ELAren ustez, «ezkerretik eskuinera» doan akordio bat dago fiskalitatea ez ukitzeko

Sozietate zerga %25era igotzea eskatu du sindikatuak, salbuespenik gabe, eta energia enpresen eta bankuen ezohiko irabaziei %50eko errekargua ezartzea

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak jokaleku politikora eraman nahi du zerga sistema aldatzearen eztabaida. Haren iritziko, gaia egun ez dago alderdien agendan, eta norabide horretan presio egin nahi du. Presio da hitza, haren ustez asmo jakin bat dagoelako gaiaren inguruko isiltasunaren atzean, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ere sartu ditu arduradunen zakuan. «Euskal Herrian asko hitz egiten da akordioez. Bada, badirudi herri akordio bat dagoela, ezkerretik eskuinera, sozietate zerga ez igotzeko eta gehien irabazten ez dutenek gehiago ordain ez dezaten», salatu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. Kritikan murgilduz, ezkerreko alderdiei leporatu die fiskalitatearen auziari garrantzirik ez ematea, ELAren ustez behintzat oinarrizko eskakizun bat beharko luke eta.

Sindikatuak EAEko hiru datu plazaratu ditu bere eskaeraren testuingurua azaltzeko. 2007ko zerga bilketaren aldean, ogasunek, iaz, orduan baino 879 milioi euro gutxiago bildu zituzten sozietate zergaren bitartez; aldiz, 1.518 milioi euro gehiago PFEZaren bitartez eta 1.420 milioi gehiago BEZarekin. Egoera hori iraultzeko 11 neurri zehatz bildu dituzte, eta deigarrienak sozietate zergaren ingurukoak dira.

ELAren ustez, sozietate zerga, enpresen irabaziei aplikatzen zaiena, %25era igo beharko litzateke salbuespenik gabe, eta enpresen 2021eko ezohiko irabazien gainean %50erainoko errekargua erantsi beharko litzateke. Mikel Noval ELAren Azterketa Bulegoko arduradunak zehaztu du azken eskaera hori: «Esaterako, energia enpresen kasuan: elektrikoak, erregai saltzaileak... krisi honekin irabaziak asko handitu baitituzte. Edo finantza erakundeei dagokienez: interes tipoen igoerarekin asko irabaziko dutela aurreikusten ari dira».

Lakuntzak nabarmendu duenez, nazioartean zerga gehiago biltzearen aldeko joera bat dagoen arren, Euskal Herrian erakunde publikoak aurkako norabidean doaz. ELAren datuen arabera, enpresen gaineko presio fiskalaren Europako batezbestekoa %40,2koa da; EAEn, berriz, %33,7koa da, eta Nafarroan, %31,7koa. «Joe Biden AEBetako presidentea eta Nazioarteko Diru Funtsa sozietate zergan %15eko zerga tipo finko bat ezartzea eskatzen ari dira. Guk handiagoa izatea nahiko genuke, baina hemen, aldiz, zergak jaisten ari gara», arbuiatu du Lakuntzak. Hego Euskal Herrian %40,2ko hori lortu izan balitz, 4.460 milioi euro gehiago bilduko lirateke EAEn, eta 1.746 milioi gehiago Nafarroan.

Datuak ezkutatzea

Sindikatuaren arabera, Euskal Herrian ez da erraz aurkitzen zenbat zerga ordaintzen duen enpresa bakoitzak, eta ezkutaketa hori «lotsagarria» da. Bizkaiko Aldundia da zenbatekoa zehazten duen bakarra, eta ELAk hainbatetan azaldu du enpresa handiek, batez beste, irabazien %7,3 ordaintzen dutela zergetan. Novalen iritziko, «oso gutxi da», eta aletu du horren atzean mota ezberdinetako kenkariak —berrikuntzetan inbertitzeagatik, ikerketagatik...— daudela: «Kenkariak zulo bat dira zergak ez ordaintzeko. Politika jakin baten ondorio dira». ELAk eskatzen duen %25eko Sozietate Zergaren eredu horretan ezingo litzateke kenkaririk aplikatu, eta, ondorioz, 2.300 milioi euro gehiago bilduko lirateke EAEn, eta 1.746 milioi euro Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.