May, paretaren kontra

Komunen Ganberak gobernuari eskatu dio Irlandako mugarako protokoloa «beste adostasun batekin» ordezkatzeko. EBk ez du berriz negoziatuko

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, Downing Streeteko 10.etik ateratzen, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zer egin behar du gaurtik aurrera Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak? Komunen Ganberako diputatuen gehiengoaren iritziz, Bruselara itzuli behar du backstop-a negoziatzera. Ganberak brexit-aren prozesuan eman beharreko hurrengo pausoez eztabaidatu eta bozkatu zuen atzo, eta ideia arriskutsu batek jaso zituen aldeko behar adina boto (317-301): Irlandan muga gogorra eragozteko protokoloa «beste adostasun batekin» ordezkatzearenak. Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batasunak (EB) hogei hilabete luzez negoziaturiko akordioa irekitzea ekarriko luke horrek, nahiz eta Bruselak negoziazio mahaira itzultzeko asmorik ez duen; Mayk, ordea, haren alderdikide euroeszeptikoen babesa bereganatzeko aukeratzat du, alternatiba horrekin Londresera itzuli eta ganberak brexit-erako ituna onar dezan.

«Beste adostasun» hori zer den, ordea, ez dago batere argi. Bruselak esana du akordioa irekitzeko baldintza bakarra dela Komunen Ganberan alternatiba baterako gehiengo bat egotea, eta, Erresuma Batuko lehen ministroak hori ziurtatuko balu, EB prest egongo litzatekeela negoziazio mahaira itzultzeko. Beste proposamen hori estatu kideen gustukoa izango ote den, hori beste auzi bat da; izan ere, Mayk ez baditu marra gorriak aldatzen, pareta baten aurrean aurkituko du bere burua. Eta pareta baten kontra ariko da ezinezkoa dena lortu nahian. «[Irlandan] Muga gogorra eragozteko helburuak bere horretan jarraituko du», adierazi zuen lehen ministroak atzo, diputatuen iritzia jaso ostean.

Bozketen aurretik, lehen ministroak Graham Brady diputatuak aurkezturiko zuzenketaren alde egiteko eskatu zion ganberari. Zera argudiatu zuen: baiezkoak mezu garbia bidaliko diola EBri, eta hark diputatuen partetik beharrezkoa zuen agindua eta babesa jasoko zituela Bruselara itzultzeko. Mayk, duela bi aste, diputatuei ohartarazi zien ez zutela adierazi zer nahi duten, soilik adierazi zutela zer ez duten nahi; atzoko bozketari esker, erantzuna eskuratu du Mayk. Eta, lorpen horretan, berriz ere Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistaren babesa izan zuen, hamar diputatuek Bradyren zuzenketaren alde egin baitzuten; brexit gogorraren aldeko kontserbadoreek ere —ERG Europako Ikerketa Taldekoek— horren alde egin zuten.

Gaurtik aurrera, gakoa izango da Mayk zer egingo duen, agindu hori izan arren EB ez delako negoziazio mahaira itzuliko. Bruselako atea itxia du Erresuma Batuko lehen ministroak: Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak atzo errepikatu zuen ez dutela backstop-a berriz negoziatuko, adosturikoa itunik «onena» delako, eta, beraz, Erresuma Batuko lehen ministroa alferrik saiatuko dela hori lortzen. Atzoko bozketen aurretik, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea mintzatu zen harekin telefonoz, eta ideia hori bera helarazi zion; halere, badirudi May saiatuko dela Irlandan muga gogorra eragozteko alternatibaren bat lortzen. Horri begira, eta brexit-aren prozesuan lehenengoz, Jeremy Corbyn laboristen buruak adierazi zuen lehen ministroarekin batzartuko dela.

Protokoloa ordezkatzearen aldeko garaipenak hautsak harrotu zituen diputatuen artean, eta horren erakusle izan ziren SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren Westminsterreko lider Ian Blackforden adierazpenak; gogor mintzatu zitzaion ganberari bozketen ostean, eta ordezkariei egotzi zien Irlandako bake akordioari kolpe gogorra eman ziotela.

Lehen ministroak ez badu otsailaren 13rako bestelako akordiorik edo alternatibarik lortzen—eta, lortuta ere, ganberak ezezkoa ematen badio—, hurrengo egunean diputatuek aukera izango dute gobernuak aurkeztuko duen mozio bat eztabaidatzeko eta horri zuzenketak aurkezteko. Helburua atzoko bera izango litzateke: otsailaren 15etik aurrera zer egin adostea.

Akordiorik eza

Atzoko bozketan, Caroline Spelman diputatu tory-aren zuzenketaren alde ere egin zuten diputatuek, alde estuarekin (318-310). Pauso garrantzitsua da: ordezkariek uko egin zioten EB akordiorik gabe uzteari, eta horrek nabarmen zaildu liezazkioke datozen asteak lehen ministroari.

Iritzi hori loteslea ez den arren, paradoxikoa izan daiteke: Mayk ganberaren babesa du oinarritzat argudiatzeko backstop-a ordezkatu behar dela, baina argudio hori bera haren kontra erabil lezakete, gauza bera ohartaraziko diotelako itunik gabeko brexit-aren inguruan. Beraz, gaur-gaurkoz, ganberan gehiengoa dago lehen ministroaren akordioaren aurka eta itunik gabeko brexit-aren alde.

Ikusteko dago azken egoera hori eragozteko beharrezkoa izango den irteera data atzeratzea. Atzo, behintzat, Yvette Cooper laboristak aurkezturiko zuzenketaren aurka bozkatu zuten diputatuek (298-321); horren arabera, otsailaren amaierarako ganberak ez balu akordiorik onartuko, irteera data bederatzi hilabetez atzeratuko litzateke.

Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, atzo atea ireki zion aukera horri, argudiatuta estatu kideak prest egongo liratekeelahori adosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.