau urte aurreratu ahal izango dute erretiroa, baina, kasu horretan, %30 txikituko dizkiete pentsioak 38 urte eta erdi baino gutxiago kotizatu dutenei, eta gutxiago gehiago kotizatuz gero.

Behartutako erretiro aurreratua hartzeko eskubidea izango dute haien enplegatzaileak lan baldintzetan aldaketa esanguratsuak jasan dituzten enpresetako langileek, baita lantokiz aldatzeari uko egin diotenek ere. Kaleratze indibiduala eta kolektiboa jasan dutenak ere lau urte lehenago erretiratu ahal izango dira, betiere kalte ordaina jaso dutela erakusterik badute.

ERRETIRO ATZERATUA

Erretiro adina gaindituta ere langileek lanean jarraitzea sustatu nahi du gobernuak. Gaur egun, hori egiteak %2-4ko hobaria du pentsioetan. Gobernuak hiru pizgarri proposatu ditu: lanean jarraitutako urte bakoitzean 4.786 eta 12.060 euro arteko ordainketa bat egitea, kotizazio oinarrien eta kotizatutako urteen arabera; pentsioak %4 handitzea; edo bi formulen arteko konbinazio bat.

Sindikatuek ez dute ongi ikusten erretiroa atzeratzea, lan merkatuan erreleboa egotea zaildu dezakeelako. Patronalek, berriz, ez dute gaizki hartu, baina erretiro adinean dauden langileak mantentzen dituzten enpresentzako hobariak eskatu dituzte, edota lan kostuak murrizteko neurriak.

NAHITAEZKO ERRETIROA

Erreformak debekatu egingo du hitzarmen kolektiboetan nahitaezko erretiroa finkatzea 68 urte bete dituztenentzat. Indarrean egon eta klausula hori duten hitzarmenetan, berriz, hiru urtez soilik iraun ahal izango du.

LOTZEKO DAUDENAK

Bigarren negoziazio baterako geratu da gai arantzatsuetako bat: nola ordainduko dira pentsioak?Bruselak Espainiari egindako aspaldiko eskaera da pentsioen sistematik ateratzea harekin lotura zuzena ez duten gastu asko. Sistemaren diru iturri nagusia kotizazioak izatea nahi du gobernuak, baina ez du baztertzen zergen bitartez ere finantzatzea. Oraingo zergez gain, teknologia berriei (Google tasa...) eta energia kutsakorrei (dieselaren zerga, bidesariak...) jarritakoak izan daitezke sistemaren parte.

Lotu gabe dago beste gai eztabaidatsu bat: pentsioa kalkulatzeko zenbat urtetako kotizazioa aintzat hartuko den. Azken 25ak hartu beharrean lan bizitza osoa kontuan hartzea zen PSOEren asmoa, baina Unidas Podemosekoak eta sindikatuak ez daude ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu