Gerra Ukrainan

Krimeako sabotajeari aspaldiko eraso zabalenarekin erantzun dio Moskuk

Errusiak Ukrainako hiriburua ere bonbardatu du, eta gutxienez hamalau pertsona hil ditu herrialde osoan. «Ekintza terroristei» modu «oso bortitzean» aurre egingo dietela nabarmendu du Putinek

Suhiltzaile bat bonba baten ondorioz zauritutako emakume bati laguntzen, atzo, Kieven. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Errusiako indarrek azken hilabeteotako erasoaldirik handiena egin zuten atzo Ukrainan, eta, esaterako, ekainaren amaieraz geroztik aurrenekoz, berriro bonbardatu zuten Kiev hiriburuaren erdialdea. Ukrainako iturri ofizialen arabera, erasoaldiak kalte egin die herrialdeko dozena bat inguru azpiegiturari, eta gutxienez hamalau pertsona hil dira eta 97 zauritu Errusiak jaurtitako bonben ondorioz.

Leherketa batek Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu zuen joan den larunbatean, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak atzo ohartarazi zuen «modu oso bortitzean» erantzungo dutela, baldin eta Ukrainak jarraitzen badu Errusian «ekintza terroristak» egiten. Telebista bidez mintzatu zitzaien herritarrei, Errusiako Segurtasun Kontseiluak deitutako bileraren hasieran. «Ezinezkoa zen jada gisa horretako krimenak erantzunik gabe uztea».

Ukrainak ez zuen bere gain hartu larunbateko erasoa, baina gertatutakoa ospatu zuen. Atzo, erasoen harira, laguntza militar handiagoa eskatu zion Mendebaldeari, eta Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, besteak beste, berretsi dute babesa emango diotela. Mendebaldeak, bide batez, Errusiaren jarrera gaitzetsi du.

Krimeako penintsula eta Errusia lotzen dituen zubian izandako eztandaren ondoren, Errusiako indarrek Zaporizhia bonbardatu zuten herenegun, eta erasoan hamazazpi zibil hil zituen, eta 40 zauritu. Ukraina hego-ekialdeko hiria gerra frontearen ia erdian dago asteetan; ez, ordea, Lviv eta Kiev, herrialdearen mendebaldean eta iparraldean, hurrenez hurren. Iturri ofizialek esan zutenez, hiriburuan sei pertsona hil ziren atzo, eta 51 zauritu ziren. Ukrainako agintaritza militarraren arabera, atzo 75 misil jaurti zituen Errusiak, eta horietako berrogei atzeman zituen. Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroak azaldu zuen misil horiek 11 azpiegiturari kalte egin dietela herrialdeko zortzi oblastetan.

Kievek armak nahi ditu

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere herritarrei mintzatu zitzaien telebista bidez. Adierazi zuen Errusiaren erasoek bi helburu dituztela. Batetik, azpiegiturak: «Izua eta kaosa eragin nahi dituzte, eta gure energia sistema txikitu». Eta, bestetik, pertsonak: «Helburu horiek aukeratu dituzte ahalik eta min handiena egiteko». Telegramen idatzitako mezu batean, herritarrei eskatu zien babeslekuetara joateko, horietatik ez ateratzeko eta «eusteko».

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa bira diplomatiko bat egiten ari zen Afrikan, baina eten egin zuen bidaia, Ukrainara itzultzeko. Bide batez, Mendebaldeko herrialdeei eskatu zien aireko defentsa sistema gehiago emateko. Urrunago joan zen Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkularia, eta «hitz gutxiago eta arma gehiago» eskatu zituen.

Bielorrusia da Errusiaren aliatuetako bat, eta hango presidente Aleksandr Lukaxenkok atzo esan zuen agindu duela Bielorrusiako tropak Errusiakoekin batera hedatzea Ukrainako mugatik gertu, argudiatuta Kiev Bielorrusiaren aurkako erasoak «planifikatzen» ari dela. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak «akusazio faltsuak, irrigarriak» egitea egotzi zion Lukaxenkori.

G7 taldekoak —munduko herrialderik industrializatuenak— egoeraz hitz egiteko «urgentziazko» bilera bat egitekoak dira gaur, telematikoki, Zelenskik aurreratu zuenez. EB Europako Batasunak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak erasoak gaitzetsi zituzten, eta nabarmendu Ukraina babestuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.