Makina-erremintak handitzen jarraituko du, baina kasu egin beharko die irabazien marjinei

2021ean, %18,6 handitu zen AFM klusterreko enpresen fakturazioa, 1.571 milioi euroraino, eta, aurten, %7-10 handituko da. Sektoreak pandemia aurreko fakturazioa gaindituko du

Makina-erremintak handitzen jarraituko du, baina kasu egin beharko die irabazien marjinei.
xabier martin
Donostia
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hein handi batean euskal industriaren termometro den aldetik, albiste ona da bigarren sektore osoarentzat makina-erremintaren osasuna biziberriturik azaltzea. Izan ere, pandemiak jota jaitsiera galanta izan ondoren 2020. urtean, 2021.ena suspertzearena izan da AFM klusterreko enpresentzat, eta, Ukrainako gerra dela-eta jokalekua iluntzen ari den honetan, are positiboagoa da euskal industriarentzat jakitea 2022an ere segida izango duela hazkunde horrek: aurreikuspenen arabera, %7-10 handituko da ekoizpena. Salmentek ekartzen duten fakturazioaren ifrentzuan dago edo egon daiteke arazoa, ordea: irabazi garbian. Alegia, AFMko zuzendaritzak ohartarazi du makina-erremintaren benetako erronka, aurrerantzean, «irabazi marjinak defendatzea» izango dela.

Gauza bat baita saltzea, eta bestea, salmentarekin dirua irabaztea. Egungo jokalekuan kostuak izugarri handitu dira, energiarekin lotutakoak, batetik, baina baita lehengaienak eta osagaienak ere, bestetik. Hornidura kateetan egon diren —eta Txinako portuetan COVIDa dela-eta gertatzen ari dena ikusita, egon daitezkeen— etenak eta atzerapenak mehatxu argi bat dira kontratuetan finkatutako epeak betetzeko. Salmentak prezio eta epe jakin batzuetan egiten dira, eta, horiek betetzeko, enpresa batzuek mirariak egin beharko dituzte; hala aditzera eman du Cesar Garbalena AFMko presidenteak. Alegia, gerta daiteke, fakturazioak gora egin arren aurten, irabazi-marjinak gehiegi estutzea.

AFM makina-erremintaren klusterreko buruak ukatu egin du abisu horrek lotura duela sektoreko enpresek egungo inflazioari aurre egiteko asmoz soldata igotzearekin. «Ez dagokigu guri soldatak negoziatzen aritzea», esan du Xabier Ortueta AFMko zuzendariak. Edonola ere, Ortuerta sinetsita dago «elkar ulertze bat» egongo dela gehien-gehienetan. Eta gogoratu du 2021eko KPI handiari «erantzun zuzena» eman diotela AFMko enpresek.

Aurten ere, hazkundean

Batera edo bestera, makina-erremintan susperraldi nabarmena gertatzen ari da pandemiak eragin zion zulo handiaren ostean, eta 2021. urteko %18tik gorako hazkundeak segida izango du 2022. urtean, beste %7-10 igoko baita fakturazioa. Hala, pandemia aurreko salmentak gaindituko ditu sektoreak, bi urteren ondoren, eta 1.700 milioi euro inguruko fakturazioa lortuko du. Ortuetak ohartarazi du oraindik «partida jokatzen» ari dela, baina aurreikuspenak onak direla. 2018ko errekorra parekatzeko (1.800 milioi euro) beste koska bat falta da oraindik.

«Industriarik berritzaileena gara, malguena, eta munduko liderrekin batera lehiatzen gara mundu osoan», adierazi du Garbalena presidenteak; pandemiak eragindako beherakada latza izan baitzen, eta egoera hori bridatzeak ahalegin handia eskatu die enpresei. Fakturazioa ia %20 jaitsi zitzaien, eta jaitsiera hori aurreko urtean izandako ia %10ekoari gehitu zitzaion. Hala, aurreko bost urteetan (2014-2018) sektoreak pilatua zuen %30eko hazkundea ia zerora eraman zutenbi urte txarrek, bigarrena pandemiarena. Iaz, ordea, susperraldia hasi zen atzera, eta %18tik gorako hazkundea lortu zuten,batez beste, makina-erremintan aritzen diren AFMko 126 kideek, tartean DanobatGroup, Fagor Automation, Fagor Arrasate, EtxeTar Group, Ibarmia, Koniker, Zayer...

Goraldi horretan, esportazioek eman diete hauspoa sektoreko euskal enpresei: %23,4 gehitu dira azken urtean. Helmuga nagusiak AEBak, Italia, Alemania, Txina eta Frantzia izan dira. Barne merkatua esaten dioten horretan (Euskal Herria, Katalunia, Galizia eta Espainia), inbertsioa ahul ibili da berriro, eta %5,2 egin du behera eskaeren jarioak. Horiek horrela, AFMko enpresen multzoan munduko seigarren ekoizle taldea osatzen dute makina-erremintaren arloan.

I+G inbertsioa

Garbalena presidenteak —bihar izendatuko dute beste presidente bat AFMko batzar nagusian— azpimarratu du makina-erremintako enpresek inbertsio handia egiteko premia dutela. «I+G atalean inbertitu behar dugu geroa bermatzeko. Hori da gure tresnarik hoberena: inbertsioa. Puntako teknologia garatu behar dugu lehiatzen jarraitzeko, makina berdeak egiteko, kontsumo apalekoak».

Sektorean pisu handia duen beste aldagai bat digitalizazioa da. Gero eta makina gehiago egingo dituzte digitalizazio gehiagorekin. Haien bidez, bezeroarekin duten harremana «luzatu» egiten da, zerbitzu berriak sortzen direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.