Jaurlaritzak bete egingo du langile publikoentzako Madrilen igoera: %2,5

Nafarroako Gobernua soldatak %3ko igota ari da prestatzen aurrekontuak. ELAk eta LABek ez dute onartzen Espainiako Gobernuaren «murrizketa» eta Hegoaldeko gobernuen «antzerkia»

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, atzo. IREKIA.
Xabier Martin - Maddi Iztueta Olano
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hegoaldeko langile publikoek erosteko ahalmena galduko dute aurten ere. Sindikatuek jakinarazi dute langile publikoen lansaria %2,5 igo nahi duela Espainiako Gobernuak datorren urtean, eta, 2010etik Madrilek finkatzen duenez Espainiako Estatuko administrazio guztietako langile publikoen soldata igoera, Hego Euskal Herrikoek ere igoera hori bera izango lukete.

Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak proposatu du 2022an egin zuen %2ko igoera beste %1,5ekoarekin osatzea; 2023an lansariak %2,5 igotzea, eta 2024an, %2. Horrez gain, 35 orduko lanaldian sakontzeko aukera eskaini die langileen ordezkariei, eta baita «barne promoziorakoa eta mugikortasunerako hobekuntzak» ere. Hala azaldu zuten CSIF eta UGT sindikatuek atzoiluntzean, alorr horretako ministerioarekin batzartu ondoren.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak iragarri du «Madrilen agindua» beteko duela, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %3ko igoerarekin ari dela prestatzen aurrekontuak. Baina espero da Iruñea ere Madrilen adosten den kopurura batzea, azkenerako.

Aurten, %2ko igoera ezarri zien langile publikoei Pedro Sanchezen gobernuak, eta, Hegoaldean, %4,4ko erosteko ahalmena galdu zuten funtzionarioek, urte arteko KPIa %6,4 izan baitzen. Ikusteko dago zenbatekoa izango den datorren urteko galera, baina gaur-gaurkoz %10,4 da inflazioa, eta, urte amaierako zerbait apalduko dela espero den arren, erosteko ahalmena nabarmen galduko dute langile publikoek atzera %2,5eko igoera horrekin; baita aurten %1,5eko osagarria jasotzen badute ere.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 160.000 langile publiko ingururi eragingo die neurriak, eta horiei gehitu behar zaizkie elkarte publikoetako beste 40.000 l angile inguru. Sindikatuek desadostasuna adierazi dute, eta ohartarazi dute ez dutela onartzen «halako erabakiak Madrilen hartzea».

KPIaren «etengabeko» igoera kontuan hartuta, ELAko kide Igor Eizagirrek ohartarazi du litekeena dela langileen erosahalmenak %20 egitea behera azken urteetan, proposatutako erreferentzia onartuz gero. Halaber, «irmoki» salatu du Madrilen hartzen diren erabakiak «automatikoki Hego Euskal Herrian ezartzea». Haren ustez, «euskal alderdi politikoek negoziatu behar lituzkete» Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako langileen ordainsariak eta lan baldintzak.

«Hemengo errealitatea»

Bide beretik, LABek salatu du horrelako erabakiak Madrilen hartu eta ondoren Euskal Herrian dekretuz ezartzea. Batetik, adierazi du horrelako jokaerek urratu egiten dutela «langile publikoek negoziazio kolektiborako duten eskubidea», eta, bestetik, zapuztu egiten duela «hemengo errealitateari lotutako zerbitzu publikoak antolatzeko aukera».

Gaineratu du «antzerki hutsa» izango direla datorren asteetako negoziazio eta mobilizazio posibleak, eta «iraingarritzat» jo du Madrilen hizpide den igoera: «Aurrekontuak berriro ere langile publikoon lepo egokitu nahi dituzte».

Eskaerak eskaera, Azpiazuk iragarri du ez dutela aldaketarik egingo: «Gehiago [igo] nahiko nuke, baina dagoena dago». Halaber, nabarmendu du Espainiako Gobernuaren eskuduntza dela langile publikoen soldatak eguneratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.