Kotizazio epea ez duela 35 urtera zabalduko iragarri du Escrivak

Pentsioen erreforma adosten saiatzeko, Espainiako Gizarte Segurantza ministroak beste bilera sorta bati ekin dio sindikatuekin eta patronalarekin batean. Europako funtsak jaso ala ez dago jokoan

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak Donostian egindako protesta, atzo. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bigarren urtez jarraian pentsioen erreforma izango da udazkeneko folletoietako bat. Iaz egin bezala, Espainiako Gobernuak bilera sorta hasi du UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEOE patronalarekin, Hego Euskal Herriko biztanleei eragingo dien etorkizuneko pentsio sistema diseinatzeko. Kotizatu beharreko urte kopurua eta gehienezko kotizazioak igo ala ez dira korapilo estu bateko hari muturrik gogorrenetako bi. Negoziazioak, gainera, erlojupekoak dira, Espainiako Gobernuak urte amaiera arteko epea baitu. Izan ere, negoziazio mahaitik irteten den erreformak Europako Batzordearen oniritzia behar du. Hark ameto egitea ezinbestekoa da Europako funtsen bigarren ordainketa handia egiteko.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroaren ardura izango da negoziazioak bideratzea. Artekari hutsa baino askoz gehiago izango da, hari baitagokio proposamenak mahai gainean jartzea. Berak esana da «baikorra» dela eta eragile sozialak ados jarriko direla uste duela. Iaz gauza bera esan zuen, eta, azkenean, patronalaren oniritzirik gabe onartu zuen erreforma.

Prozesuari ekin aurretik, Escrivak bere proposamenen zertzelada batzuk jakinarazi zituen atzoRNE Espainiako irratiari emaniko elkarrizketan. Esaterako, irmoki ukatu zuen kotizazio epea 25 urtetik 35era zabalduko duela: «Gure proposamena ez da hori izango, inondik ere ez». Pentsiodunen elkarteak eta sindikatuak sistematikoki agertu dira aukera horren aurka, pentsioa kalkulatzeko kotizazio epea luzatzeak erretiro ordainsaria murrizten duela uste duelako.

Egun lan bizitzako azken 25 urteen arabera kalkulatzen da pentsioa. Teorian langilearen lan urte onenak dira, kotizaziorik handiena dutenak. Azken urteetan, baina, joera hori aldatzen ari da, eta langileen herenentzat azken urteak ez dira onenak. Besteak beste, batzuek langabeziara jotzen dutelako erretiroa hartu aurretik. Escrivaren ustez, «buelta bat» eman behar zaio kalkulu sistemari, «ekitatea» aurkitzeko.

Premia eta asmo horiek zehaztuko dute joko zelaia, eta hor garatuko da negoziazioa. Madrilgo hedabideetan zabaldu denez, Escrivak lan bizitzako «urte txar» batzuk kalkulutik kendu ahal izatea proposatuko du. Alegia, langileek kotizaziorik txikiena izan duten urteetako batzuk baztertu ahal izango dituzte. Beste aukera bat kotizazio hutsuneak direlakoak estaltzeko mekanismo bat litzateke. Kotizazio hutsuneak kotizatu gabeko edo %100 kotizatu gabeko urteak dira.

Zurrumurruen arabera, beste aukera bat legoke, kotizazio epea 35 urtera zabaltzea, baina tartean langilearen 25 urterik onenak hartuko direla bermatuta. Escrivaren atzoko adierazpenek, ondo bidean, atea itxiko liokete aukera horri, baina zehaztu du litekeena dela «doikuntza txikiak» egotea. Neurri horrek asko arinduko luke Espainiako Gobernuek pentsioetan ordaindu beharreko dirua.

Europako Batzordeak jarritako etxeko lanei Espainiako eta, bide batez, Hego Euskal Herriko errealitate demografikoa gehitu behar zaio. Egun, Espainiako 55 eta 64 urte arteko populazioa guztiaren %13,7 da, eta oso epe motzean hasiko da pentsioa kobratzen. Erronka handia da belaunaldi ezberdinetako langileen arteko elkartasun akordioan oinarritzen den sistema batentzat.

Kotizazioak, mugarik gabe

Ministroaren beste asmoetako bat gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea da. Kotizazio gehiegizko muga kendu nahi du, eta soldataren araberakoa izatea. Egun, asko jota, 4.139,40 euro kotiza daitezke hilabetean. Aldaketa hori «modu leunean» egingo litzakeela aurreratu du. Sindikatuen aspaldiko eskaera bat da; enpresariak, aldiz, uzkurrak dira, haiek gehiago ordaindu beharko luketelako. Proposamen horren bidea errazteko, gehienezko pentsioa handitzeko aukera aztertuko da. Egun, asko jota, pentsiodunek 2.819,18 euroko hamalau ordainketa jaso ditzakete urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.