Italia, EBko buruhauste berria

Gobernu koalizio berriak gastua bultzatu nahi du, defizita agindutakoaren gainetik handituta, eta erne dabiltza Brusela eta estatu kide batzuk. Bi aste barru aurkeztuko du aurrekontu plan ofiziala

Matteo Salvini Italiako Barne ministro eta Legako liderra, atzo Napolira egindako bisitan. MARCO SALES / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gutxi iraun dio Europako Batasunari Greziak erreskateen aroa azkenik atzean utzi izanak emandako lasaitasuna. Tirabirak piztu ditu honezkero Italiako gobernu koalizio berria —M5S 5 Izar Mugimenduak eta Legak osatutakoa— heldu den urterako prestatzen ari den aurrekontu proiektuak. Erromak gehiago gastatu nahi du, defizit publikoa handituta, gobernuak kanpainan hitzemandako politika batzuk abian jartzeko. Albistea ez zaio batere gustatu Europako Batzordeari, eta hainbat estatu kidek ere zalantzak agertu dituzte. Arauak nahita urratzea leporatu diete Italiako agintariei.

Egonkortasun eta Hazkunde Itunean finkatuta dago zeintzuk diren estatu kideen finantza publikoek bete beharreko irizpideak. Itun horren baldintzek eta ezarpen praktikoak etengabeko eztabaida sortu dute krisiaren joanean. Gehiago gastatzeko eta ekonomia ez itotzeko malgutasuna defendatu duten gobernuek aurrez aurre izan dituzte austeritatearen aldekoak. Azkenean, tirabira horiei konponbide politikoa eman izan zaie: arauak betetzeko luzapenak eskaini izan dira murrizketen truke, oro har.

EBko arauek bi muga zehatz jasotzen dituzte: defizit publikoak ezin du BPGaren %3 gainditu, eta zor publikoa ezin da %60tik pasatu. Aurreko Italiako Gobernuak Bruselarekin hitzartu zuen bide orriaren arabera, defizit publikoa %0,8ra mugatu beharko luke 2019. urteko aurrekontuak, 2020. urtean kontu orekatuak eta 2021. urtean superabit txiki bat aurkeztu baino lehen. Horren ordez, Italiak esku artean duen aurrekontu zirriborroak %2,4ko defizita aurreikusten du. 27.000 milioi euroren aldea dago, eta diru horrekin bi proiektu finantzatu nahiko lituzke: oinarrizko errenta berri bat eta zerga politikaren erreforma, tasa bakarreko sistema batera pasatzeko.

Defizit muga %3ren azpitik egonda, Bruselak ezingo luke, hasiera batean, halako hazkunde baten aurka neurri zorrotzak hartu. Arazoa da Erromak askogatik urratzen duela zorpetzeari dagokion araua. Gaur egun, zorpetzea BPGaren %131,8 da, Europako Batasuneko handienetan bigarrena, soilik Greziaren atzetik, eta zorpetze interesetan gehien gastatzen duen herrialdea da. Zorpetzearen murrizketa bideratzeko urrats egokirik ezean, Bruselak posible du esku hartzea eta Italia zigortzeko bidea hartzea. Batzordeak joan den maiatzean ohartarazi zuen ez zaizkiola sinesgarriak iruditzen Italiak zorra jaisteko egin dituen aurreikuspenak.

Berez, aurrekontu proiektuaren gakoak ofizialki urriaren 15a baino lehen igorri behar ditu Italiak. Haatik, ezinegona bistakoa da, eta hainbat herrialderen kexak entzun behar izan zituen Giovanni Tria Finantza ministroak, astelehenean egindako eurotaldearen bileran. Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak ere ohartarazi zuen Italiaren asmoak ez direla «bateragarriak» Egonkortasun eta Hazkunde Itunarekin.

Malgutasunetik harago

Bruselak badu presionatzeko beste elementu bat. Italiako Gobernua izan zen, Matteo Renziren agintaldian, defizitaren barruan hainbat gastu kontuan ez hartzeko eskaera gehien bultzatu zuena. «Malgutasun horretaz gehien profitatu zen herrialdea da Italia, baina orain badirudi malgutasun horretatik harago jo nahi duela», Dombrovskisen hitzetan. Austeritate dosi gogorren ondoren, bidea eztitzeko bitartekoa izan da arauak betetzeko malgutasun mugatu hori.

Estatu kide batzuen kezkak laburbildu zituen atzo Austriako Finantza ministroak, Hartwig Loegerrek, Ekonomia ministroen bilera baten ondotik: «Eurotaldea familia bat da. Denok nahi dugu Italiak arauak betetzea».

Eztabaida hori gutxi ez, eta Claudio Borghi Lega ultraeskuindarreko diputatu eta parlamentuko aurrekontu batzordeko buruak berpiztu egin du Italia eurotik ateratzeko mamua; esan du herrialdearen arazo asko konponduko liratekeela diru propioa izanda. Espekulazio horiei buruz hitz egiteari uko egin diote Europako agintariek. «Ez dut gehiago hitz egingo horri buruz. Italia euroguneko funtsezko herrialdea da, eta eurogunearen intereserako da Italia indartsu bat izatea, eta alderantziz», erantzun zuen atzo Pierre Moscovici EBko Finantza komisarioak.

Bezperan, tentsioa koska batigo zuen Jean Claude Juncker batzordeko presidenteak. Alemanian hainbat hitzaldi egin zituen, eta esan zuen «euroaren amaiera» zatekeela Italiari gai honetan «tratu berezia» onartzea. «Ez nuke nahi Greziako krisia konpontzeko gai izan ondoren beste krisi bat etortzea Italian». Matteo Salvini Italiako Barne ministro eta Legako liderrak kargu hartu zion atzo. Junckerri eta «beste burokrata batzuei» egotzi zien zorpetzearen arrisku saria igotzearen ardura, eta aurreratu zuen «kalte-ordainak» eskatzeko prest daudela «Italiaren hondamena desiratzen dutenei».

Italiako zorpetzearen prezioak gora egin du gastua handitzeko asmoa iragarri zenetik. Atzo, hamar urteko bonuaren prezioa %3,4ra igo zen, 300 oinarrizko puntuko arrisku saria Alemaniako bonuekin alderatuta. Preziorik garestienak dira 2014. urteko martxotik. FTSE MIB Milango burtsaren indizeak ere %5 inguru galdu du azken astean. Atzo, galera arinak izan zituen (-%0,2). Euroaren kotizazioak ere atzera egin zuen, dolarrarekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.