Bihar piztuko dute ACB

Bi hilabeteko etenaren ondoren, Arcelor Mittalek Sestaoko altzairutegiko ekoizpen lerroa martxan jarriko du Hiru txandatara hasiko da, erritmoa handitzeko asmoz

Ehunka altzairu bobina, Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegiko kanpo aldeko lautadan pilatuta. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Arcelor Mittalek bihar piztuko ditu ACB altzairutegiko labeak, Sestaon (Bizkaia). Bi hilabeteko etenaren ondoren, ekoizpenari ekingo dio berriz. Negu nahasia izan da Ezkerraldeko altzairutegi enblematikoan, baina itzultzeko moduaren xehetasunak baikorrak izateko modukoak dira. Hiru txandatara hasiko dira lanean, hilabetean 45.000 tona altzairu ekoizteko asmoz. Enpresak, baina, dagoeneko jakinarazi du kopuru hori apurka handitzea dela asmoa. 2023an urtean 1,6 milioi tona ekoiztera iritsi nahi du, hein handi batean bigarren galda lerroa martxan jarrita.

Neguko geldialdia espero baino luzeagoa izan da ACBn. Arcelorrek iazko abenduaren 6an eten zuen ekoizpena urteroko mantenu lanetarako. Etenak, baina, iragarritakoa baino bost aste gehiago iraun du, energiaren kostuarengatik. Sestaoko labeak elek- trikoak dira, eta argindarraren garestitzeak kalte handia eragin die. Txatarraren prezioa ere asko igo da nazioartean, eta horrek ere ez du lagundu, hura baita labearen bazka. Tarte horretan, dena den, kontratu finkoa duten 268 langileak mantentze lanetan aritu dira eta formakuntza jasotzen.

Ekoizpena etenda egoteak urduritasun logikoa zabaldu zuen. Zuzendaritzaren atzoko erabakiak, baina, urak baretu ditu. Hasiera batean hiru txandako erritmoan ekingo dio ekoizpenari: sei egunez lan egin eta lau atseden hartu. Erritmo horrek behin-behineko gutxiri ematen die lana. Haiek sartzeko bost txandako erritmoa behar du altzairutegiak, baina dagoeneko jakinarazi du bere asmoa apurka erritmoa handitzea dela. Abenduan gelditu zenean bost txandatara ziharduen—ia 70.000 tona hilean—. Ekoizpen betean dagoenean behin-behineko 200 langile inguru behar izaten ditu.

Argindarraren prezioa da ACBk duen arazo handiena, eta testuinguru horretan azpiegituraren bertute nagusia kaltegarri bihurtzen da. Erraz eta bizkor piztu daitekeen altzairutegi bat da —egun pare batekin, aski—, eta, beraz, itzali ere bai. Konpainiak ekoizpena murriztu nahi duenean Sestao da itzaltzen errazena. Elektrikoa izanda, baina, konpainiak dituen labe garaiak baino askoz gutxiago kutsatzen du. Egun CO2 emisio bonoa 98 euroan dago, garesti, eta argindarrarekin galtzen duen lehiakortasuna kutsadurarekin berreskuratzen du ACBk.

Baina zergatik izan da negu urduria aurreikuspenak onak badira? Bada, negoziazio garaiak izan direlako, eta ekoizpena noiz itzuliko den jakin gabe zailagoa delako akordioetara iristea. Bi neurri izan dituzte mahai gainean zuzendaritzak eta sindikatuek. Batetik, aldi baterako lan erregulazioen baldintzak eztabaidatu dituzte. Enpresak 2009tik erabili duen malgutasun neurri bat da, ekoizpen gorabeheren arabera.

Aurreko baldintzen indarraldia abenduaren 31n amaitu zen, eta ez da akordiorik egon haiek berritzeko. Sindikatuek ez dute eskaintza onartu, eta orain enpresak bere proposamena igorriko dio lan agintaritzari. Sindikatuek uste dute %75eko soldata saria eta opor egunen banaketa proposatuko dizkiola. Enpresak, baina, momentuz, ez du erregulaziorik aplikatzeko asmorik.

Bestetik, hainbat kontratu etete izan dira neguan. Iragan abenduan sindikatuek argi gorria piztu zuten Arcelorrek lan erregulazio bat egin nahi zuela esanez. Sindikatuen iturrien arabera, azkenean 32 izan dira enpresa utzi duten langileak, 63 eta 64 urtekoak. Ordainduriko kaleratzeak izan dira. Negoziazio berean, zuzendaritzak aldi baterako enpresak erabiltzeari uzteko konpromisoa hartu du. Orain arte behin-behineko langile propio multzo bat zuen, eta aldi baterako enpresa baten bitartez kontrataturiko beste bat. Martxoaren 3aren aurretik azken horiek propio bilakatuko dira.

Deskarbonizatze bidean

Ekoizpen erritmoa handitu nahi izatea zantzu ona da epe motzean. Bigarren ekoizpen lerroa pizteko asmoa epe ertaineko albiste on bezala hartu behar da, epe luzera, aldiz, deskarbonizazio prozesua da ACBren berme nagusia. Lakshmi Mittal konpainiako zuzendari nagusiak esana du ACB izango dela CO2rik isurtzen ez duen munduko lehen altzairutegia. Iazko uztailean emaniko azalpenetan aurreratu zuen altzairutegia energia berriztagarrien bitartez lorturiko argindarrarekin hornitzea dela helburua. 50 milioi euroko inbertsioak iragarri zituen, eta badirudi urte askotarako asmoak dituela Sestaon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.