Gerra Ukrainan

Zelenskik uste du «zantzu onak» daudela EBkoek abioiak ematearen inguruan

Ukrainako presidentea talde komunitarioko kideekin batzartu da Bruselan, eta eskatu die «pragmatikoak» izateko eta «urrats jakinak» egiteko

Zelenski, atzo, erdian, Sanchez (Espainia), Iohannis (Errumania), Morawiecki (Polonia) eta Kristersson (Suedia) atzean dituela. JOHANNA GERON / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Volodimir Zelenskik helburu bat zuen azkeneko bi egunetan Londresera, Parisera eta Bruselara egindako bidaia ofizialean: EB Europako Batasuneko herrialdeek eta Erresuma Batuak konpromisoa hartzea Kievi gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak entregatzeko, edo, gutxienez, bide horretan pausoak ematea. Ukrainako presidenteak talde komunitarioko gobernuburu eta estatuburuek egindako goi bileran parte hartu zuen atzo, eta ondoren Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin eta Charles Michel Europar Kontseilukoarekin batera egindako agerraldian adierazi zuen hegazkinak ematearen inguruan «zantzu onak» daudela.

«Orain, pragmatismoa da nagusi. Armak behar ditugu», nabarmendu zuen. Zelenskiren esanetan, klubekoak Ukrainari armak eta «are hegazkinak» emateaz mintzatu ziren. Ez zuen zehaztu estatuek horretarako konpromisorik hartu duten. Ezohiko Europar Kontseilua gaur bukatuko da, eta Ukrainako presidenteak esan zuen espero duela zantzu onak «urrats jakin» bilakatzea.

Errusiak otsailaren 24an Ukraina inbaditu zuenez geroztik bigarrenez irten da Zelenski handik—abendu bukaeran, Joe BidenAEBetako presidentearekin batzartu zen Washingtonen—, eta herenegun, hasteko, Londresera joan zen, eta Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroarekin batzartu. Downing Streeteko 10. zenbakiko iturriek hedabideei esandakoaren arabera, «uzkurrak» dira gerra hegazkinak bidaltzeko orduan, «oso sofistikatuak» direlako eta trebakuntza handia behar delako. Hori bai, iragarri zuten F-35 eta Typhoon gerra hegazkinak pilotatzen irakatsiko dietela militar ukrainarrei.

Ben Wallace Defentsa ministroak atzo iradoki zuen «ziurrenik gatazkaren ondoren» jasoko dutela formakuntza. Horrekin lotuta, PA berri agentziak atzo Downing Streeteko iturriak aipatuz kaleratu zuenez, Sunakek ez ditu hegazkinak bidaliko baldin eta horrek Erresuma Batuaren segurtasuna arriskuan jartzen badu.

Erasoak areagotu egin dira

Erasorako tankeak bidaltzen hasi da Mendebaldea, baina, oro har, hegazkinak entregatzearen aurka agertu. Londresen egon eta gero, Zelenskik Parisen egin zuen geldialdi bat, eta, han, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batzartu zen. Ukrainako presidenteak armamentu astuna eskatu zien. «Zenbat eta lehenago eduki, orduan eta azkarrago bukatuko da gerra». Erantzun zioten segituko dutela militarki laguntzen, baina zehaztasunik eman gabe.

Eta beste intentzio bat ere bazuen Zelenskiren bidaiak, horren gauzatzea epe luzeagorakoa den arren: Bruselan agerian uztea Ukrainak EBko kide izan nahi duela. «Europako Batasunera hurbiltzen ari gara. Ukraina Europako Batasuneko kide izango da», azpimarratu zuen, Europako Parlamentuan egindako ezohiko saio batean. EBn sartzeko hautagai estatusa du, eta Kievek 2024ko abendurako egon nahi du kide izateko pronto. Bruselak, baina, asmo horiek hoztu nahi ditu. Von der Leyenek atzo erantzun zion ez dagoela «egutegi zurrun bat» horretarako.

Bestalde, Sergei Gaidai Luhanskeko gobernadoreak atzo ohartarazi zuenez, «nabarmen» areagotu dira Errusiak probintzia horretan egindako erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.