BAT dorrea martxan jarri dute, lehen lau solairuak %80 beteak dituela

Euskal Herrian aurretik errotutako 30 enpresa eta 40 'start-up' dira ekintzailetza zentroaren lehen maizterrak. 2023an egokituko dituzte beste lau solairuak

BAT ekintzailetza zentroan dagoen enpresa bateko langileak bilera bat egiten, atzo goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
BAT dorrea martxan hasi da, lehen lau solairuetako bulegoen %80 beteak dituela. Bilboko Bizkaia dorrean —Lehen BBVA dorrea zena— dagoen ekintzailetza zentroa da. Egun 30 enpresak dute bulegoa bertan, gehienak Euskal Herrikoak eta aurretik Bilbon erroturikoak: 40 start-up eta «mundu akademikoko» 50 eragile. Price Waterhouse Coopers (PwC) aholkularitza enpresak kudeatuko du Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren bultzada ekonomikoarekin sorturiko zentroa, Talent Gardenekin lankidetzan.

«Bere garaian enpresa ekintzaile batzuk egin zuten handi lurralde hau, eta orain ekintzaile belaunaldi berri bat behar dugu»: Iñigo Urkullu lehendakariak hitz horiekin eman zion ongietorria atzo BAT zentroari. Baina zer da zehazki BAT zentroa? Bizkaia dorreko zortzi solairu —seigarrenetik hamahirugarrenera, Primark arropa dendaren gainean— hartuko dituen «nazioarteko ekintzailetza zentro» bat da. Egun, lau solairu daude erabilgarri, eta «hurrengo urtean» hasiko dira beste laurak egokitzeko lanekin.

Inaugurazio ofiziala atzo izan zen, hala moduzkoa prentsarentzat. Urkulluk ez ezik, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gonzalo Sanchez PwCko presidenteak ere hartu zuten hitza. Hedabideak deitu zituzten, baina kazetariek ezin zuten azpiegitura bisitatu. Zuzenean eraman zituzten seigarren solairuko ekitaldi aretora, eta galderarik gabeko aurkezpen bat antolatu zuten. Dorreko kudeatzaileekin edo maizterrekin hitz egitea ezinezkoa zen.

Erakundeek eta kudeatzaileek nazioarteko zentroa izatea nahi dutela nabarmendu zuten, baina hor dauden lehen enpresa gehienak euskal jatorrikoak dira. Hor egongo dira, besteak beste, BBK eta BBVA bankuak, Euskaltel, Iberdrola, Mondragon taldea eta Tubacex. Deigarria da Retabet apustu etxea ere BATen egongo dela. Lehen 40 start-up-ei dagokienez, hainbat arlotakoak daude. Gehienak iragan hilaren 5etik daude dorrean.

Fiskalitatea hizpide

Urkulluk bokazio ekintzailea sustatzeko «euskal ekosistema» bat sortzearen garrantzia nabarmendu zuen. Zehaztu zuen norabide horretan 400 milioi euroko «ahalegin fiskala» egiteko prest dagoela. Ekosistema horrek sendoa, lehiakorra, komunikabide onekin loturikoa eta erakargarria izan behar duela azaldu zuen. Alde horretatik, «ekintzailetza sustatuko duen fiskalitatea» goratu zuen.

Zerga politikari eginiko erreferentzia ugari egon ziren aurkezpenean, lau hizlariek aipatu baitzuten. Rementeriak «fiskalitate ausart» baten premia defendatu zuen; Sanchezek, berriz, esan zuen Bizkaiko «inguru fiskala» egokia dela horrelako egitasmo bat bultzatzeko, eta «palanka fiskalak» aipatu zituen. Aburtok ere egin zien aipamena, baina hark erakundeen arteko elkarlana goratu zuen gehiago, baita Bilbok duen komunikazio sarea ere. Aireportua aipatu zuen, eta aurreratu AHTa «aurki» iritsiko dela.

Eriz Sainz Gurtubai da BATen zuzendaria. PwCk aukeratu zuen kargurako, eta Jordan Guardo haren albokoa izango da. Guardok zazpi urte egin ditu Bilboko Udaleko aholkulari gisa. PwCk lehiaketa publiko bitartez lortu zuen kudeaketa. 18,8 milioi euroko eta hamabost urteko kontratua da. Impact Hub Ingalaterrako enpresak helegitea jarri zion erabakiari, baina gero bertan behera utzi zuen, PwCrekin akordio bat lortu ondoren.

Bestalde, Bilboko EH Bilduko taldeak gogor kritikatu du udalak Bizkaia dorrean eginiko inbertsioa. Koalizio abertzalearen arabera, udalak, guztira, 26,5 milioi euro gastatu ditu dorrean. Nabarmendu du bilbotarrei «oso garesti» irtengo zaiela egitasmoa, eta gastu hori «gardentasunik gabe» eta «justifikaziorik gabe» egin dela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.